"Zalla gune euskaldun bezala ezagutarazteko garrantzitsua da guretzat txapelketa"
Zalla –
Elkarrizketa hau Bertsozale Elkartearen webetik hartu dugu.
Zenbat kide zarete bertso eskolan?
Helduen bertso eskolan zazpi gara, baina gazteen taldeak ere badaude.
Eta Enkarterrietan, zer-nolako mugimendua dago? Hurrengo belaunaldiei begira zein da sumatzen duzuen joera?
Bat-bateko taldeak eskualde osoan daude: Balmasedan, Gordexolan… helduen aldetik agian zailagoa da hastea, baina gazteek ikastetxeetan eskolak jasotzen dituztenean, animatu eta errazagoa egiten zaie: batez ere lagun bat hastea nahikoa izaten da besteak atzetik etortzeko.
Urtean zehar bertsolaritzari loturik ba al duzue sustraitutako jaialdirik?
Bai, maiatzaren bukaera aldera egiten dugu saioa antzokian: beti izaten da bertso eskolako kide bat kantuan eta harekin batera Euskal Herri osoko punta-puntako bertsolariak ekartzen ditugu. Bertso poteoa egiten ere hasi gara hileko bigarren ostiraletan eta erantzun ona jaso dugu.
Bertsogintzak arnasgune modura ere eginkizun handia du zuenean.
Ohiturak askotan gaztelaniara eramaten gaituelako, euskaraz mugitu nahi duenarentzat, euskara ikasten ari direnentzat, euskaraz bizi nahi duenarentzat bidea ematen du bertsogintzak. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da guretzat Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio bat Zallan izatea, herria gune euskaldun bezala ere ezagutarazteko. Jendea erakartzea beti da aberasgarria eta haiek Zalla ezagutzea.