Aldizkariko beteranoak

Argazkiak: Bertsolari Aldizkaria

Aldizkariko beteranoak –

Bertsolari Aldizkariak 25 urte bete ditu. Bide luzea da intuizio batetik sortu zen proiektuarentzat. Bidean, noski, aldatzen joan dira aldizkariaren sokatik tiraka aritu diren eskuak. Joxean Agirrerenak hasieratik egon dira soka horri tiraka. Eta eskuak ez ezik, arimaren parte handi bat jarri du Agirrek proiektuan.

«Aldizkariaren sorreran badaude testuinguru mailako arrazoiak eta badaude pertsonalagoak direnak, horrelako proiektuetan parte handi bat pertsonala baita. Garai hartan gogoeta egiteko gaitasun handia zuen bertsolari belaunaldi bat hasi zen agertzen, batez ere Jon Sarasua eta Andoni Egaña. Joxerra Garzia ere hor zegoen, bertsolaria ez izanik ere, bertsoaren teoriko handia. Bestetik, komunikabideetan presentzia hartzen hasi zen bertsolaritza. Amurizaren lehen txapelean akaso ez hainbeste, baina 1982tik aurrerako txapelketei tarte handia eman genien Eginen. Hitzetik Hortzera saioak telebistan arrakasta zeukan… gauza asko zeuden giroan. Eta, gero, zenbait kasualitate eman ziren. Nik Egin egunkarian eszedentzia bat hartu nuen beste proiektu bat egin ahal izateko. Baina proiektuarekin hasita geundela, porrot egin zuen eta bertan behera geratu zen. Horrek zerikusia izan zuen Bertsolari aldizkariaren sorrerarekin, zenbait hilabete izan bainituen nahiko libre. Pentsa, Arin-arin ikastaro bat egin nuen Azpeitian! Eszedentziarenak pisua izan zuen beraz. Bestetik, bertsolaritza oso aldizka tratatzen genuen komunikabideetan, txapelketan bai, baina txapelketatik kanpo apenas, eta buruan sartu zitzaidan posible zela bertsolaritzaren inguruko aldizkari bat egitea bi hilabetean behin». Hasierako asmoa bi hilabetean behingoa bazen ere, ez zen gauzatu eta, hasieratik, Bertsolari hiru-hilabetekaria izan da.

 

Joxean Agirre: “Aldizkarian dena egiten zen modu amateurrean, borondatez eta ahal zen bezala. Publizitatea lortzeko ere kotxea hartu eta toki batetik bestera joaten ginen ate joka. Eta militantziaz egiten genuen, sos bat bera ere irabazi gabe”.

 

«Bertsozale Elkartea berri samarra zen, erronka asko zituen aurrean eta aldizkariarena beste saltsa bat iruditzen zitzaien, gehiegi une hartan. Horregatik, hasieratik ikusi genuen ekonomikoki elkartetik apartekoa behar zuela, dirua beste toki batzuetatik atera behar genuela», gogoratu du baita Joxeanek.

 «Ni primeran gogoratzen naiz hasiera haiekin, nola ez zen batere garbi ikusten aldizkariaren ideia, nola zalantza asko ikusten ziren han eta hemen… Joxean tematu zen aldizkariarekin, ez egoskorkeria kontu batengatik, buruan oso garbi zeukalako zer egin nahi zuen. Buruan garbi zeukan nolako aldizkaria izan behar zuen; buruan garbi irudikatzen zuen nork parte hartu behar zuen eta nola. Buruan oso landua zeukan proiektua», kontatu du Xanti Jakak. 

Modu amateurrean 

Kazetaritza proiektu bat izan da hasieratik Bertsolari, bokazio horrekin sortua eta izate horri lotua. «Andoni Egañak beti izan du kazetaritzarako usaimena. Hasierako urteetan bilera bat egiten genuen urtean, gaiak eta ideiak jasotzeko. Joxerraren gaiak izugarri sakonak, interesgarriak eta indartsuak izaten ziren, baina ez zuten balio aldizkarirako. Andoniren gaiak, berriz, erabat xelebreak ziren, baina denek balio zuten. Andonik badauka sen jostalari hori».

