Antxoka Agirre: "Tradizioaren altxorra gordetzeko zaletasuna bezainbeste, berritzeko zaletasuna izan dute bertso munduko eragileek azken berrehun urteetan”
Antxoka Agirre –
Bertsolaritza bidegurutzean zenbat aldiz egon den jakin nahi duenak, Antxoka Agirreren doktore tesira jo dezake. Azken hamarkaden analisia ez ezik azken 200 urteen errepasoa ere aurkitu daiteke bertan. Garaiak aldatu zirenero, bertsolaritza aldatu egin zen. Aldatu egin zuten. Ez baitzen berez gertatu, eragileen ekimenari esker baizik. Helburua, jendearekin konektatzea izan zen beti. Bertsolaritza garatzeko eta jendearengana iristeko topaguneak asmatu zituzten, garaian garaikoak, beste kultura batzuetan egiten zutena bertsolaritzaren beharretara ekarrita. Bertsogintza aldatzen saiatzea baino, bertsolaritzaren testuinguru sozio-kulturalean esku hartzea izan zen bidea. Hilabete gutxi barru, tesiaren 1.126 orrialdeak laburbiltzen dituen liburua argitaratuko du Antxokak.
Doktore tesiaren gaia aukeratzeari buruz doktore tesi asko egin litezke. Zuk nolatan aukeratu zenuen bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren historia ikertzea?
Istorioaren hari mutur nagusia aldizkari honetan bertan, Bertsolarin, topa daiteke. Aitak sortu zuen aldizkaria nik 14 urte nituela, eta hasieratik jarri ninduen lanean: marrazkiak egitea asko gustatzen zitzaidan eta ilustrazioak eskatzen hasi zitzaidan. Gutxira, bertsolariei elkarrizketak egiten hasi nintzen, komertzial lanetan gero… eta bizitza osoa egin dut bertan; datorren urtean, hogeita hamar urte.
Zuzenbide ikasketak egin nituen eta epaitegi batean aritu nintzen bizpahiru urtez, baina bitarte horretan ez nion utzi kazetari lanak egiteari: Zumaiako Baleike herri aldizkarian hainbat urtez, Egin irratian kolaboratzen bolada bat, Gaztezulo–n bi alditan… Hori guztia gehiago gustatzen zitzaidanez, kazetari karrera ere egin nuen, eta, bukatutakoan, epaitegia utzi eta lan bila nenbilela, unibertsitateko lan-poltsan eman nuen izena erdi kasualitatez. Nire sorpresarako, berehala deitu zidaten ordezkapen bat egiteko, eta esperientzia berri bat probatzeko emandako pausoa luzatuz joan zen… Hasieratik esan zidaten unibertsitatean bidea egiteko tesia behar nuela. Nik ez nuen garbi ikusten, baina badaezpada ere doktorego ikastaroak egin nituen lehenengo, tesina gero, eta irakasle laguntzaile plaza batera aurkeztu nintzen hurrena. Plaza horrek epe batean tesia egin beharra eskatzen zuen, eta, atera nuenean, ezin izan nuen tesiarena gehiago saihestu.
Prentsak erdaldunei euskarazko kulturaren berri nola ematen zion ikertu nuen tesinan. Durangoko Azokari eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalei buruzko testuak aztertu nituen, eta Txema Ramirez de la Piscina irakaslea izan nuen zuzendari. Askotan, tesinaren jarraipena izaten da tesia, baina ez nekien nola, eta berak planteatu zidan: “Urte asko daramatzazu Bertsolari aldizkarian lanean, hori da gehien kontrolatzen duzun alorra: zergatik ez duzu bertsolaritzaren eta kazetaritzaren arteko harremanean sakontzen? Gaia oso interesgarria da”.
Niri ere interesgarria iruditu zitzaidan. Zirriborro bat egiten hasi eta nahikoa erraz sortu zitzaizkidan lehen ideia batzuk; banekien nondik hasi nintekeen bila, elkarrizketatzeko interesgarriak izan zitezkeen hainbat lagunen kontaktua baneukan… Eta animatu egin nintzen.
Alegia, nahikoa txiripaz iritsi naiz tesia egitera, duela urte batzuk ez zitzaidan burutik pasatu ere egingo horrelakorik; baina, aldi berean, behin puntu horretara iritsita, nahikoa logikoa izan da gai hori aukeratu izana.
“Egoskorkeria horren erruz, askoz lan gehiago eman dit tesiak, 200 urteko historia mediatiko eta sozial batean murgildu bainaiz, baina gustura gelditu naiz”
Elkarrizketa batean irakurri dut ez zeniela jaramonik egin zure tesiko zuzendarien aholkuei. Hori esan omen zuten zuzendariek, Simon Peñak eta Txema Ramirez de la Piscinak, tesiaren aurkezpen ekitaldian, eta horrek mesede egin ziola tesiari gaineratu omen zuten. Zuk, ordea, jaramon egin zeniela esaten duzu.
Tesiaren defentsa ekitaldi formal bat izan ohi da, bere protokoloak dituena. Lehenengo, doktoregaiak bere aurkezpena egiten du; gero, tribunaleko kideek beren iruzkinak eta galderak egiten dituzte, eta, doktoregaiak horiei erantzun ondoren, tribunaleko lehendakariak galdetu ohi du ea entzuleen artean hitza hartu nahi duen doktoreren bat dagoen. Tesi zuzendariek hartu ohi dute hitza hor, normalean doktoregaiaren alde zerbait esateko.
