"Gorria" aurkeztu dute Legution

“Gorria” aurkeztu dute Legution –

Alea.eus-ek argitaratutako albistea.


Miren Amurizak eta ‘La Pulgak’ sortutako ikuskizuna ostiralean, hilaren 10ean, aurkeztuko dute kultur etxean.

"Gorria" aurkeztu dute Legution
Bertsolaritza eta flamenkoaren arteko elkarrizketatik sortu dute ‘Gorria’. / Bertsoa

Gorria ez da bertsolaritzaren eta flamenkoaren fusio bat. Argi utzi dute Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariak bihar Legution aurkeztu behar duten ikuskizunaren inguruan. “Ez gara elkarren moldeak imitatzen saiatuko, ezpada, nork geure diziplina modu malgu eta libreago batean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen”, azaldu dute. Bertsolari baten eta bailaora baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza da Gorria, “esperimentazio gune bat”.

Legutioko kultur etxean aurkeztuko dute bihar, 20:00etan, azken hilabeteetan landutako proposamena. “Ez dugu ezer berririk asmatu, bai zerbait oso geurea; intimista, intuitiboa, erraietakoa… Gorria. Jasotzeko prest dagoen edozein ikus-entzulerentzakoa”. Hamar piezatan banaturiko ordubete inguruko obra da, behetik goranzko ibilbide bat; doinurik lurpekoenetatik hasi eta dantzagarrienetarainokoa, ilunpetatik argitarakoa. Atal batzuetan biak batera arituko dira, beste batzuetan banaka; batzuetan gitarraren edo perkusioaren laguntzaz eta beste batzuetan a cappella. Bide bertsua egingo dute tematikoki ere; heriotzatik, isolamendutik edota indarkeriatik hasi eta ahizpatasunerainokoa, sedukziorainokoa, ospakizun kolektiborainokoa.

“Gorria” aurkeztu dute Legution