Xuban Etxegia: "Betitik aritu izan gara lagun artean bertso praktikan modu informalean"
Xuban Etxegia –
Zaletasun dituen bertsolaritzaz eta txirrindularitzaz mintzatu da Xuban Etxegia sunbildar gaztea
Nola definituko zenuke zeure burua?
Mutil zoriontsu bat bezala, biziaz bere modura gozatzen ari dena.
Zein dira zure zaletasunak?
Kirola, musika eta bidaiatzea.
Bertsotan ere aritzen zara. Noiz hasi zinen?
Betitik aritu izan gara lagun artean bertso praktikan modu informalean, nahiz eta aurten hartu dudan Malerrekako Bertso Eskolan izena emateko erabakia. Ongi pasatzeko helburuarekin hasi naiz, gehien partez.
Aurten Bardoak txapelketan parte hartu duzu Malerreka ez da Baztan taldearekin, ezta?
Bai, Sunbillan gai jartzaile bezala aritu nintzen, Atarrabiako saioan egon ginen eta Gareseko finalean ere. Esperientzia arrunt polita izan da, elkarren artean izan dugun giroa aunitz gustatu zait.
Nola ikusten duzu bertsolaritza Malerrekan?
Ilusio haundiz ikusten dut bertsolaritza, hainbat saio antolatuak ditugu aurten eta hurrengo urterako. Uste dut gure eskualdean afizio haundia dagoela.
Mendi bizikletan ere aritzen zara. Nondik heldu zaizu afizioa?
Ttikitatik, beti ibili izan gara bizikletan herrian, lehen hori baitzen gure garraiobidea. Attarekin ere itzuliren bat edo bertze egiteko ohitura nuen eta oharkabean hartu nuen afizioa.
Maiz ateratzen zara bizikletarekin?
Astean bizpahiru egunez ateratzeko ohitura dut. Errepideko bizikletarekin ateratzen naizenean Izpegira joatea dut gustukoen, eta mendikoarekin Donamaria aldeko mendietara.
Lehiaketetan ere parte hartu duzu, ezta?
Lehiaketen mundua probatu dut, bai. Gogorra da, baina parte hartu izanaren sentsazio onarekin gelditzen naiz.
Zertan nahiago duzu, bertsotan edo bizikletan?
Bi praktika desberdin dira, batek fisikoa lantzen duen bezala, bertzeak burua lantzen du. Espero inoiz bietako bat aukeratu behar ez izatea, biak gustuko baititut.
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Trikitixa jotzen ikasten ari naizenez, ongi jotzen ikastea eta bertsotan trebatzea.
Eta epe luzera?
Laboralki ditugun proiektuak aitzinera ateratzea eta bidaien bat edo bertze egitea.