Joan Jose Alkain
Alkain Iruretagoiena, Joan Jose (izg. Udarregi)
Bertsolari gipuzkoarra (Aia, 1829 – Usurbil, 1895). Aita Zabalak bildu eta gorde ditu haren bertso-paperak (Udarregi bertsolaria, 1966). Ingelesek Donostia erre zuteneko gertaerei jarritako bertsoak ospetsuak dira (1893).
Pernando Amezketarra
Amezketarra, Pernando (j.i. Fernando Bengoetxea Altuna)
Bertsolari gipuzkoarra (Amezketa, 1764-1823). Gaztetatik adierazi zuen agudezia berezia; bitxikeria eta ateraldi zorrotz, azkar eta argietarako joera. Bertsolari handi eta ezaguna izan zen; garaiko bertsolari guztien buru izan zen. Euskal Herri osora zabaldu ziren gizon xelebre eta azkar honen izena eta ateraldiak. Hainbat pasadizo bitxiren ardatz izan zen eta hauek guztiak bilduz Pernando Amezketarra liburua argitaratu zuen Gregorio Mujikak (1927).
Basarri
Basarri (j.i.Inazio Eizmendi Manterola)
Bertsolaria (Errezil, 1913 – Zarautz, 1999). Uztapide eta Enbeitarekin batera bertsolaritzaren lekukorik garrantzitsuena izan zen, Espainiako gerra zibilaren ondoko urteetan. Urte haietan bertso idatzien beherakada nabarmena zenean, horietako asko idatzi eta argitaratu zuen garaiko aldizkarietan. Irratiko esatari eta kazetari ere izan zen; herri-kiroletako artikuluak eta literatur kritika euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zituen. Aldizkarietan argitaratutako bertsoekin hiru bertso-bilduma kaleratu zituen: Basarri’ren bertso-sorta (1950), Kantari nator (1960) eta Laugarren Txinpartak (1966). Bestalde, bertsoz moldaturiko Atano III, bere bizitza bertsotan biografia ere egin zuen (1949). Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusia bitan irabazi zuen (1935, 1960).
Bilintx
Bilintx (j.i. Indalezio Bizkarrondo Ureña)
Bertsolari eta euskal idazle gipuzkoarra (Donostia, 1831-76). Bigarren Karlistadan, liberalen Donostiako batailoietako batekin joan zen boluntario. Donostian bere gelan zegoela karlistek jaurtikitako granada batek harrapatu eta hankak xehakatu zizkion; zauri haietatik hil zen. XIX. m.aren erdialdean Donostian, euskal literaturaren inguruan sortutako mugimenduko olerkari garrantzitsuenetakoa izan zen. Barne-sentimenduak ondo azaltzen jakin zuen; amodiozko poesia erromantiko eta ezkorra landu zuen, batik bat. Herri-poesiako oinarri sendoak zituen eta umorea eta ironia nahasten zituen. Olerkirik ezagunenak: Juana Bixenta Olabe; Ja-Jai; Loriak; Maita nazazu arren; Kontzezirentzat; Juramentuba.
Andoni Egaña
Egaña Makazaga, Andoni
Bertsolari eta idazle gipuzkoarra (Zarautz, 1961). Euskal Filologian lizentziatua da. Bertsolari ugaria eta sendoa bera, Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusian hiru aldiz jarraian izan da txapeldun (1993an, 1997an eta 2001ean). Narrazio-literatura landu du bereziki: Sokratikoek ere badute ama (ipuinak, 1989) eta Pausoa noiz luzatu nobela biografikoa (1998). Zozoak beleari gutun-liburua, Jon Sarasuarekin argitaratu zuen (1997). 1999an Zabalpen Euskadi saria eman zioten nobelarengatik.