Nire tesiaren ekitaldian ere eskema hori jarraitu genuen, baina nahikoa informala izan zen dena. Hasteko, jende mordoa agertu zen entzutera, gela txiki samarra zen, eta tribunalaren mahaia nahiz entzuleen aulkiak mugitzen aritu behar izan genuen denok sartu ahal izateko. Gero, tribunalaren interbentzioa ere berezia izan zen, batez ere Jon Sarasuarena: oso gauza ederrak esan zituen tesiari buruz, gauza interesgarriak bertsolaritzaren inguruan, eta, tarteka, hitanora ere pasatu zen niri hitz egiterakoan… Total, giro berezia sortu zen, eta eurei tokatu zitzaienerako inspiratuta zeuden zuzendariak ere. Horrela, biek esan zuten tesia egiten ari nintzela ez niela kasu handirik egin, baina horri esker askoz tesi hobea atera zela… Polita izan zen.
Kontua da, hasiera batean, bertsolaritzaren presentzia mediatikoak 1980tik aurrera izandako loraldia zela ikergaia. Baina ikusi nuen loraldi horren hainbat gako lehenagotik zetozela, eta bertsolaritzaren historia arakatzen hasi nintzen. Zuzendariek esaten zidaten ikergaia mugatu beharra zegoela, hasierako planari eutsi behar niola. Baina argi samar ikusi nuen nire intuizioari jarraitu behar niola. Egoskorkeria horren erruz, askoz lan gehiago eman dit tesiak, 200 urteko historia mediatiko eta sozial batean murgildu bainaiz, eta hanka sartzeko arriskuak ere biderkatu egiten ditu zabalera jotzeak… Baina gustura gelditu naiz hartutako erabakiarekin: lanak bestela izango ez lukeen ikuspegi orokor bat eskaintzen duela iruditzen zait.
Tesi bat nahikoa gauza pertsonala da, bakarlan asko eskatzen duena, eta ezinbestekoa da hartutako bidean sinestea… Bestalde, hainbat alderditan bai jarraitu izan ditut euren aholkuak, eta eskertuta nago izan duten pazientziarekin.
“Gramscik esaten zuen subalternoari asko kostatzen zaiola bere ahotsa entzunaraztea eta bere historia idaztea”
Bertsolaritza, ahots subalternoen adierazpena dela defendatzen duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Hegemonikoaren ifrentzua da subalternoa, ertzekoa, nagusitu denak bazterreratua. Kontzeptu zaharra da, Gramscik duela mende bat materialismo marxistari dimentsio kultural bat emateko sortutakoa, eta, egun, hainbat alorretan nahikoa modan dagoena.
Egia da euskararen komunitateak ahalduntze prozesu garrantzitsu bat bizi izan duela azken hamarkadetan, eta bertsolaritzaren prestigioak ere nabarmen egin duela gora, baina agerikoa da bai bata eta bai bestea subalternoak direla.
Kultura modernoa Nazio Estatuen eskutik garatu zen XVI. mendetik aurrera, eta euskararen komunitatea oso ertzean gelditu zen prozesu horretan. Estatuen babesa izan zuten hizkuntzek, hizkuntza hegemonikoek, askoz lehenago ekin ahal izan zioten euren akademiak, gramatikak, estandarizazioak eta alfabetatze prozesuak garatzeari. Bestalde, ahozko kultura ere ertzekotu egin zuen kultura modernoaren garapenak. Inprentaren sorreratik, eliteek kultura idatzi bat garatu zuten, eta goi-kultura deitu zioten horri; herri xehearen kultura, ahozkoa, behe mailakotzat joz. Horrela, hainbat mendetan, diskurtso hegemonikoak zabaldu izan du idatzia zela balio zuena, estatusa ematen zuena eta progresua zekarrena; ahozkoa, aldiz, iraganeko kontutzat hartzen zen, garapenak atzean utziko zuen fosil aurremodernotzat.
Azkenik, bertsolaria bera ere, figura subalterno bat izan da historikoki: pobrea zen aberatsa baino, parrandazalea elizkoia baino, alfabetatu gabea ikasketa ugari egindakoa baino, autoritateari burla eta kritika egin zalea…
Gramscik esaten zuen subalternoari asko kostatzen zaiola bere ahotsa entzunaraztea eta bere historia idaztea. Bada, bertsolaritzarekin ere hori gertatu da: badaude bertsolaritzaren historia jorratu duten lanak, eta ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte, baina partzialak dira batzuk, sintetikoak besteak, eta historia soziala nahiz mediatikoa, esaterako, apenas landu dira.
Nik planteatzen dudana da bertsolaritzaren bilakaera eta garapena subalternoaren bizi indarraren testigantza eder bat dela. Eta historia hori zirriborratzen saiatu naiz.
“Erdi Aroko Europan guztiek partekatzen zuten ahozko kultura, baina XV. mendetik aurrera nobleek, elizako buruek eta burgesia aberatsenak klase kultura bihurtu zuten idatzia”
Nork eta zergatik eman zion bizkarra bertsolaritzari?
Burkek azaltzen du Erdi Aroko Europan guztiek partekatzen zutela ahozko kultura, baina XV. mendetik aurrera nobleek, elizako buruek eta burgesia aberatsenak klase kultura bihurtu zutela idatzia. Eurek sortu zuten kultura popularra terminoa, herri xehearena, ahozkoa eurenarengandik bereizteko, eta bereizketarekin batera hura mespretxatu, debekatu edo erreformatzen saiatzeko. Eta historialari britainiarrak gaineratzen du prozesu hori muturrekoagoa izan zela ertzeko hizkuntza komunitateetako eliteengan: Estatuko Gortean integratzeko uko egin zioten euren hizkuntzari ere.