Gai onak baino gehixeago behar da, ordea, aldizkari bat zerotik sortzeko. «Denborarekin gauza batzuk ahaztu egiten dira, baina etxean gogoratzen aritu gara eta hasiera hartan etxeko denek parte hartzen genuen aldizkarian. Batzuek maketatzen, besteek zigiluak jartzen harpidetza orrietan… Aldizkarian dena egiten zen modu amateurrean, borondatez eta ahal zen bezala. Publizitatea lortzeko ere kotxea hartu eta toki batetik bestera joaten ginen ate joka. Gogoan dut hasiera hartan Bertsoa eta sagardoa erreportaje luze bat egin genuela eta sagardotegiz sagardotegi ibili ginela publizitatea lortu nahian. Sekulako mina eman zidan sagardotegi batera joan eta bertako jabeak esan zigunean batzuek soldata ateratzeko lana egin behar zutela eta beste batzuei txorakeriak eginda ematen zigutela soldata. Guk Bertsolari militantziaz egiten genuen, ezer irabazi gabe. Baina ez nuen gogorik izan sagardogile hari azalpenak emateko. Agurtu eta joan egin nintzen».

Lizarran inprimatzen zen aldizkaria eta argazki guztiak paperean bidaltzen ziren hasiera hartan, artean aro digitala iritsi gabe baitzegoen. «Gogoan dut behin inprentatik deitu zigutela, erabat nahastuta, argazki bakoitza non jarri behar zuten galdezka. Ez ginen fidatzen eta Nekanek (hasierako urteetan maketazioaz arduratu zenak) autoa hartu eta bertara joango zela esan zuen. Urbasatik barna abiatu zen, bide motzena zelakoan, eta bidean ez aurrera eta ez atzera geratu zen elurra zela-eta. Hasiera hartan baliabide oso eskasekin ibili ginen», kontatu du Joxeanek.Eta buruhausteetan handienetakoa, diruarena izaten zen. Nola ordaindu inprenta?

 

Xanti Jaka: “Bertso saioak antolatu ziren harpidetzak lortzeko, bertso eskolekin lan egin zen, jende asko mugitu zen borondatez aldizkariaren inguruan…”

 

«Joseba Jakarengana joatea pentsatu nuen. Deitu nion eta iluntze batean geratu ginen elkartzeko. Afalduta zegoen eta ‘goazen behera’ esan zidan. Taberna batera joan eta whiski bat eskatu zuen. Nik txapa guztia bota nion eta bera bitartean isil-isilik egon zen. Bukatu nuenean esan zidan: ‘Aurrera, horrekin aurrera egin behar duzue. Nik anaia gazteari esango diot horrekin arduratzeko’. Lehenengo bizpahiru zenbakiak Zabaltzenek ordaindu zituen», gogoratu du Joxeanek.

«Ni oso era naturalean hurbildu nintzen proiektu honetara. Orduan 34 urte nituen eta bertsolaritzara hurbilduta nengoen, Bilbora joana nintzelako lanera eta zazpi-zortzi urte neramatzalako Santutxuko bertso eskolan. Bestetik, ni Zabaltzenen nenbilen, liburuekin, liburu denden inguruan, banaketa kontuetan, ikastolen munduan… Hanka bat bertsolaritzara lotua nuen eta bestea, lanbideagatik, argitalpenen mundura. Joseba anaiak proiektua aipatu zidanean gustura hartu nuen, mundu hori bizi nuelako, eta asko pentsatu gabe hasi nintzen», agertu du Xanti Jakak. Bere egitekoa ez da hainbeste edukiei, formatuari, argazkiei eta halakoei begirakoa izan, berak bestelako galderak erantzun behar izan ditu hainbat urtetan: Zer egin aldizkariarekin? Nola finantzatu? Nola merkaturatu? Nola iritsi ahalik eta jende gehienarengana?

