Xabier Amuriza: "Bizitzako sentimendurik sakonenetan, bakarrik gaude"

 
Kepa Matxainek egindako elkarrizketa Argian.
 

“Bizitzako sentimendurik sakonenetan, bakarrik gaude”

  • Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria jaso zuen martxoan Xabier Amurizak Olaso Dorrea Fundazioaren eskutik, lau urtean eman dioten hirugarrena –Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria dira besteak–. Horren aitzakian bildu, eta aritu gara bere ibilbideaz, martxan jarri berri duen webguneaz –www.amuriza.eus–, bertan eskuragarri ipinitako lanez –nagusiki Harrien mintzoa memoria ariketaz–, eta, batez ere, bere bizitzaz, beldurrez eta pozez.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
 

Ez pentsa sakrifizio bat egiten dugunik Gipuzkoara joanda; aitzakia horrekin, andreak eta biok eskurtsio polita egingo dugu” emana zuen abisu, eta Igeldoko plazan zitatu gara, ia ausaz, uztaileko astearte lainotsu batean. Herriaren gainaldetik dator oinez Xabier Amuriza (Etxano, 1941), Arantza Plaza emaztearekin batera. Oriotik egin dute Igeldorainokoa, hirigunera autoz sartu behar ez izateko. Elkarri agur t´erdi egin eta argazki saioari ekitearekin bat, autobus geltokirantz joan da Plaza; elkarrizketaren ostean elkartuko dira Donostian. Hiru ordu luze ditugu aurretik, baina eseri eta hizketan hasi gara, astirik galtzeke: “Ibilbide luzea dut, oso kuestionatua izan naiz arlo askotan, eta orain, urteak joanda, aitorpen batzuk jasotzeak poz handia ematen du”.

Harrien mintzoa memoria liburuko esaldi bat ekarri du hizpidera: “Zoriona da ideia komertzial bat. Nik poza nahi dut”. Eta azalpena: “Nik badakit poza zer den, eta poza behar dut bizitzeko; beti behar izan dut, baina orain, erretiraturik, arrazoi pozgarriek biziarazten naute. Eta niretzat poza da, adibidez, gaur hona etorri eta elkarrizketa hau egitea”. Azalpenek ez ezik, keinuek ere berresten dute emozio bizikoa dela: pasioz eta kartsu mintzo da webgunean argitaratu berri duen memoria liburuaz. Bere kontraesanak bistaratzen dituzten 500 esaldi inguru bildu ditu bertan, nolabaiteko paradoxaren bat ezkutatzen dutenak, gehienak. Esaterako, pozak bezainbat kolpatzen duela tristurak zenbaitetan. “Nahiko aldarte gorabeheratsua daukat. Ilusio handiak egiten ditut, eta gero, araberako zaputzak jasotzen. Baina dezepzioz dezepzio, pozik bizi izan naiz. Dezepzio bakoitzak itxaropen bat izan du”.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bizitzako pozaldi puruenak haurtzarokoak ditu. Zerbaitengatik hasten da Harrien mintzoa honela: “Ni naiz haurtzaroa gehi eranskin bat”. Oraindik garbi asko oroitzen ditu seminariotik etxera bueltako bidaia haiek, itzulinguruka luzatzen zituenak ahal bezain beste, poza luzatzearren. Eta bazekielako, etxeratzearekin bat, atzera seminariora itzultzeko denbora deskontatzen hasiko zela. “Halako sentsazio gozo eta indartsurik gutxi sentitu dut. Geroko pozak ez dira izan hain bakunak, garbiak, hain osagai bakarrekoak. Nik ET filma oso ondo ulertzen dut: etxera eta etxera, ez nuen beste sentimendurik”. 11 urterekin sartu zuten, lehenik karmeldarren komentuan, bigarren urtean seminarioan, eta bertan bizi izan zen 24 bete arte. “Nerabezaroak liluratzen nau, nirearen eztanda barruan gelditu zelako, zain. Agian horregatik gertatzen zaizkit oraindik ere eztanda bozkariotsu horiek; beharbada, nerabezaro permanentean nago”. 

Bizitzako askapenik handiena
1960ko hamarkada hasiera zen, eta seminariora ere ailegatu ziren “Gu gira Euzkadiko gazteri berria”-ren oihartzunak. Giro politizatu hartan, Amuriza gaztearen sinesmenak pitzatzen hasi ziren. “Zer oinarri dauka itomen moral honek? Zergatik sartzen digute Jainkoa gure kontzientzietaraino? Zergatik obedientziak izan behar du itsua? Zer du euskarak baztertua izateko? Zergatik ezin da politikaz hitz egin?”. Bere bizitzako askapenik handiena bezala oroitzen du moralki askatu zeneko unea. “Halako batean esan nuen: nire kontzientzian neu bakarrik nago. Hemen ezin du beste inork agindu, neuk nahi ez badut. Beraz, libre naiz! Segurantza horrek lasaitasun ikaragarria ematen zidan. Handik aurrera hasi nintzen neure buruaren jabe izaten”.