Bertsolaritzaz topatu diren arrasto zaharrenak XIV. eta XV. mendeko eresiak dira, Martin Ibañez de Labieroren hilobian eta Milia Lasturkoren eresia, biak ere euskal nobleziako emakumeek sortuak. Alegia, bertsolaritza, denek partekatzen zuten kultura zen Erdi Aroan. Ezagutzen den debeku zaharrena ere garai hartakoa da, ordea, 1452ko Bizkaiko Foruek ezarririko profazaden eta hiletarien bertsoen debekua. Euskal Herrian ere hasiak ziren eliteak ahozko kulturari bizkarra ematen.
Debeku gehiago etorri ziren hurrengo mendeetan. Joxe Azurmendik, esaterako, XIX. mendean hainbat elizgizonek bertsolaritzaren aurka idatzitakoak jaso zituen: Jean Baptiste Comoussary, Juan Bautista Agirre, Bartolome Madariaga… Eta Juan Inazio Iztuetaren XIX. mende hasierako testu batean hainbat herritako alkateek eta zenbait epailek bertso saioak debekatzen zituztela jasota dago.
Tesian azaltzen duzun historia erromantizismoaren garaian hasten da.
Kultura popularrari bizkarra eman zioten berak, eliteak, berriro ere kultura popularrarekiko interesa erakusten hasiko dira XVIII. mende bukaeran. Kultura idatziaren sofistikazio gehiegizkoaz nekaturik, sustraien bila hasiko dira eta herri xehearen kulturan topatuko dituzte.
Garai horretan jaioak dira izen abizenekin ezagutzen ditugun lehen bertsolariak: Mardo, Etxahun, Fernando Amezketarra… Bertsolaritzaren historia modernoaren lehen lerroak ere XIX. hasierakoak dira: 1802ko Villabonako eta Tolosako desafioak. Eta handik gutxira azalduko dira prentsan ere bertsolaritzaren aipamenak egiten dituzten lehen testuak. Burkerekin harilkatuz lehen aipatutako aztarna zaharrago batzuei ere erreparatzen diet aurrekari gisa, baina tesiaren abiapuntua hor jarri dut, bai.
“Inspirazio erromantikoko euskal intelligentsiak ekin zion lehen aldiz euskal kulturgintza moderno antolatu bati”
Erromantizismoak askatasunaren aldarria hedatu zuen, eta, horrekin batera, kultura jasoa eta popularra, biak, hauspotu zituen (Beethovenen musika, esate baterako). Nola eragin zion erromantizismoak bertsolaritzari?
Alkateen eta epaileen debekuak jasotzen dituen Iztuetaren testu berean bertsolaritzak jende jantziarengan pizturiko interes berriaren lehen zantzuak ere topa daitezke. Esaldia esanguratsua da oso: “Artikaste aundiakiko gizon jakinti askori aditu izan diotet esaten, guziz ikaragarria dala eskolatu gabeko itz neurtulari oen alainzo edo talentu jakinduriazkoa”.
Europa Erromantikoan jakin-min handia piztu zuen euskarak, kontinenteko hizkuntza zaharrena izanik jatorrizkotzat har zitekeelakoan. Atzerriko antropologoen eta hizkuntzalarien lanek, pixkanaka, oihartzuna izan zuten bertako zenbait figura interesagarrirengan. Iztueta lehenengo, Xaho gero, Abbadia hurrena… Norbere nortasun kulturalarekiko autoestimua igotzen joan zen eta, Euskal Foruak galdu zirenean, erreakzio kulturalista handi bat loratu zen: Lehen Euskal Pizkundearen olatu foruzalea. Inspirazio erromantikoko euskal intelligentsia bat sortu zen, Campion, Manterola eta abar, lehen aldiz euskal kulturgintza moderno antolatu bati ekin ziona, eta kulturgintza horretan bertsolaritzaren garapen modernoa abiarazi zuten.
Ikusi zuten, herria bere hizkuntzan alfabetatu gabe zegoenez, oso nekeza zela euskarazko kultura idatzi popular batek funtzionatzea. Ahozkoak oso ondo funtzionatzen zuen, ordea, oraindik, eta euskaldungoa oso identifikatuta sentitzen zen bertsolariekin. Logikoa, bata ertzeko komunitatea eta bestea ertzeko figura izanik. Beraz, bertsolaritza garatzen eta nortasun ikur gisa proiektatzen hasi ziren. Garai hartan hasiko ziren lehen aldiz bertsolariak herriaren ahotsa direla esaten.
“Lehen urte haietan oso garrantzitsua izan zen atzerriko argitalpenen ekarpena”
Erromantizismoak eman zion bertsolaritzari sarbidea hedabideetara?
Erromantizismoaren fetitxeetako bat bidaia zen, kultura exotikoak, primitiboak, alferrikako artifiziorik gabeak ezagutzeko aukera ematen baitzuen. Bidaia aldizkariak asko ugaritu ziren eta horietako batean agertu zen lehen aldiz bertsolaritza prentsan: 1823an Parisko Journal des Voyages aldizkarian, Crévecoeurrek sinaturiko Souvenirsartikuluan. Antzinako National Geographic moduko batean eta bitxikeria exotiko gisa estreinatu zen, bada, bertsolaritza hedabideetan.
