Ane Labaka: "Txapelketan esperimentuetarako leku gutxi dago, eta hala ere asko dugu esperimentatzeko umorearen alorrean"

Iraitz Mateo-(r)en argazkia Iraitz Mateo 2019-10-11
Argazkiak: Conny Beyreuther

Ane Labaka –

Umoreaz baino umoreez hitz egiten du Ane Labakak, pluralean. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak emandako saria jaso eta umorea, generoa eta bertsogintza uztartuz bi ikerketa lan egin ditu: Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik, lehena, eta, bigarrena, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik. Erabiltzen den umorea genero sistemak nola markatzen duen eta umorea bera ere nola erabil daitekeen erresistitzeko nahiz genero sistemak ezarritakoarekin hausteko aztertu du lehen lanean. Eta bigarrenean, berriz, uztarketa eta tentsio horiek nola eman diren 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian.

 


 

 

Bi ikerketa egin dituzu, bertsogintzan umore sistemaren eta genero sistemaren uztarketari erreparatu diozu. Zer dela-eta hautatu zenuen gai hori?

Hasiera batean, uste nuen modu intuitibo batean aukeratu nuela gaia. Banekien genero aldetik aztertuko nuela bertsogintza, umorearen alorra sakondu gabea zegoela ikusi nuen eta horixe ikertzea erabaki nuen. Hala ere, hainbat lagunekin hitz egin ahala ohartu naiz ez dela kasualitatea. Izan ere, bertsolari gisa neuk ere umorearekin zerbait banuela ikusi dut. Amaia Iturriotzek kontatzen du bertsotan hasi ginenean beti esaten zigutela zein onak ginen gai serioetan. Umorean txarrak ginenik ez ziguten esaten, baina hori barneratu genuen; eta horrek eragina izan du, noski. “Arrazoi potoloak” kantatzen genituen neskok bertso eskolan, mutilak zortziko txikiarekin lotzen den bertsokera garatzen ari ziren bitartean. Baina bestalde, gero konturatu naiz, giro feministetan antolatutako saioetan-eta beste umore mota bat ere sortzen dela, eta hor eroso sentitzen nintzela.

Bi ikerketak bata bestearen jarraipen bezala uler daitezke?

Ez nuen hasieratik buruan bi egitea, baina lehenegoa amaitzerakoan, sakontzeko aukera bazegoela ikusi nuen. Eta, ondoren, ikasketa feministak eta generokoen masterra egiten nengoela, aurrez egindako ikerketa oinarri hartuz, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik egitea erabaki nuen.

Bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai, genero ikuspegitik da lehen egin dudana. Boterearekin harreman zuzena duten bi eremu egungo bat-bateko bertsolaritzaren testuinguruan aztertu ditut. Hau da, genero-sistema eta umore-sistema nola uztartzen diren. Bigarrenean, berriz, aurreko ikerketa laneko ideia nagusiak oinarritzat hartuz, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia aztertu dut ikuspegi horretatik, marko zehatzera ekarri dut.

Lan batean zein bestean, elkarrizketek hartu dute prozesuaren zati handi bat. Zer kontatu dizute?

Lehenengorako, 11 emakume elkarrizketatu ditut. Guztiak ez dira bertsolariak, ordea. Umorearen inguruan hausnartu edota umorearen munduan lanean dabiltzanekin ere hitz egin dut: Beatriz Egizabal ipuin kontalari eta klownarekin, Idoia Torregarai umoregilearekin, Aitziber Garmendia aktorearekin edota Irantzu Varela ekintzaile feministarekin. Belaunaldi ezberdinetako emakume bertsolariak elkarrizketatu ditut bestetik: Alaia Martin, Uxue Alberdi, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Agirre eta Maialen Lujanbio. Bigarren lanean, bertsolari, gai-jartzaile eta Txapelketaren bueltan ibiltzen diren adituak elkarrizketatu ditut. Eta, modu batez edo beste batez, guztiek azaldu didate umoreak pisu handia duela eta gizarte praktika bat dela.

Zure ikergalderetako bat umorea definitzearekin lotuta dago. Zer da umorea?

Zaila da umorea definitzea, baina ia guztiek aipatzen zuten giza-gaitasun edota jarrera bat dela. Umorea egiteko, ordea, elkarreragin batek egon behar du; hau da, publikoarekin harreman bat izan behar duzu. Horregatik, umorea egiten duenak seguru egon behar du, eta, beraz, gune seguru eta erosoetan baino ez da egiten umorea.

Umoreaz beharrean, umoreez hitz egiten duzu zuk, pluralean. Zenbat umore mota daude?

