Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari

Xabier Gaztelumendi –

Berria egunkarian.


Xabier Gaztelumendi
Xabier Gaztelumendi (Arg: BERTSOZALE ELKARTEA)

 

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 14an jokatuko da Illunben, Donostian, eta Xabier Gaztelumendik jarriko dio txapela irabazleari, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. Donostiarra da Gaztelumendi, Añorgan 1961ean jaioa, eta Bertsozale Elkartean 2002tik aritu da lanean, zortzi urtez diruzain gisa, eta gero idazkari. Zuzendaritzan aritu da, eta bertsoaren mundua martxan jartzeko kontu operatiboetan. «Ezinbesteko lanak eta gehiago egin ditu Xabierrek, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, berak egindako lana itzulezina bada ere, fokupera ekarri eta merezimenduaren aitortza gisa», idatzi du elkarteak.

«Elkartearen historia ezagutzen duen edozeinek badaki elkarteari zein garesti atera izan zaion txapela nork jantziko duen hautatzeko eskubidea beretzat gordetzea eta horri eustea», esan du Gaztelumendik. «Eta, horregatik, aurten txapel emailea ni izateak uste dut oraindik harrotasun handiagoa eragiten didala».

Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolarien aita da Xabier, eta horren inguruan mintzatu da. «Gurasook zaila izaten dugu erabakitzea gure seme-alaben etorkizuna, baina guri tokatzen zaiguna da bide bat erakustea, eta gero beraiek erabakiko dute bide hori jarraitu ala ez». Etxean haurrekin bertsoa eta errima jolasten lantzen zutela gogoratu du, eta horri jarraikiz natural eraman zituztela bertso eskolara, 10-11 urte zituztela.

Txapela emateko ekitaldian «urduri» egongo dela iragarri du bertsozaleak, eta zortea opatu die finalean parte hartuko duten bertsolariei. «Beren barruan duten onena eman dezaten, eta baita ere asma dezaten talde lana ondo egiten».

Xabier Gaztelumendi