Zuekin nahi dut
Zuekin nahi dut –
Uxue Apaolaza Larreak, ARGIAn.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta konparatzeko gehiago daukazuela. Baina egongo da, agian, ni bezala dabilenen bat, emakumeez ari naiz bereziki, hauguztialasaitzendenean nora itzuliko den pentsatzen (zaintzaren bat-edo, gure gauzak) (gizonen bat ari bazen irakurtzen emakume batek idatzitako zera hau, utz dezake nahi badu, oso astun jarriko naiz). Izan ere, ez da beti gertatzen ateratzeko aukera izan, eta gehiago atera nahi izateko gogoz amaitzea. Itzulera batzuk ezin dute lehengo lekuetara izan.
Gaur igo dira oholtzara Ainhoa Agirreazaldegi gai-jartzaile, eta Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolari. Lehenago, Irene Arrarats eta Maialen Berasategi aurkezle eta saioak oinarri duen podcastaren egile. Podcasta (Ezer ez eta festa) hizkuntzari buruzkoa da, euskarari buruzkoa hein handian. Ez dirudi genero bati besteari baino interes handiagoa sortzeko gaia. Usurbilgo Aginaga goraino zegoen, eta gizonak, zer, hamar (ez nituen zenbatu)? Eta ez elkarrekin. Tira, ba ez zaie ezer interesatzen, beraiek egiten ez badute (adibidez, guk egiten badugu). Zeren eta irakurri berriro oholtzara igo direnen izenak. Edo berrirakur ditzadan nik oraintxe idatzitako lerroak, hobe. Goraino zegoela esan dut. Eta paisaia zoragarria zen goian, eta behean. Beraz, agian, kexak eskaera behar luke: ez zaitezte asko azaldu, eta inoiz ez taldean.
Oholtza gainekoa oso sexya zen; ezin da listagoa izan. Ze plazer intelektual jostaria. Eta elektrizitatea joan denean, mikrorik gabe, Lujanbioren ahotsa ozen sartu zait, ozenago, eta, fisikoa da, gorputza tentetu zait eserlekuan; eta kantatutako hori gehi esan gabeko bost gehiago igurtzi dizkit Alberdik irribarrearen ertzaz; eta laztana zaplazteko bihurtzen den puntu horretan menderatu Ibarzabalek. Esan dut, ez? Oso sexya dena, eta, bai, bai, gutxi ateratzen naizela azken urteetan.
Eta adin ugariko publikoa, ni bezain ile urdineko asko. Haizea kanpoan. Ze goxo han, atzeko eserlekuetan, emakumez eta emakumez inguratuta. Ze listak denak. Butaka bat eta mantatxoa falta nituen (eta eskatzen jarrita, Martini bat eta zerbait erre ahal izatea). Eta hantxe geratuko nintzatekeen orduak eta orduak, zuen barreak entzuten. Gutxi ateratzen naiz azken urteetan, eta itzultzen banaiz, zuekin nahi dut, neskak. Ulertzen didazue?