Ezagunena den umore hegemonikoaz gain, beste hamaika umore daude. Azken Bertsolari Txapelketa Nagusia izan zen horren erakusleetako bat. Izan ere, iraultzea xede duen umorearen pitzadurak hasi ziren ikusten.

Umorea aztertzeko umorearen hiru noranzko banatzen ditut lanean: goitik beherakoa, parez parekoa eta behetik gorakoa. Goitik beherakoa izaten da gehien egiten dena “besteari” buruz egiten dena, gu ez garena da barregarri. Parez parekoa berdinetik berdinera gauzatzen dena litzateke. Eta behetik goranzkoa, aldiz, zapalduak zapaltzaileaz egiten duena, erresistentziarako nahiz pauso bat gehiago emanda transgresiorako bide dena.

Umore-sistema eta genero-sistema elkar lotuta al daude?

Umore-sistema eraiki egiten da, eta gizarteko genero-sistemaren baitan egiten da gehienetan. Beraz, lotuta joan ohi dira. Umore neutroaz hitz egiten da sarri, baina ustezko umore neutro hori ez da existitzen. Umore horrek maskulinoa izaten jarraitzen du, urteetan zehar “neutraltasuna” eredu maskulinoen gainean eraikitakoari deitu izan zaiolako. Gizon zuri heterosexuala ez den oro izan da urte luzez burla egiteko objektu.

Eta bi sistemak gehiago korapilatzen al dira bertsogintzan?

Bertsolaritzan, tradizioa, publikoa eta batez ere bat-batekotasuna gehitzen zaizkie aurrez aipatutako sistema horiei. Izan ere, hainbat ikerlariren arabera, bertsogintzan beti pisu handia izan du umoreak; jendea irri egitera joaten da saioetara. Baina nolako umorea izan da? Goitik beherakoa ia beti, nahiz eta orain badauden beste mota bateko umorea egitea ahalbidetzen duten espazioak.

Bestetik, publikoa dago. Umorerako gutxienez bi pertsona behar dira, umorea egiten duena eta irri egingo duena. Publikoak oraindik gauza jakinei egiten die barre, eta, bertsolariek umore hegemonikoa alde batera uzteko, publikoan ere eman behar da aldaketa. Baina, bertsolaritzak duen erronka zailenetakoa hori guztia bat-batean egin beharra da. Formari dagozkion muga zurrunak bete behar dira, urjentziaz sortzen den jarduna da eta, beraz, bi aldiz pentsatzeko denborarik ez duzu. Horrek, inertziei eta topikoei leku gehiago egiten die.

Emakumea umorea egiteko objektu izatetik umorea egiten duen subjektu bihurtzen ari dela aipatzen duzu.

Lehen emakumeaz egiten zuten barre, orain emakumeok barre eginarazten diogu publikoari. Interesgarria da Maialen Lujanbiok hau nola azaltzen duen anekdota baten bidez. Andoaingo saio batean gai-jartzaileak bazkaria egiteari buruzko gai bat proposatu zien bertsolariei, lentejak egiteari buruzko gai bat. Batek bazekien, besteak ez, eta lentejekin bueltaka zebiltzala kontatzen du. Orduan konturatu zen lehenengo aldiz ikusi zituela lehenengo ilarako emakumeak algara batean disfrutatzen. Zergatik? Beraiek zirelako espezialista handienak gai horretan, publiko guztian beraiek ziren autoritate. Orduan pentsatu omen zuen emakume horiek protagonista sentitu zirela beren mundua mikrotik esanda, islatuta ikusten zutelako. Eta orduan egin omen zion galdera bere buruari: “Andre hauek zenbat urtetan egon dira beren burua mikrofonoan aurkitu gabe?”. Gizonezkoek beti ikusi izan dute “euren mundua” errepresentaturik bertsotan, eta emakumeei egin izan diete barre. Orain, gaiak aldatzearekin bat, barre egiteko objketua eta barre eginarazten edo egiten duen subjektua ere aldatzen doaz.

Txapelketaren formatuak mugatzen al du umorea egitea?

Txapelketara aldarte jakin batekin joaten gara. Guztia oso kalkulatua izaten da, eta guztia oso ondo egin behar izaten da aurrera jarraitzeko. Batetik, Txapelketaren egituragatik beragatik: umorea egiteko tarte bakarrenetakoa zortziko txikia edota puntu-erantzunak dira. Eta horietan ere oso modu jakinean egin behar izaten da umorea: bertso bakoitzean, ideia bat; garatzeko ere ez duzu tarterik. Zurruntasun hori dago alde batetik; bestetik, erritmo jakin batzuk errespetatu behar dira, eta gure aldartea ere horietara mugatzen dugu maiz: zortziko handian, serio; txikian, umoretsu; hamarreko txikian, berriro seriotik… Zuzentasun politikoaren eta autozentsuraren afera dago bestetik. Izan ere, Txapelketan, batez ere, zuzetasun politikoa mantentzen ahalegindu ohi gara.