Kepa Enbeita
Enbeita Renteria, Kepa (izg. Urretxindorra)
Bertsolari bizkaitarra (Muxika, 1878-1942). Bizkaian kopla zaharretatik bertsorako pausua eman zuen eta bertsolaria tabernatik plazara eraman eta duintasuna eman zion. Txirritarekin Getxon neurtu eta garaile suertatu zen (1905); geroztik, Aberri Egunak zirela medio, sabindarrek mitinetan hitz egitera deitzen zuten. Euskara, aberria, fedea eta baserria gaiak maiz erabili zituen bertsotan. Erraztasun handia zuen bertso zehatz eta dotoreak moldatzeko. Euskadi, Euzkerea, Ekin eta Argia euskal aldizkarietan azaldu ziren haren bertsoak. Sari ugari irabazi zituen Euskal Herrian eta Amerikan, bertso-paperak zirela eta. S. Onaindiak bildu ditu haren bertsoak Enbeita olerkaria (1878-1942) liburuan (1966). – Balendin (Muxika, 1906-86), aurrekoaren semea. Bizkaiko Bertsolari-txapelketa irabazi zuen Mungian (1929), Getxon (1930) eta Bilbon (1958 eta 1959, Gerra Zibilaren ondoren egindako lehenengo bietan). Garaiko euskal aldizkarietan parte hartu zuen bere olerkiekin. Bertso-paper ugari idatzi zituen eta Jesu Kristoren bizitza kontatzen duen antzerki-obra musikal bat prestatu, zuzendu eta bertan parte hartu zuen. Gerra Zibilaren ondorengo bertsolaritzaren suspertzailea eta bertsolari-eskolen lehenengoetariko bultzatzailea izan zen; Euskal Herriko lehenengo eskola sortu zuen (1959). – Jon (Muxika, 1950), aurrekoaren semea. Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun (1975) eta Bizkaiko eta Arabako txapeldun (1990; 1992) izan da; bertso-paper lehiaketak ere irabazi ditu (1977, 1991, 1992).
Etxahun
Etxahun (j.i. Pierre Topet)
Bertsolari zuberotarra (Barkoxe, 1786-1862). Familiako giro txarrak eraginda, izaera bortitz eta arriskutsuko pertsona bilakatu zen. Amodiozko krimen bategatik epaitu eta kartzelaratua izan zen. Bere etxe eta herritik desterratu egin zuten; Santiago eta Erroman ibili zen bere zoritxarra kantatuz. Euskal Herrira itzuli eta festa eta ezteietan koplari gisa ibili eta Santa-Grazin artzain egon zen. Ez zuen inoiz bere lana argitaratu; bere bertsoak ahozko tradizioari esker gorde dira, idatzitako koadernoak sendikoek erre egin baitzituzten. Bi eratako bertsoak idatzi zituen: satirak eta elegiak. Satirak gazte-denborako lana izan ziren, Oi laborari gaxua. Elegietan, herriko giroa azaldu zuen: Ahaide delicious huntan; Biberset dolorusik; Mñndian malerusik; Gaztalondoko neskatillak; Sarrantzeko pastorala; Hiltzerako kantoriak. Bertsolari izateaz gain, poeta ere bazen eta bere bizi zorigabearen emaitza ziren olerkiak idatzi zituen.
Pierre Bordazarre (Etxahun Iruri)
Bordazarre, Pierre (izg. Etxahun-Iruri)
Pastoralgile eta bertsolari zuberotarra (Iruri, 1908-79). Zuberoako tradizioari atxikiriko herri-poeta izan zen; Euskal Herri osora hedatu eta ospetsu egin diren kantuak ondu zituen (Agur Zuberoa). Zuberoako ohizko antzerkira herri-gaiak eramanez, bederatzi pastoral idatzi zituen: Etxahun, 1953; Matalaz, 1955; Berterretx, 1958; Santxo Azkarra, 1963; Iruriko Kuntia, 1966; Txikito Kanbo, 1967; Pette Bereter, 1973; Ximena, 1979 eta Iparragirre, 1980. Euskaltzain urgazle izan zen.
Manex Etxamendi
Etxamendi, Manex (j.b.i Jean)
Bertsolari eta olerkari baxenabartarra (Ezterenzubi, 1873 – Paris, 1962). Ameriketara joan zen artzain eta Wyoming eta Nevadan ibili zen. Bakartasunari aurre egiteko bertsoak egiten zituen. Ezterenzubira itzuli (1899) eta euskal aldizkarietan kaleratu zituen bere bertso eta olerkiak. Ezterenzubiko alkate izan zen. Ez zen plazarik plaza ibiltzen, bertso landuak eta aurretik prestatuak nahiago zituen eta. Gai erlijiosoak eta maitasunezkoak zituen kantagai; bere Amodioa eta Inozent odola olerkiak sarituak izan ziren (1960).