Lehen hiru urteetan, 1.000 harpide

Egia esan, garai hartan ez neukan jakintza handirik aldizkarien inguruan. Batetik, aldizkaria merkaturatu egin behar zen. Hori ez zen arazo handiegia, liburuekin ere egiten genuen eta zer edo zer bagenekien. Gainera, nabarmendu beharra dago hasierako aleak oso arrakastatsuak izan zirela. Lehen alea agortu egin zen, baita hirugarrena ere. Faboritoena, txirrindulariena, Lazkao Txikirena… horiek denak agortu egin ziren. Lehen aleetan diru iturri nagusia dendetan saldutakoak izan ziren. Baina gakoa harpideetan egon da zalantzarik gabe. Zenbait harpide kanpaina egin ziren hasiera hartan, eta, lehen hiru urteetan, 1.000 harpide izatera iritsi ginen. Lehenengoetan harpidetza gertukoa izaten da; bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak… baina ondorengo urteetan nekezagoa izaten da. Laugarren eta hamargarren urtea bitartean, etxez etxeko kanpainak egin ziren harpidetzak lortzeko, eta 1.600 harpide izatera iritsi ginen. Hori sekulakoa da. Eta beste erpin bat, zalantzarik gabe, publizitatea izan da. Hasieran ez geneukan ideia handirik, eta ate joka joan ginen hara eta hona. Baina, une batean, ikusi genuen babesle handiak topatu behar genituela; kutxak, aldundiak… Garai hartan ez zegoen krisirik eta aldizkariak profil berezia zuen: hain gaztea ez zen jendearengana bideratuta zegoen eta prestigioa zeukan. Horregatik lortu genuen zenbait auto saltzaile eta ostalaritzako enpresa geureganatzea une batean». 

Harpidetza kanpaina horietan, askotariko bideak ibili zituzten aldizkariaren bultzatzaileek, «bertso saioak antolatu ziren harpidetzak lortzeko, bertso eskolekin lan egin zen, jende asko mugitu zen borondatez aldizkariaren inguruan… Nabarmendu beharra dago laguntza hori gabe ez ginela hogeita bost urtera iritsiko», nabarmendu du Jakak.

Txema Garcia: “Nik beti izan dut sentsazioa kazetaritzan dena oso karratua dela. Orrialdeak eta maketak harrapatuta sentitzen nintzen, askotan, diseinatzaile bezala… Bertsolari aldizkarian oso aske sentitu naiz nahi nuena eta sentitzen nuena egiteko”.

 Liburu bilduma ere jarri zuen martxan Bertsolarik, zenbait bertsolariren biografia modernoak bildu zituena. «Auspoak egiten zituen biografiak oso klasikoak iruditzen zitzaizkigun, eta zerbait modernoxeagoa egin nahi genuen», kontatu du Joxeanek. Guztira hamaika liburu argitaratu zituzten; Xanti Iparragirre, Enaz Banaz –Amurizarena–, Imanol Lazkano, Jon Lopategi… baina zegoeneko liburuen salmenta goitik> behera zetorren garaia zen, eta horretan geratu zen bilduma. «Aldizkari bat ginen eta ez geneukan argitaletxe bihurtzeko bokaziorik», esan du Xanti Jakak.

Urtea baino lehen, Argia saria 

Bertsolari aldizkaria ez zen oharkabean azaldu euskal kazetaritzaren panoraman. «Sekulako oihartzuna izan zuen aldizkariak, komunikabide askotan agertu zen. Pentsa, lehen alea maiatzean atera genuen eta, urtebete baino lehen, Argia saria eman ziguten», esan du Joxeanek.