Lehen urte haietan oso garrantzitsua izan zen atzerriko argitalpenen ekarpena. Esan bezala, ‘euskal gaiak’ arrakasta handia zuen Europa Erromantikoan. Gero, bertako prentsa garatzen joan zen neurrian, hemen ere tokia hartu zuen bertsolaritzak. Abbadiaren Lore Jokoen berri emango da urtero 1851tik aurrera, eta Manterolaren Euskal-Erria aldizkariak sekulako bultzada eman zion bertsolaritzaren presentzia mediatikoari 1878tik aurrera. Bertso kronika ere, genero bezala, aldizkari horretan finkatu zen.
Iparragirre omen da bertsolari historiko mediatikoena, zure datuen arabera. Nola gertatu da hori?
Iparragirre bertsolaritza bera baino lehenago bihurtu zen nortasun ikur. Figurak berak, bere bizitza gorabeheratsuak, garaiko jendarteak eta prentsak hainbeste maite zituen heroi erromantikoen osagai guztiak zituen. Gero, Gernikako Arbola medio, dimentsio politiko bat hartu zuen, ‘euskal askatasunen abeslari’ deitzen zitzaion. Eta bi gerra Karlisten bueltan gorpuztu zen ikur bat izanik, gerra horiek nazioarteko prentsan ere dezenteko oihartzuna izan zutenez, urretxuarraren oihartzuna nazioartera ere zabaldu zen. Hemengo egunkariek ez ezik, Espainiako, Frantziako, Argentinako edo Uruguaiko egunkarietan ere dozenaka testutan eman zen bere berri. The Times-en ere argitaratu zen zerbait… Euskaldun gutxi egongo dira The Times-en atera direnak.
Bertsolaritza nortasun ikur gisa eratzeko, aurrekari gisa, erabakigarria izan zen.
Nabarmentzen duzu kulturak garrantzi handia zuela Lehen Pizkundean. Gizartea eraldatzeko tresna bezala erabiltzen zuten orduan?
Esan bezala, Foruak galtzeak eragindako erreakzio gisa eman zen Lehen Euskal Pizkundea. Erakunde politikoen galerarekin herria bera, euskal herria, galtzeko arrisku bizian egon zitekeela konturatu ziren. Ordura arte erakunde politikoen defentsan zentratu zen borroka, baina horiek galdu ondoren, gelditzen zen azken lubakia fronte kulturala zela ikusi zuten.
Erromantizismoak kulturaren eta nortasunaren arteko lotura kontinente osoan zehar bistarazi zuen. Planteatu zen erronka nagusietako bat kultura popularra kultura nazional bihurtzea izan zen, honela nortasun nazionala indartzeko. Horrela egin zen Euskal Herrian, baina baita gainerako beste herrietan ere.
Deigarria da bertsolaritzak egin dituen aldaketa guztietan hibridaziora jo duela. Kultura hegemonikoetan arruntak diren osagaiak hartu ditu eta bere neurrira ekarri ditu. Lore Jokoak ez al dira horren adibide?
Lore Jokoen poesia lehiaketak hainbat herritan egin ziren askoz lehenagotik, baina Abbadiak bertsolariak eta herri kirolak gehitu zizkion idatzizkoari, euskal nortasunaren ikuspegi osotuago bat eskaini nahian.
Lehiaketa idatzia eta bat-batekoa, normalean oso bazterrekotzat jotzen zena, maila berean jartzea ekarri zuen horrek; oso pauso originala garai hartako mentalitatean. Bat-batekoa maila horretan jartzeko, literatura idatziari zegozkion irizpideen arabera baloratzeari ekin zitzaion pixkanaka, eta hibridazio bat eman zen: Labordek azaltzen duen bezala, literatur genero gisa garatu nahi izan zen ordura arte ahozkotasunaren praktika espontaneo bat zena.
Pello Esnalek aipatu izan ditu batetik besterako ezberdintasunak, desafioak eta Lore Jokoetako sariketak alderatuz: desafioetan bertsolariak ziren antolatzaile eta epaile; Lore Jokoetan, garaiko kultur gizon jantzienak. Formari eta hizkuntza zuzentasunari askoz gehiago erreparatuko zaio formatu berrian. Desafioan librean egiten zena sariketetan gaia jarrita egingo da: poesia lehiaketetan egiten zen bezala eta antzeko gaiekin, bertsolarien jarduna bideratu eta ‘jaso’ nahian…
Bertsolaritza antzokietara eraman zuten. Zergatik? Zer eragin izan zuen horrek?
Aipatu berri den prozesuaren barruan ulertu behar da hori ere: bertsolaritza kultura eta ikur nazional gisa saldu nahi zenez, kultur adierazpen dotoreenen pare jarri nahi izan zen formatuari dagokionean ere. Garaiko jendarte kaletarrarentzat ikuskizun moderno batek izan beharko lituzkeen janzkerak eman nahi izan zizkioten prestigioa eta oihartzun soziala areagotu nahian.
Kultura popularraren adierazpen askorekin gertatu zen antzeko zerbait kontinentean zehar. Burkek azaltzen du nola garai bertsuan boxeoa, zezenketak edota zaldi lasterketak, esaterako, asko sofistikatu ziren, plazaren bueltan herri xeheak festa giroan gozatzen zituen libertimenduak izatetik ikuskizun moderno bihurtzeraino.
Esnalek aipatzen du bertsolariek aldaketa horiek nola barneratu zituzten erakusten duen aldaketa: desafioetan elkarren kontra aritzetik, Lore Jokoetan publikoarentzat abestera pasatuko dira.
