Zazpigarren alaba - Peru Abarrategi

Zazpigarren alaba –

BERRIAtik.


 

Doinua: Agur intxorta maite

Peru Abarrategi

 

 

Sei bertsotan nondik hasi leike

ni naizena azaltzeko

paper gainean naukazue gaur

karanbola bat tarteko

bertsolaritza gustuko daukat

dosi txikitan hartzeko

ez dut gehiegi behar izaten

doinu rimaz asetzeko

hainbeste modu ezberdin daude 

bertsogintza ulertzeko.

 

 

Bizi naiz bizkaiko lurretatik

ez gertu ez apartean

gipuzkua zapaldu izan dut

sarri sarri ikastean

beste zerbait errotua daukat

aldiz identitatean

gehiegitan bizi izan gara

hemen konpleju artean

jaio nintzen araban dagoen

oasi txiki batean.

 

 

Bertsolaritza afizio dut

bertsolaritza enplegu

ingurukoak izaten ditut

behar ezkero eredu

baina erakutsi behar horrek

sarri hainbeste ernegu

gehiegiri askotan gorantza

begiratu ohi diegu

aurretik beste guztiak daude

eta ondoren gaude gu.

 

 

Maitatua sentitzea ez da

inolaz gauza kaxkarra

baina jakin ez dugu bilatzen

zuen onarpen beharra

askotan askok entzuna duen

komentario baldarra

erdi piropoaren tonuan

laudorio hain zatarra

arabarra izanik ez duzu 

Peru horren maila txarra.

 

 

Bertso eskolak hazten dabiltza

hori dugu erdietsi

aurrera pausuak gutxinaka

behar ditugu berretsi

guzti honek daukan meritua

nahiz askotan gutxietsi

jakin hazia loratuko da

ziur bihar edo etzi

bide onetik dihardugu ta

inork ez dezala etsi.

 

 

Konparazioak egitea 

dugu gauza kaxkarrena

inor ez dugu bizkorregia

inor ez dugu errena

gogoraraziz kanturen batek

bere letran dakarrena

hainbat alaba omen ditugu

gure lurretan barrena

paparra puztuta esango dut

nirea zazpigarrena.

 

 

Zazpigarren alaba
Arg: Gaur8

 

Zazpigarren alaba