Berritzailea izan zen Bertsolari, orduan merkatuan zegoenaren desberdina, eta arrakasta izan zuen. «Formatua ere ezustekoa zen. Gogoan dut etxean National Geograghipc mordoa genituela eta haiei begira aritzen ginela. Irudiak presentzia handia zuen, argazki asko zituen aldizkariak… Akaso, batzuetan irudi gehiegi ere sartu genituen. Mito bat ere sortu zen, sentsazionalistak ginela, bertsolaritzaren Hola egiten genuela…. baina ez da egia, sekula ez gara sartu familia arteko liskarretan, dibortzioetan eta halakoetan. Gertutasun ariketa bat egin nahi genuen, ez besterik. Bertsolariaren gertuko planoak eman nahi genituen. Bertsolariek badute trikitilariek edo rock musikariek ez duten ezaugarri berezi bat. Bertsolariek pentsatzen dute beren jarduna solemnea eta zurruna dela. Eta bertsolaritza historikoki gautarra eta parranda girokoa izan da. Jendeak gehien maite dituen bertsolariak alprojak izan dira. Rockaren inguruko aldizkarietan, esaterako, gaueko argazkiak agertzen dira, parranda girokoak… Bertsolaritza benetakoa ere hor dago, gauean, parranda giroan, baina ez dugu inoiz lortu hor sartzea. Baina, hala ere, bertsolarien irudi zurrun horren haustura ekarri genuen. Aldizkarian bertsolariak etxean agertzen ziren, astoarekin, segan, lanean…». Informazioaren eta intimitatearen arteko muga, batzuetan, lauso samarra izaten da, eta, batzuetan, marra gorriren bat pasa izan dutela aitortu du Agirrek. «Bertsolariren bat ukatu da hau edo bestea egitera, eta besteren bat haserretu izan zaigu».

Aldiro desberdina 

Txema Garciak urte mordoa darama Bertsolari aldizkaria maketatzen. «Bertsolariak denari buruz abesten du, baina beti ari da besteen bizitzaz eta besteen errealitateaz. Bertsolari aldizkarian lortu zen bertsolariak bere buruari buruz hitz egitea. Oholtzatik jaitsi eta bertsolaria bertsozaleengana gerturatzea lortu zen», hasi da hausnarketa egiten. «Nik beti izan dut sentsazioa kazetaritzan dena oso karratua dela. Orrialdeak eta maketak harrapatuta sentitzen nintzen, askotan, diseinatzaile bezala. Niretzat garrantzitsua da irudiek bizitza hartzea, behar duten tamainan eta behar duten mugimenduarekin… Bertsolari aldizkarian oso aske sentitu naiz nahi nuena eta sentitzen nuena egiteko. Zenbaki bakoitza erronka handi bat zen, aldiro desberdina zelako, zerotik hasi eta osatu beharreko puzzlea bezala. Erronka izugarri interesgarria. Nire helburua, aldizkaria toki batetik edo bestetik hartu, irakurleak gozatzea izan da. Edozein orrialdetan ireki eta irakurlea harritzea izan da nire helburua», kontatu du Txemak. 

Conny Beireuther: “Ni bertsolarien amei argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta bertsolari batzuk lehendabizi beren amen begietatik ezagutu nituen, Xabier Amuriza edo payatarrak, kasu. Akaso horregatik, beti iruditu izan zait familiako argazkiak ateratzen ari nintzela”.

Hasieratik proiektuan egon den beste pertsona garrantzitsua Xalbador Garmendia euskara zuzentzailea izan da, testuak «arima guztiarekin eta ordutegirik gabe» zuzendu izan dituena urte askoan. Xalbador gaixo dago azken urteotan eta dagoeneko ez da aritzen aldizkaria zuzentzen. Baina gaixotasunak baimendu dion azken unera arte horretan aritu da. 