“Txapelketa funtsezkoa izan da bertsolaritzak fenomeno soziokultural gisa izan duen garapen arrakastatsurako”
Lore Jokoetan gertatu zen bezala, bertsolaritzak sarri erabili ditu txapelketak hedapenerako. Mesede egin al dio joera horrek bertsolaritzari?
Presentzia mediatikoa eman dio, eta presentzia mediatikoarekin oihartzun soziala eta prestigioa. Bestalde, bertsolaritzak izan duen bilakaeran funtsezkoa izan da txapelketa formatua. Izatez, bertsolaritzaren historiako hainbat eta hainbat mugarri txapelketen bueltan sortu dira; Bertsozale Elkartea 1986ko Txapelketa Nagusia antolatzeko sortu zen, adibidez.
Aspaldidanik, txapelketak bertsogintzan dituen eragin kaltegarriak aipatu izan dira tarteka. Ni horretan ez naiz sartu, ez da nire gaia. Nik seinalatzen dudana da Txapelketa funtsezkoa izan dela bertsolaritzak fenomeno soziokultural gisa izan duen garapen arrakastatsurako.
“Zenbaitetan, sortzaile izan dira berrikuntzetan, eta, beste hainbatetan, oso adi egon dira atzerrian topa zitezkeen berrikuntzei”
Azaltzen duzun bilakaeran nabarmena da bertsolaritza etengabe aldatzen aritu dela, garaian garaiko testuinguruan ahalik eta modu eraginkorrenean funtzionatu ahal izateko. Historiari erreparatuta, tradizioa bezain berezkoa al du bertsolaritzak aldaketa?
Dudarik gabe. Tradizioaren altxorra gordetzeko zaletasuna bezainbeste, berritzeko zaletasuna izan dute bertso munduko eragileek azken berrehun urteetan, eta bi pultsio horiek modu orekatu batean uztartzen asmatu dutelako iritsi ahal izan da gaurdaino horren osasuntsu. Zenbaitetan, sortzaile izan dira berrikuntzetan, Abbadiak egin zuen bezala, eta, beste hainbatetan, oso adi egon dira atzerrian topa zitezkeen berrikuntzei. Manuel Lekuona bat bere garaiko antropologiarik aurreratuenaren jakitun zen bertsolaritzaren inguruko ikerketa abiarazi zuenean. Edo Aitzolek berak ere ondo ezagutzen zituen Europan kultura popularraren lanketarako burutzen ziren ekimenak.
Bertsolaritzaren historia mediatikoak ere erakusten du joera hori. Bertako prentsa oraindik hastapenetan zenean, Duvoisinek Lore Jokoei buruzko argitalpen espezializatu bat egin beharra planteatu zuen. Edo irratia munduan zabaltzen hasi berria zenean, euskarazko lehen irratsaioan bertsoa osagai garrantzitsua izan zitekeela ulertu zuten Zubimendik eta Luzearrek… Eta bertsolariak eurak ere irekiak eta probatu zaleak izan dira gehienean. 1936ko txapela irabazi berritan Txirritak irratian bota zuen bertsoan ikus daiteke, adibidez, jarrera hori: “Inbentu ederra egin digute/gure euskera zabaltzeko; / inpernutako sorgiñak dira / nere ustetan tarteko! / bañan alare onik artzen det, / ez da gauza tristetzeko, / baldin emendik kanta al badet / euskaldunak agurtzeko”.
“Txirritaren omenaldiko argazki ikonikoan ageri zirenek sufritutakoek erakusten dute bizi izan zen txikizioaren dimentsioa”
Hego Euskal Herrian 1936ko gerrak Pizkundea eten eta suntsipen handia ekarri zuen. Nola moldatu ziren?
Txirritaren omenaldiko argazki ikonikoan ageri zirenek sufritutakoek erakusten dute bizi izan zen txikizioaren dimentsioa. Aitzol fusilatuta hil zuten; Lekuonak etxe batean ezkutaturik egin zituen lau urte, eta Calahorrara erbesteratu zuten gero beste hamabost urtean; Zubimendi Ipar Euskal Herrira pasatu zen eta bertan hil zen, gutxira; Luzearrek hainbat urte egin zituen kartzelan, eta, handik irtendakoan, Iparraldera ihes egin behar izan zuen, inoiz ez itzultzeko; Basarrik lau urte egin zituen Iparraldean, eta, itzulitakoan, beste bost Espainian zehar, behartutako lanak egiten; Hernandorenak hamarkadak egin zituen Iparraldean…
Frankismoaren negu luzea etorri zen jarraian, eta kasik zerotik berrekin behar izan zitzaion. Basarri izan zen klabea. Trabajadoresetatik libre utzi eta gutxira bertsotan hasi zen berriro. Laster itzuli zen bertsolaritza prentsan jorratzera, eta egunkari falangista baten, La Voz de España-ren, babesletzarekin lehen txapelketa batzuk abiaraztea lortu zuen. Pentsatzen dut odisea bat izango zela beretzat. Autoritate frankisten konplizitatea landuz egin behar izan zuen lan hori guztia.
Bere alde ona ere izan zuen egoera horrek. Hernandorena Iparraldean finkatu zen eta bertako bertso mundua, oso baxu aurkitzen zena, erabat berpiztu zuen. Bertsolariak bildu, txapelketak antolatu, prentsan gaiaz idatzi… sekulako lana egin zuen. Berak deskubritu zituen Xalbador eta Mattin. Izugarri tipo aktiboa zen.