Joan Etxamendi
Etxamendi Larralde, Joan (izg. Bordel)
Bertsolari eta olerkari nafarra (Luzaide, 1792-1879). Jaiotetxetik datorkio “Bordel” izengoitia. Lehen Karlistadan presondegiz presondegi ibili zen. Bertsotan eman zuen bere bizimoduaren berri; antimonarkiko eta antikarlista amorratua izan zen, batez ere apaiz karlisten kontrakoa (Apezen kantuak; Carlisten kantiak; Sacerdoten contrakoak; Carlos zazpigarrenaren kontra). Oso erlijiosoa zen eta egindako kantuez damutu egin zen azken urteetan. Beste hainbat abesti ere egin zituen, guztiak bere bizitzako gorabeheren islada (Donostian soldadu; Lurraren pean sar nindaiteke; Mendekoste Bestetan; Ene andre gaiari; Limite gainian; Oroit gaiten guztiok).
Txomin Garmendia
Garmendia, Txomin
Bertsolari Gipuzkoarra (Berrobi, 1934). Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldun (1967) eta txapeldunorde izan zen (1964). Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ere parte hartu zuen (1982). Betsolari, bertsojartzaile eta artikulugile izateaz gain, Denbora pasa;Bizitzaren arian eta Bertsolari kurpila (1983) liburuak idatzi ditu. Berrobiko alkate ere izan da. Donostian 1984an ospatutako “Bertsolari Eguna” ekitaldian omenaldia jaso zuen.
Joan Bautista Gesalaga
Gesalaga Beobide, Joan Bautista (izg. Zaldubi)
Bertsolari gipuzkoarra (Zarautz, 1884-1957). Bertso-paper ugari idatzi zituen; erlijioa eta santuen bizitza maiz izan zituen kantagai. Antonio Zabalak bildu zuen haren bertso zenbait Zarautz’ko Zaldubi bertsolaria liburuan (1967).
Piarres Ibarrart
Ibarrart, Piarres
Bertsolari eta idazle baxenabartarra (Jatsu, 1838 – Baiona, 1919). Lanbidez zapataria zen. Elizondoko txapelketan bertsolarien omenaldia jaso zuen (1879). Xinaurria eta xoria fabula idatzi zuen (1880). Lafittek Piarres Ibarrart’en Koblak liburuan bertsolariaren zortziehun bertsotik gora jaso zituen. “Bettiri” izengoitia erabili zuen maiz.
Domingo Kanpaña
Kanpaña, Domingo
Bertsolari gipuzkoarra (XIX. m.). Lanbidez zurgina zen. Bilintx bertsolariak Domingo mando gainean ikusitakoan kantatu zizkion bertsoei esker da ezaguna.
Larralde
Larralde (izg. Panpalle)
Bertsolari lapurtarra, Luhuson jaioa (XIX.m.). Ofizioz errementari zen. Gehiegi menperatzen ez zituen gaietan astun samar suertatzen bazen ere, eguneroko gaietan oso abila zen. Iparraldean ia galtzear zegoen bertsoetarako ohitura berreskuratu eta suspertu egin zuen.
Lasarte
Lasarte Arribillaga, Manuel
Bertsolari nafarra (Leitza, 1927). Plazarik plaza bertso-saioetan ibili da. Gai librean jarritako zenbait bertso eta Basarri, Lazkao-Txiki eta Uztapiderekin jarritakoak Bertso mordoxka (1970) liburuan jasota daude. Bestalde, bertso jarriak zein prosazko lanak biltzen dituzten Gordean neuzkanak, 1975; Beranduko lanak, 1992; Lazkao Txiki gogoan, 1994; Enbor zarraren ezpalak, 1995 eta Kantuaren ordai-ez, 1997 liburuak argitaratu ditu.
Imanol Lazkano
Lazkano Uranga, Imanol
Bertsolari gipuzkoarra (Azpeitia, 1936). Plazarik plaza maiz ibilia, aldizkarietan ere idatzi izan du, eta koplak ere egin ohi ditu trikitirako. Bertso idatziak ere prestatu ditu: Ezkontzera doan dama bati (“Xenpelar saria” irabazia, 1977) eta Uso baten gozo-gaziak (“II. Basarri saria” irabazia, 1986). Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteko sortzaileetarikoa da eta bertako lehendakaria sortu zenetik 2005 urtera arte.
Sebastian Lizaso
Lizaso, Sebastian
Bertsolari gipuzkoarra (Azpeitia, 1958). Bertsolari gazteen txapelketa batean kantatu zuen lehenengoz (1968). Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusietan parte hartu eta txapela irabazi zuen (1986). Bi joera nagusi biltzen ditu bere baitan; herri-eskola, familia eta herri-giroan jasotakoa, eta 1980ko hamarkadako joera berrizalea.
