Zorion etxe horietako denei
Zorion etxe horietako denei –
Astelehenean da Santa Ageda bezpera. Kantuan irtengo dira goierritarrak, asko etxerik etxe, antzinako usadioan. Bere arauak eta errituak ditu koplarien jardunak.
Oles egiteko ordua iritsia da. Neguko festetako bat ospatuko da astelehenean, Goierrin: Santa Ageda bezpera. Etxeetara joan, eta eskean jatekoa biltzea da jaiaren egitekoetako bat. Bestea, ez garrantzi txikiagokoa, bakoitzeko bizilagunak zoriontzea. Koplariek egundoko zeresana dute.
Nahiz eta baserriz baserriko ibilera hori itzaltzen ari den —otsailaren 4an behintzat bai, astegunetan erortzeak dakarren eraginagatik—, herri askotan mantentzen dute koplak abestera joatekoa. Tradiziozko eta ezarritako koplak batetik; eta, oraindik ere, inprobisatutako eta pertsonalizatutakoak ere bai.
Estrofa laburreko bertsoak dira koplak, eta baserriari, bertakoei edo inguruari aipamena egiteko erabiltzen dira: «Koplak kantatuz, etxearen izena aipatu, eta etxeko gizona eta andrea, umeak, bertako denei aipamena egiten diegu. Baserri batzuetan saio osoa entzuten dute, barrutik igual, edo atarira irtenda. Eta ikusten da gustatzen zaiela», azaldu du Mikel Mendizabal bertsolariak. Elgoibarren ibiliko da koplari, astelehenean. Itsasondo jaioterrian urte askoan jardun zuen.
Aspaldiko ohitura da Santa Ageda bezperan koplari ibiltzearena. XX. mende hasierako erreferentziak kontatzen zituen Uztapidek. Toki askotan, koruek edo abeslari-taldeek hartu dute gaur egun lekua. Nerea Elustondo legazpiarrak dioenez, Legazpin bizpahiru aldiz ibili izan zen bera koplari: «Asteburua tokatzen zenean eta, jarraipen handirik gabe. Koruak ateratzen dira orain, baina koplariekin-eta aspaldian ez».
Seguran urte askoan ibili zen Elustondo, antzinako usadioan. «Beti antzekoa kantatzen da, egia esan. Urtetik urtera, eta egunean bertan ere bai, ez dira askorik aldatzen egoerak. Motiboa egun guztian bera da, kuadrilla ere bai. Haizeari dezente kantatu behar izaten zaio horrelakoetan», dio Elustondok.
Baina badira idatzi gabeko arauak. Iñaki Apalategi beasaindarrari Mutrikutik hots egiten diote, joan direneko 15-16 urteetan. Sei talde ibiltzen dira han, eremuak banatuta, eta bertsolari asko kanpotik eramaten dituzte. «Koplatzen hasten garenean, lehenengo etxeko gizonezko zaharrenetik hasten gara; gero emakume zaharrena, eta belaunaldi belaunaldi, gazteenetara arte. Baina beti ordena horretan. Dirua eman arte kantari segi behar izaten da, gainera. Etxe batzuetan, egundoko denborak», azaldu du Apalategik. Astelehenean ere Mutrikun ibiliko da.
Koplarien teknikak
Etxe bakoitzekoei eurenetik kantatu beharrak, buru-lan handia eskatzen die koplariei. Informazioa, normalean, kuadrillan doazenek ematen diete, etxerako bidean. «Bizpahiru puntu, bidean goazela zuzentzen ditugu, eta informazioa hortxe trukatzen dugu: izenak, nagusia zein den, mutikoak halako egin duela, urteko gertakariren bat… Bi bertsolari izaten gara normalean, eta bien arteko elkarrizketa da; segida eman beharra dago. Informazio gehiena duena hasten da, eta besteak hari jarraitzen dio», dio Mendizabalek.
«Oroimen handia» behar da, Apalategik dioenez. «Aitonaren izena, amonarena gero, gerran zer gertatu zitzaien… Etxeko zortzi lagun igual gogoratu behar izaten ditugu, eta haiei buruz aurrez esan dizkizuten kontuak ere bai, noski. Koplari bat herrikoa izateak asko errazten du, hari segitzeko. Urtero joanda, ezagutu ere egiten ditugu bizilagun asko», dio beasaindarrak.
Eskeko denborak ere asko mugatzen du. «Seguran, arratsaldean bakarrik denez, baserri bakoitzean ezin da askorik luzatu. Egun guztian ibiltzen direnek, gehiago txikitu behar izaten dute burua», dio Elustondok.
Eguna «oso luze» egiten zaie, sarri, bertsolariei. «Goizeko 9:00etatik 21:00etara ibili ohi gara, eta seietatik aurrera nekea nabaritzen da. Baina etxe bakoitzeko harrera desberdina da; orokorrean, oso ona. Eta politena harrera horixe da: jatekoa atera, kontu batzuk esan, etxera sarrarazi… Giro hori bizi dela ikustea polita da».