Diario de Burgos egunkarian 1958an argitaratu zuten biolin-jotzaileen lehiaketa batean Basarri delako batek irabazi zuela eta bigarren postuan berdinduta gelditu zirela Uztapide, Mattin eta Shalvador izeneko hiru gizon. Zer izan zen hori?
Hernandorenak antolatu zuen txapelketa baten finala Parisko Euskal-Etxera eraman zuen. Hainbat gonbidatu ilustrek jarraitu zuen saioa: bertan erbesteratuta bizi zen Agirre lehendakaria, Sorbonako irakasleak, Unescoko kide batzuk… Eta, historian lehen aldiz, telebista bidez emititu zen bertsolaritza. Hernandorena bera izan zen bertsolariak lehen aldiz ikus-entzunezko batean jaso zituena, 1933an zuzendu zuen Euzkadi filmean, eta Parisko saiora Tele-Paris eta Alemaniako telebista publikoa bertaratzea lortu zuen.
Hainbat irratik eta egunkari mordoxka batek ere eman zuten saioaren berri, eta EFE agentzia frankistaren testuetaraino iritsi zen gertatutakoaren oihartzuna. Un español primer premio del concurso internacional de violíndarama izenburutzat agentziak sinatu eta Diario de Burgos-ek argitaratutako informazioak. Frankismoak bertsolaritzaz zuen ezagutzaren maila erakusten du titularrak.
Hala ere, esan beharra dago egon zirela euskal frankista batzuk bertsolaritza ondo ezagutu eta asko estimatu zutenak… Baita eragile gisa garrantzitsua izan zen bakarren bat ere…
“Garai bakoitzean hedabideetan bertsolaritzaz gehien argitaratu zuten sinadurak garaian garaiko bertsolaritzaren eragiletzan zebilen jendearenak dira”
Egunkarian, irratian, telebistan, bertsolaritza aspaldidanik agertu da hedabideetan, baina zure tesian badirudi ez zela berez gertatu. Badirudi eragileen lana beti izan dela ezinbestekoa.
Tesia egiteko prentsa historikoan argitaratutako bertsolaritzaren inguruko testuak biltzen aritu naiz. Lau mila eta piku bildu eta aztertu ditut, eta sinadurei erreparatuta ikusten da garai bakoitzean bertsolaritzaz gehien argitaratu zuten sinadurak garaian garaiko bertsolaritzaren eragiletzan zebilen jendearenak direla. Manterolak bertsolaritzaren inguruko testu mordoa argitaratu zuen prentsan, Aitzolek ere bai, Zubimendik, Basarrik, Hernandorenak, Zavalak… Bazekiten bertsolaritza jendarte modernora egokitu eta garatzeko hedabideetan atera beharra zegoela, eta ahalegin handia egin zuten.
“Framing berriak aldaketa handiak ekarri zituen: bertsolaria ez da jaiotzen, egin baizik, eta honenbestez baserritarra bezain kaletarra, euskaldun zaharra bezain euskaldunberria, gizonezkoa bezain emakumezkoa…”
Caro Barojak 1979. urtean Gipuzkoa filmatu zuenean, asmo arkeologikoa zuen, “desagertzera zihoan aberastasun etnologiko bat betierekotzeko”. Bertsolaritza ere pack horretan zihoan. Nola lortu zuen bertsolaritzak patu horri iskin egitea?
Bigarren Euskal Pizkundean inspiraturik kultur ekosistema modernora egokitzeko falta zitzaizkion pausoak ematen asmatu zuelako.
Lehen Pizkundeko eragileak euren praktiketan nahikoa modernoak ziren, baina mugimendu Erromantikoko zenbait ahotsetan inspiratu zirenez, hark bezala diskurtso antimoderno edo tradizionalista bat egiten zuten ohikoan: alegia, ekosistema zaharrean, baserriaren inguruan gotorturik, biziraun zuen euskal mundu horri bere horretan eutsi behar zitzaion kosta ahala kosta. Bertsolaritzaren inguruko irudikapenak ere hor lerrokatzen zituzten: ekosistema zahar horretan bertsotan berez ikasten zuena zen benetako bertsolaria.
1960-1970etako Bigarren Pizkundeak, ordea, ekosistema hori galtzear zela ikusi zuen, eta euskal munduak, biziraungo bazuen, ekosistema modernora, kaletarrera, industrialera, erdarek hartutakora, egokitu beharra zuela. Euskal kantagintza berriaren eta ikastolen mugimenduaren garaiak dira besteak beste.
Bertso munduak garai hortako bizipenetatik bertso eskolen ideia atera zuen. Horrek transmisiorako bide moderno bat eskaini zion eta, irudikapen aldetik, framinga deitzen zaiona, aldaketa handiak ekarri zituen: bertsolaria ez da jaiotzen, egin baizik, eta honenbestez baserritarra bezain kaletarra, euskaldun zaharra bezain euskaldunberria, gizonezkoa bezain emakumezkoa… izan daiteke, garai berrietara egokitzeko funtsezkoa izan dena.
Bestalde, 1960-1970 hamarkadetako euskararen mugimendu kulturgiletik ikasita, 1980ko hamarkadatik aurrera gizarte mugimendu gisa antolatuko da bertso mundu hau. Lore Jokoetatik bestelako kultur gizonen alde galdu zuen lidergoa berreskuratuko du bertsolariak Elkartearekin, eta antolaketa modu hori oso eraginkorra dela ikusiko da.