Lazkao Txiki
Lazkao Txiki (j.i. Jose Migel Iztueta)
Bertsolari gipuzkoarra (Lazkao, 1926 – Donostia, 1993). Maila desberdinetako txapelketetan parte hartu zuen. Gipuzkoako Bertsolari-txapelketan txapeldun (1964, 1965) eta txapeldunordea izan zen (1950, 1962). Euskadiko txapelketan ere parte hartu zuen. Basarri, Zepai, Mitxelena, Uztapide, Xalbador, Mattin eta beste hainbatekin kantatu zuen. Mattinekin bikotea osatuz, bertsolari-saioei gatza eta piperra jartzen zien. Bertsolaritza zaharreko eskolakoa, umore onekoa eta bizia zen; halaber, sentimendu eta ateraldi handikoa.
Jon Lopategi
Lopategi, Jon
Bertsolari bizkaitarra (Muxika, 1934). Olerti eta Karmel aldizkarietako kolaboratzailea izan da. Bertsolari eskolatua da. Bizkaiko txapelduna (1962, 1964, 1967) eta Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusian txapeldunordea (1982) eta txapelduna izan da (1989).
Kristina Mardaras
Mardaras, Kristina
Bertsolari bizkaitarra (Iurreta, 1948). Lanbidez irakaslea da. Durangaldeko bertsolari-eskolan ikasi eta 1983an plazaratu zen lehen aldiz. Asko nabarmendu ez bada ere, txapelketa batzuetan hartu zuen parte. 1980ko hamarkadaren hasieran emakume bertsolari bakarra izan zen, gero etorri direnentzat bide-irekitzailea.
Mattin
Mattin (j.i. Martin Treku)
Bertsolari lapurtarra (Ahetze, 1916-81). Familiatik jasoak zituen bertsotarako gogoa eta gaitasuna. 1933az geroztik jendaurrean egindako saio guztiez gain, idatzizko lanak ere argitaratu zituen (Ahal Dena, 1971 eta Ene xokotik kantari, 1981). Xalbador eta biak izan dira Ipar Euskal Herriko XX. m.ko bertsolaririk garrantzitsuenak.
Pedro Maria Otaño
Otaño Barriola, Pedro Maria
Bertsolari eta poeta gipuzkoarra (Zizurkil, 1857 – Rosario, Argentina, 1910). Bertsolari eskolatuen aitzindari izan zen; bertsoak idazten zituen eta kultura idatziaren ordezkari izan zen, baina herri-poesiaren tradizioa ez zuen inoiz baztertu. Donostian jarri zen bizitzen, mendearen azkenaldiko literatur mugimenduarekin batera, eta harremanak izan zituen hiriko kultur mugimenduekin. Argentinara joan eta euskarazko irakaslea izan zen. Taberna edo sagardotegiko topaketak ez zituen gogoko; nahiago zuen plazarik plaza ibili. Argentinan bizi zela bertso ederrak idatzi zituen (Alkar poesi bilduma 1904; Bertsoak, 1959). Buenos Airesen antzeztutako antzerki-lan bat ere idatzi zuen: Artzai mutilla (1906).
Pello Errota
Errota, Pello (j.i. Pedro Jose Elizegi Maiz)
Bertsolari gipuzkoarra (Asteasu, 1840-1919). Lanbidez errotaria zen; jaialdi, festa eta desafio anitzetan aritu zen errotako irabazi eskasak gehitzeko. Umore oneko bertsolari azkarra, arina eta ezten zorrotzekoa izan zen. Fama handia bereganatu zuen eta Amerikako euskaldunei bertsoak kantatzera joateko bidaia ordaindu zioten. Bere alaba Mikaelari esker, bat-bateko eta bertso-paperetako saioetako bertso guztiak gorde dira, bere aitaren bizitza eta gorabeherak kontatzen dituen Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan jasoak (1963).
Pedro Jose Elizegi Maiz (Pello Errota)
Anjel Mari Peñagarikano
Peñagarikano, Anjel Mari
Bertsolari gipuzkoarra (Albiztur, 1957). 1980an “Xenpelar” eta “Lizardi” sariak lortu zituen. 1991n Gipuzkoako Bertsolari-txapelketa irabazi zuen. Bertso-moldea berezia du, ustekabeko ateraldiak eta hitz-jokoak ditu atsegin.
Basilio Pujana
Pujana, Basilio
Bertsolari bizkaitarra (Zeanuri, 1913). Idatzizko bertsoa landu du bereziki. Hiru bertso-liburu ditu argitaratuak: Azkena, Oihua (1997).
