Xabier Lizaso: "Beethoven eta bertsolaritza uztartzen zituen zerbait eskatu ziguten"

Xabier Lizaso –

Aitziber Arzallusek Karkaran.


 

Bihar, 19:00etan hasita, Bederatzikoa ikuskizuna eskainiko dute Xabier Lizaso musikariak eta Andoni Egaña bertsolariak kultur etxean. Lanaren inguruan mintzatu da Orioko piano jolea.

 

Xabier Lizaso

 

Bederatzikoa lana ez duzue berri-berria, baina emanaldi asko emateko aukerarik ez duzue izan, ezta?

Emanaldi bakarra egin dugu; pandemia dela eta, ez dugu gehiago egiteko aukerarik izan. Lan hau sortu zen Getxotik jaso genuen enkargu baten ondorioz. 2020an Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena izan zen, eta Beethovenen urte gisa izendatu zuten. Abenduan egin genuen emanaldia, Beethoven jaio zen hilabete berean hain zuzen, baina gero etorri zen pandemia eta kito. Eta orain jarri gara serio, eta hemendik aurrera ahalik eta emanaldi gehien ematea da gure nahia.

Beraz, biharko emanaldiak izango du estreinaldi kutsu bat.

Bai. Gainera, horrelakoetan, lehenengoa beti izaten da kaskar samarra, guretzako ere proba bat izaten delako; beraz, esan genezake orain jaiotzen dela emanaldia.

Nolatan sortu zenuten Bederatzikoa? Zein da lanaren historia?

Andoni eta ni ez ginen elkartu ez berak eta ez nik pentsatu genuelako; nire lehengusu baten ideia izan zen gu biok elkartzea, orain dela zazpi edo zortzi urte. Bertsolari elkarteak oso begi onez ikusi zuen, ideia polita zela, eta emanaldi bat sortu genuen: Bi arreba. Niri oso-oso gustuko egiten zitzaizkidan Chopin konposatzailea eta Xenpelar bertsolaria, eta dena uztartuz emanaldi bat sortu genuen. Arrakasta pixka bat izan zuen lan hark, emanaldi mordoxka egin genituen, eta emanaldi haietako bat ikusi zuen bat gaur egun Getxoko programatzailea da; hain zuzen ere, hark egin zigun enkargua. Nahi zuen zerbait egitea haren antzekoa, baina Beethovenekin eta bertsolaritzarekin lotura zuena, eta oraingo hau sortu da hortik.

Zergatik Bederatzikoa?

Bederatzikoa izena jarri genion lotura bat behar genuelako, eta esango nuke Beethovenen piezarik famatuena bederatzigarren sinfonia dela, eta bertsolaritzan, berriz, punturik zailena bederatzikoa da. Bederatzi zenbakiak biak lotzen zituenez, horixe jarri genion izena.

Zer topatuko du bihar kultur etxera doanak?

Nik kontatzen ditut Beethovenen bizitzako pasarte batzuk, berak zer sortu zuen, bederatzigarren sinfonia zergatik den hain ona, bere karakterra nolakoa zen eta abar. Beethovenen musika ere jotzen dut. Eta hori guztia bertsoz janzten du Andonik. Ordu eta erdi irauten ditu saioak, momentu arinago eta sakonagoekin, baina nik uste motz eta guzti egiten dela.

Norentzat da ikuskizuna?

Helduei zuzendutako lana da, baina badakit haur batzuk ere joango direla, eta ez dut uste gehiegi aspertuko direnik.

Hemendik aurrera zer asmo dituzue lan honi dagokionez?

Asmoa da agenda betetzekoa. Pare bat emanaldi lotuta ditugu dagoeneko, bat Markina-Xemeinen eta bestea Iruñean, eta espero berriak sortzen joango direla.

Herrian aritzeak sortzen al ditu aparteko urduritasunik?

Egun hauetan maila horretan lan emozionala egiten aritu naiz, eta momentu honetan, alde horretatik, nahiko lasai nago; baina, bai, herrian jarduteak beti sorrarazten du urduritasun puntu bat. Esaera da norbere herrian inor ez dela profeta; hori Benito Lertxundik bakarrik lortu du.

 


 

ETA ZER GEHIAGO?

 

Xabier Lizaso Xabier Lizaso