Caro Barojaren filmak Lehen Pizkundeko logikaren alderdi kontserbadoreenari jarraitzen zion: gorde dezagun gure kultura, besterik ez bada ere museo batean. Baina bertso mundua ez zegoen hilotz eder bat izateko prest, nahiago izan zuen arriskatu eta bizirik irauteko beharrezkoa zen metamorfosia burutu.
“BECen 14.000 lagun batzea eta dozenaka mila lagunek hedabideen bidez jarraitzea masa kulturan lehiakorra izatea da”
Bertsolaritza gizarte mugimendu bezala autoeratzen denetik, zer gertatzen da bertsolaritzaren politika mediatikoarekin?
Lehen Modernitatean kultura popularraren biziraupenerako eta garapenako erronka nagusia kultura nazional bilakatzen asmatzean zetzan bitartean, Beranduko Modernitatean masa kulturaren eremuan lehiakorra izatea suertatu da erronka hori. Eta adituek azaltzen duten bezala, Amezagak, esaterako, bertsolaritza da hori lortu duen euskal kulturaren adierazpen bakanetako bat. Finalerako BECen 14.000 lagun batzea eta dozenaka mila lagunek hedabideen bidez jarraitzea masa kulturan lehiakorra izatea da; beti ere euskararen komunitatearen dimentsioen barruan, noski.
Masa kulturako sartu-irten horiek Txapelketa dela medio eta hedabideen bitartez lortu izan ditu bertsolaritzak, baina bertso mugimenduaren apustu sendo baten emaitza dira beste ezer baino gehiago. Sarasuak eta Egañak idatzi izan duten bezala ‘hedatu grinaren belaunaldia’ izan da eurena: aurreko belaunaldiek ere landu zuten ardatz hori, baina azken ziklo honetan apustua askoz ere kontzienteagoa izan da. Komunikazioak gero eta pisu gehiago hartu du Elkartearen zereginen artean eta bere egituran. Alor hori modu profesionalean jorratzen duen gero eta pertsona gehiago dago, bai Elkartearen nahiz txapelketen komunikazioaz arduratuz, eta baita Elkartearen ekoizpeneko produkzio mediatikoa bideratuz. Telebistako Hitzetik Hortzera eta Interneteko bertsoa.eus, bertsolaritzan espezializatutako bi eskaintza nagusiak, Elkarteak berak sortzen ditu.
Hedabideratzearen arriskuak oso presente izan ditu bertsolaritzak. Nola egin die aurre?
1990eko hamarkadaren hasieran, bertsolaritzaren boom famatua izan zen. Saioak biderkatu egin ziren, horietara bertaratzen zen zale kopurua ere bai, eta bertsolaria telebistako programa eta ekitaldi publiko guztietara eraman beharreko pertsonaia bihurtu zen. Joxerra Garziak kontatzen du 1993an Egañaren txapelaren berri eman zutela partida baten erdian, Anoetako markagailuan, eta sekulako burrundara eragin zuela harmailetan…
Ordura arte ezagutu ez zen abiadura bat hartu zuen bertsolaritzak, eta bertigo puntu bat ere sartu zitzaien mugimenduaren buru zebiltzenei. Hitzetik Hortzeraren itzelezko audientziekin kointziditu zuen horrek guztiak. Bistakoa zen telebistaren indarrak eragin zuela booma neurri handi batean, baina, arrakastaren distirarekin itsutu beharrean, gogoeta oso interesgarriak egin zituzten hedabideratzearen arriskuez: telebistan gehiegi ateratzeagatik, publikoa eta bertsolariak saturatu eta erretzeko arriskua; bertsoaldi onenak emanez edo fokua elitean bakarrik jarrita, bertsolaritzaren irudi desitxuratu bat ematekoa; programa hezitzaileago bat egin beharra… Eta ETBk programaren kontrola ematen ez zienez, programa bertan behera uztea erabaki zuten 1994an.
Horixe izan da, hain justu, arriskuei aurre egiteko mugimenduaren errezeta: kontrola lortzea. Horrela, 1997an berriro martxan jarri zenetik, pixkanaka, Elkartearen esku gelditu da programa eta, duela urte batzuetatik, Elkarteko jendeak sortu eta kudeatzen du hasi eta buka.
Gaur egun ez dira arrisku horiek hainbeste aipatzen. Aparra jaisten zenean azpian zer topatuko ote zuten kezkaturik zeuden orduko eragileak eta 1994tik 1997rako geldialdi horretan ikusi zuten likidoa ere gora egiten ari zela; alegia, telebistarik gabe ere gorantza jarraitzen zutela bertsolaritzaren datuek. Bestalde, denborarekin, bertso mundua abiadura berri horretan bizitzera ohitu dela esango nuke, bertigorik ez duela jada. Azkenik, gaurko panorama mediatikoa eta duela 30 urtekoa ere ez dira berdinak: publiko gazteagoa Interneten murgildu da eta telebistak ez du hainbesteko audientziarik.
Bere garaian, Sarasuak telebista energia nuklearra zela utzi zuen idatzita. 1990eko hasiera hartako boomean beste faktore batzuek ere kointziditu zuten, ordea. Hitzetik Hortzera erreaktore nuklearra izan bazen, Egañaren belaunaldia uranio ezin aproposagoa izan zen, eta Lujanbioren belaunaldiarekin izandako fisioa ere funtsezkoa suertatu zen. Hertzainak edo Negu Gorriak bezalako taldeekin egindako lehen hibridazioak…
“Hitzetik Hortzera erreaktore nuklearra izan bazen, Egañaren belaunaldia uranio ezin aproposagoa izan zen, eta Lujanbioren belaunaldiarekin izandako fisioa ere funtsezkoa suertatu zen”
Esan al daiteke gaur egun bertsolaritzak 2. boom mediatiko bat bizi duela?