Elkarrizketa batean baino gehiagotan errepikatu den ideia da espazio seguru eta eroso batean egon behar dela umorea egiteko. Txapelketan esperimentuetarako leku gutxi dago, eta, hala ere, asko dugu esperimentatzeko umorearen alorrean.

Txapelketan umoreak leku txikia badu ere, 2017ko BTNko umorea aztertu duzu zuk.

Txapelketan umoreak zein pitzadura edo tentsio eragin zituen aztertu nahi nuen. Lehenengo ikerketan sortutako marko teoriko orokor hori zehatzera ekarri eta teoria feministatik irakurri nahi nuen. Hipotesi nagusia “bazterreko umoreak” esparru hegemonikoagoetara hedatzeko eta horietan zirrikituak sortzeko saiakerak egon zirela zen, eta, modu batean, zuzena zen hipotesia.

Gaur egun, genero-sistemak markatutakoa indartzen duen umore mota ez dago hain onartuta, eta ez da hain txalotua. Bestetik, genero-sistemak markatutakoa iraultzea xede duen umorea pitzadurak sortzen ari da.

Adibidez?

Oihana Iguaranen eta Miren Artetxeren Durangoko zortziko txikia datorkit gogora, umore mota ezberdin bat ekartzeko adibide bezala. Ohiko zortziko txikiko ariketatik urrundu ziren, doinutik hasita. “Doinu pausatuegia” aukeratu zutela esan zuten batzuek, baina, hala ere, izugarrizko saioa egin zuten. Arazoa da publikoa ez dagoela prest horretarako, eta ez zela behar adina baloratu. Hala ere, hor ikusten da Iguaranek eta Artetxek lehenago beste eremu batzuk konpartituak zituztela, eta beraiek prest zeudela beste umore mota bat egiteko. Zure bizitzan inoiz ez baduzu horrela kantatu izan, ez duzu Txapelketako saio bat aukeratzen lehenengo aldirako. Baina, aurrez elkarrekin beste giro batean abestu izan dutela nabaritzen zen, eta giro horretan bertsoaldi horrek berak funtzionatuko zuen.

Jon Martinen eta Agin Labururen arteko bertsoaldia dago bestetik. Hautsak harrotu zituen, kritikak jaso zituen bertsoaldi horrek, eta, lehen oso txalotua izango zen umorea, ez zen horrenbeste txalotu publikoaren zati baten partetik behintzat. Kamiseta arrosa dela eta ez dela gizon hegemonikoa zalantzan jarri zen, eta, ondorioz, umorea modu horretan egitearen eztabaida sortu zen.

 Beraz, nolako umorea egon da Txapelketa Nagusian?

Aipatu beharra dago Txapelketaren markoan umorea mugatua dela, azalari edo formari dagozkion mugak eta mamiari edo edukiari dagozkionak tarteko. Baina hipotesietan azaldu bezala, umorea dela-eta, tentsioak bi norabidetan sortu dira. Batetik, historikoki horren baloratua izan den umoreak, goitik beherakoak, ez du lehen bezain harrera ona izan publiko zati baten aldetik. Bestetik, badira bestelako umore edo “bazterreko umore” deitutakoak erdigunera ekartzeko ahalegina egin dutenak; batzuek gehiago “funtzionatu” dute eta besteek gutxiago. Bertsoaldi horiek erakusten dute umorea arrakalak sortzeko bitartekoa izan dela azken Txapelketa Nagusian. Gainera, Txapelketan zehar zenbait bertsoaldik eztabaida sortu dute. Umorearen mugei buruz hitz egin da eta benetan duen garrantzia aitortzeko bide izan da, eta hori pozgarria da.

Gaztetxotan gai serioetan ondo moldatzea (umorea alboratuz) egozten zitzaizuen bertso eskolako neskei. Orain, bertso eskolako irakasle ere bazara; eredu berriak dituztela uste duzu?

Eredu gehiago badaude, eta beste umore bat egiten duten emakumeen erreferentziak ere ari gara garatzen. Saio hegemonikoenetan oraindik hori zaila bada ere, Ahalduntze bertso eskolan edo Ez da kasualitatea bezalako saioetan (oro har, eremu feministagoetan antolatutako saioetan) beste gaitegi bat eta jarduteko beste modu bat ari da nagusitzen. Oraindik publikoan ere aldaketak eman beharko dira, publikoa ere umorearen parte baita; baina esango nuke, pixkanaka, bagoazela aurrerantza.

Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka  Ane Labaka