Conny Beyreuther argazkilariak ere bide luzea egin du Bertsolarin, eta eragin handia izan du aldizkariaren estiloa eraikitzen. Bere esanetan, «lotsa pixka batekin eta jakin-min handiarekin» hurbildu izan da beti bertsolariengana. «Aldizkariaren argazkilaritza nahiko ausarta iruditzen zait, naturala. Oso nahasketa orekatua egiten du bertsolarien argazki propioen —beren bidaia eta abenturetako argazkiak– eta bestelako argazkien artean. Badira argazkilari profesionalek ateratakoak —naturaltasunetik–, eta badira kazetariak berak ateratakoak. Denetarik topa daiteke, familia albumetan bezala. Ni bertsolarien amei argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta bertsolari batzuk lehendabizi beren amen begietatik ezagutu nituen, Xabier Amuriza edo payatarrak, kasu. Akaso horregatik, beti iruditu izan zait familiako argazkiak ateratzen ari nintzela. Ohore bat».

Non dago orain? 

Hogeita bost urteren ondoren, non dago orain Bertsolari aldizkaria? «Hasi ginenean bertsolaria hurbildu nahi genuen, gertuko planoak eman nahi genituen; bertsolaria eta bertsozalea hurbildu. Gertutasun hori izan da aldizkariaren hasierako ezaugarria. Baina urteen joanean iruditzen zait giza alderdi hori, gertutasun hori, galtzen joan dela eta espezializaziora jo duela. Adituen aldizkari bat bihurtu dela iruditzen zait», iritzi dio Joxeanek. 

«Akaso bertsolaritzak berak egin duen bide bera egin du aldizkariak. Bertsolari aldizkariak 25 urteotan bertsolaritzak egin duen bidearen argazkia jaso du zalantzarik gabe», gaineratu du Xantik.

Bertsolaritza aldatu da, bertsolariak aldatu dira eta, horien eskutik, Bertsolari aldizkaria aldatu da. Eta, harpideak? «Adin batetik gorako harpide asko ditugu, emakume asko tartean. Egia esan, harpide oso leialak ditugu, askok hogeita bost urte daramate gurekin. Unerik onenean 1.600 harpide izatera iritsi ginen, eta, gaur egun, 1.300 harpidetan gaude. Leialtasuna da gure harpideen ezaugarri nagusia. Gainera, urtero egiten dira harpide berriak». 

«Pentsatzen genuena egin genuen. Hori garbi dago. Eta zenbaki batzuk apartekoak dira. Zabalari buruzkoa, esaterako, nabarmentzekoa da. Oso zaila zen Antonio Zabalari elkarrizketa bat egitea, bigarren galdera egin orduko joan beharra zeukala esaten baitzizun. Eta guk egun-pasa ederra egin genuen berarekin, hizketan eta hizketan. Hori bai, lana egiten zuen tokia erakusteko eskatu, eta paketeak zituela eta hurrengo hilean erakutsiko zigula erantzun zigun. Eta Lazkao Txikiren portadak ere badauka bere xarma. Argazki horiek atera eta gero joan zen ospitalera ebakuntza egiteko, eta han zendu zen», nabarmendu du Joxeanek. 

«Eta aldizkariak badauka beste alderdi bat oso polita. Bertsolaritzan norbait izan dena aldizkarian agertzen da. Gerora bertsoa utzi dutenak, herriak ahaztu dituenak… horietako asko daude aldizkarian, eta hori ere ekarpen garrantzitsua da», gaineratu du Xantik. 

Eta hurrengoei aholkua: «Guk erreleboa eman dugu. Eta poztekoa da aldizkariak jarraipena emango dion lantaldea duelako. Baina, aholku bat emateko baimena hartuz, talde lana zaintzeko esango nieke. Gure ibilbidea, akaso, bakartiagoa izan da, ez dugu talde izaera hori izan, gutxi izan gara eta bakoitza bere lubakitik aritu da. Oso garrantzitsua da talde lana indartzea, taldeak eustea proiektuari, hainbeste urte bizirik daraman proiektu batek aurrera begira bide luzea egiten segi dezan», bukatu du Xanti Jakak.

 

BETERANOAK
Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak  Aldizkariko beteranoak Aldizkariko beteranoak