Txirrita
Txirrita (j.i. Jose Manuel Lujanbio)
Bertsolari gipuzkoarra (Hernani, 1860 – Altza, 1936). Hernani utzi eta Errenteriako Txirrita baserrira joan zen familia osoa (1873). Karlistadan, herriko guardiak egiten aritu zen. Etxeko primutza-eskubidea izan arren, baserria utzi eta hargin-lanetan hasi zen. Bere garaiko bertsolariekin herriz herri ibili zen, umore ona eta irribarrea zabalduz. Parrandazale eta tabernazale ospea izan zuen, baina gai serioak ere sakon eta zorrotz landu zituen. Euskal herri-umorearen paradigma izan baldin bada ere, bere garaiko politika eta, oro har, gizarte-arazoei buruz jarritako bertso-paperak oso ospetsuak dira (Cubako gerrarenak; Norteko trenbideari; Fueruak kendu zituenari; Pasaiako huelga; Mundu ontako bizimodua). Eskolatu gabea baina maila handiko bertsolaria izan zen, arrunkeriatik ezer ez zuena. Bertsolari zaharren teknikak ondo erabiltzen zituen eta bere bertsoak ahozko tradizioan gelditu direnez, bertsolari zaharren doinu eta neurriak guganaino iritsi dira. Goizuetan bertso-saio batean ondoeza eginda hil zen.
Jose Manuel Lujanbio (Txirrita)
Uztapide
Uztapide (j.i. Manuel Olaizola)
Bertsolari gipuzkoarra (Zestoa, 1909 – Oiartzun, 1983). Gerra Zibila bitartean, eta ondoren, bertsolaritzarako baldintzak txarrak baziren ere, Basarri eta Lasarterekin batera bertsolaritza bizirik mantentzea lortu zuen. 1960ko hamarkadan bertsolaritza indartu zenean, kemen handiz ekin zion; plazarik plaza ibili zen eta liburuak ere idatzi zituen (Noizbait, 1964; Lengo egunak gogoan I eta II, 1974; Sasoia joan da gero, 1976), prosa herrikoi eta berezi batean. Txirritaren, eta Amuriza, Lopategi, Lizaso, etab.en belaunaldiaren arteko lotura izan zen. Gipuzkoako bertsolari-txapelketa behin (1959) eta Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusia hiru aldiz (1962, 1965, 1967) irabazi zituen.
Manuel Olaizola (Uztapide)
Xalbador
Xalbador (j.i. Fernando Aire)
Bertsolari baxenabartarra (Urepele, 1920-76). Bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zuen anitzetan; bere bizitza, familia, baserri, fede eta naturari buruz kantatu zuen. Mattin-ekin batera Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) eman zituen argitara. Bere omenaldi-egunean hil zen bihotzekoak jota. Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 1977an.
Fernando Aire (Xalbador)
Xanpun
Xanpun (j.i. Manuel Sein)
Bertsolari lapurtarra (Senpere, 1928 – Donibane Lohizune, 2002). Plazako kantari izan zen bereziki; baina txapelketan ere parte hartu zuen; aurrenik 1948an, non gazteen saria irabazi baitzuen; eta 1980an Euskal Herriko txapelketa nagusiko azken saioan. Bat-bateko bertsolaritzan oso bizkorra zen bertsoa botatzen hasteko.
Manuel Sein (Xanpun)
Xenpelar
Xenpelar (j.i. Joan Frantzisko Petrirena)
Bertsolari gipuzkoarra (Errenteria, 1835-69). Oso gaztetatik bertso-kantari hasia, lantegi bateko arduraduna zen eta zenbait langileri aginduak bertsotan eman izan zizkien. Melodia herrikoiei egokitzeko moduko bertsoak egiten zituen, kantatuak, betiere. Gazterik hil zen arren obra ugaria utzi zuen, eta heldutasun handikoa: Pasaiako zezenarenak; Andre txarraren bentajak; Betroi bat hartu nuen, etab. bertsolaritzaren klasikoak dira.
Errenteriako Xenpelar Plaza
Zepai
Zepai (j.i. Akilino Izagirre Amenabar)
Bertsolari gipuzkoarra (Azpeitia, 1906 – Idiazabal, 1971). Errezilgo “Zepai” baserrian bizi zen. Lanbidez, baso-mutil, hargin, tabernari eta Donostiako garagardo-lantegiko langilea izan zen. 1935 eta 1936ko txapelketa nagusietan parte hartu zuen.