Datuek honakoa diote: 1980ko finalari buruz 30 testu argitaratu ziren prentsan; 1993koari buruz, lehen boomaren gailurrean, 127; eta azken finalari buruz, 2017an, 148.
Egia da testu gehien izan zuten bi finalak 2005ekoa eta 2009koa direla, 193 eta 189 testu hurrenez hurren. Esango nuke hor bai egon zela bigarren boom mediatiko bat. Azken urteetan pixka bat behera egin dute nik dauzkadan datuek, baina papereko egunkarien datuak dira eta liteekeena da paperean argitaratzen den prentsa klasikoaren krisiak distortsioren bat eragin izana. Bestalde, Interneten eta sare sozialetan mugitzen dena ere hartu beharko litzateke kontuan. Ez daukat datu kuantitatiborik, baina hor ari da ematen hazkundea azken urteetan…
“Prentsa historikoan bildu ahal izan ditudan bertsolaritzaren inguruko lau mila testu horietatik, %0,7k baino ez dio egiten aipamenen bat emakume bertsolariei”
Atal bat eskaini diezu emakume bertsolariei. Gaur egun, eskolarteko gazte mailako txapeldunen artean %46 dira emakumezkoak eta %53 gizonezkoak, 1989-2019 artean. Helduaroan, berriz, lautik hiru inguru dira gizonezkoak eta lautik bat inguru da emakumezkoa. Entzun izan dut nerabezarotik helduarorako trantsizioan historiaren zama nabaritzen dutela emakume bertsolariek. Nola zamatu da historia?
Prentsa historikoan bildu ahal izan ditudan bertsolaritzaren inguruko lau mila testu horietatik, %0,7k baino ez dio egiten aipamenen bat emakume bertsolariei. Bildu nituen testu bakan horiekin artikulu bat idatzi nuen aldizkari honetan bertan, iaz…
Emakumeak eremu publikoa betaturik izan du luzaroan. Beraz, plazan egin izan den bertsoa ere bai, eta beste hainbeste gertatu da hedabideekin ere, plazarik publikoena baitira hauek.
Emakume bertsolarien historia isilarazitako bertsolarien historia bat da. Subalternitate bikoitza bizi izan dute, eta, ondorioz, kasik ikusezinak izan dira. Beraz, normala da gaurko emakumeek isiltasun eta ikusezintasun horren zama nabaritzea.
“Etorkizunerako potentzial handia du bertsolaritzaren hedabideratzeak”
Historiaren ikuspegitik, testuinguru mediatikoa erabat aldatu den garai honetan, zer egin beharko luke bertsolaritzak?
Bere ibilbide historiari leiala izan; hedabideratzeko eta horren formatu berriak probatzeko apustuari eutsi.
Kultura mediatuaren garaian bizi gara, gure kultur kontsumoaren funtsezko zati bat hedabideen bidez gauzatzen dugu. Beraz, hedabideratzeari ezin zaio uko egin.
Ari dira horretan. Iruditzen zait Elkarteak ondo asmatu duela ekoizpen propioa eta hedabideekin egin beharreko elkarlana uztartzen; bi alderdiak zaindu beharko dira eta bietan sakontzen jarraitu.
Bestalde, prentsan, irratian eta telebistan eredu garatu bat lortu ondoren, formatu berrienean ere, Interneten, lan handia egin dela esan beharra dago. Webgune korporatibo mordo bat jarri du abian Elkarteak, 2001ean, nahikoa goiz, hasita: bertsozale.eus, mintzola.eus, bdb.bertsozale.eus, bertsoikasgela.eus, lanku.eus… herrialde bakoitzak bere ataria du bertsozale.eus-en… webgune horietatik eta erakundearen hainbat egituratatik sare sozialetan hainbat kontu zabaldu dira… Eta bertsoa.eus-ek ere funtzio garrantzitsua betetzen du hedabide digital espezializatu gisa.
Seinalatu beharra dago Interneten ezaugarriak oso ondo egokitzen zaizkiola bertsolaritzari: Bertsoa sorkuntza multimedia bat da ahotsa, testua eta irudiarekin, eta Internetek eskaintza multimedia ahalbidetzen du; bat-batean sortzen den performancea izanik, egokia da streaming bidez eskaintzeko; Sarearen edukiera mugagabea eta berehalako eguneratzea aukera-aukerakoak dira bertsolaritzak azken hamarkadetan garatu duen produkzio masibo eta azkarrari erantzuteko; eta Interneten aldebiko komunikazioa, elkarreragintasuna, funtsezkoa izan daiteke bertsolaritzarena bezalako mugimendu zabal, anitz eta horizontal bat artikulatzeko.
Laburbilduz, esango nuke etorkizunerako potentzial handia duela bertsolaritzaren hedabideratzeak. Ondo antolatuta dagoen mundu bat da, alor honetan ibilbide garrantzitsu bat egina duena, eta gazte asko erakartzen duena. Arriskatzen jarraitu beharra egongo da, noski, arriskurik hartu gabe ez baitago etorkizuna irabazterik, eta arrisku nahiz berrikuntzak jarraikortasunarekin modu orekatu batean uztartu beharko dira, baina itxura ona hartzen diot hurrengo urteetan etor daitekeenari.