“Pena itzela ematen dit marrazten ez jakiteak. Arte guztiek erakarri naute, baina azkenean, bertsolari gizajo bat izan naiz”

Apaiz egin zenerako, garbi zuen Elizaren hierarkiari barrutik aurre egiteko lanean ariko zela. Ordurako, “transzendentziaren” fedetik libratua zen, baina ez zaio iruditzen inori traiziorik egin zionik: “Jendeak sinesten zuena errespetatzen nuen; nik, soilik, laguntzen nien loturak askatzen; kezka moralak gainditzen”. Fedearen auzia –transzendentzia– haurtzarotik heldutasunera iritsi bitarteko ahultasunen barruan kokatzen du; ipuin arotik adimen arorako jauziaren parte. Ez du Jainkoarengan sinesten. “Jainkoa badela sinesteko beste arrazoi dago Jainkoa naizela sinesteko. Fedearen eta erlijioen kontu guztiak heriotzaren eraginetik datoz. Heriotza ezin onartzetik. Ba, zerbaiten amaiera ez da beste zerbait, ezabapena baizik. Amaitze soil bat. Gero ere zerbait izango garela? Jakina! Dinosauroen aroan ere izan ginen zerbait. Baina ez kontzientzia bat, konturatzen dena ni naizela ni, eta zu zarela zu. Kontzientzia hori ez bada, beste zernahi guztiak alferrik dira. Sinestekoa al da, hemendik 100.000 urtera, zu, Kepa eta ni, Xabier, nonbait, nolabait, elkarrekin komunikatu ahalko garela, geure memoria guztiarekin, elkarrizketa hau gogoratuz?”. Eta hemen bere liburuko esaldietako bat gehitzen du: “Ez dago erlijioak bezalako fikzio-zientziarik”.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ezin puntu bare bat izan
Transzendentziarik ez itxaroteak erabat aldatu zion bizitza, eta aurrez aurre jarri zuen bere bakardadearekin. Zer egin bizitzarekin? Zeri eskaini denbora? Amuriza leku askotara bultzatu du barruak, baina beti amaitu du bere ohiko zereginetara itzultzen. “Bizitza zuhaitz bat bezala da. Bazoaz adar batean aurrera, baina laster amaitzen da bidea. Erori nahi ez baduzu, berriro enborrera zatoz. Gorantz ere, igoera nahiko mugatua daukazu. Egiten dituzu saiakerak, zenbaitetan jakinik laster itzuli beharko duzula zeure ibilbide orokorrera. Esaterako, nik asko miretsi ditut idazle edo musikari edo margolari handiak, baina alor horietan ez dut arrakastarik izan. Dohainik ere ez dut izan. Pena itzela ematen dit, adibidez, marrazten ez jakiteak. Artisten zirkuluetan ibili izan naiz, baina ez modu iraunkorrean. Arte guztiek erakarri naute, baina azkenean, bertsolari gizajo bat izan naiz”.

Norabide askotara zabaldu nahiak bizipoza eman dio, baina noizean behin eskertuko luke aiseago asetzen direnetakoa izatea. “Bada puntu bare bat bezalakoa den jendea, hainbeste barne gatazkarik gabea. Hori zorte handia da. Ni ez naiz horrelakoa”. Edonola ere, itxaropen “handiak” ez edukitzea erabaki zuenetik, osoago bizi dela dio: “Euskal Herri askatua? Nik ez dut ezagutuko. Euskal Herri Sozialista? Ez dut ezagutuko. Euskal Herri Euskalduna? Ezta ere. Are gutxiago ezagutuko dut mundu justu eta ez-biolento bat. Itxaropen horien alde saiatuko naiz, baina nire sufrimendu moralak ez baitie ezertan lagunduko, alferrik ez sufritzea erabaki nuen. Beti ez dut lortzen, baina lasaiago sentitzen naiz. Iritsia naiz azken maldara, eta falta zaidan denbora mundutik deskonexio sentimental batean bizi nahi dut”.

Idealak eta beldurrak
Ezin ditu pentsamendua eta sentimendua elkarrengandik bereizi. “Blaise Pascalek badu esaldi ospetsu bat: bihotzak baditu arrazoiak, adimenak ulertzen ez dituenak”. Polita dela dio, baina ez dator bat. “Sentitu, animaliek ere sentitzen dute. Nik ezin dut ezer sentitu pentsatu gabe, eta ezin dut ezer pentsatu sentitu gabe”. Sarri agertzen zaio, ordea, azalpenik aurkitzen ez dion tristura, hormona baten edo batzuen gorabeherak soilik azal dezakeena. “Atzo pozik nintzen, eta gaur, arrazoiak batere aldatu gabe, zergatik nago honela? Kafe bat hartzean, zergatik jartzen naiz berriro animoso? Gogorra da irenstea laborategi kimiko bat zarela. Metaforak utzita, pixka bat bipolarra naiz”. Tristuraren eta euforiaren artean dabiltzan zikloak izaten ditu, egunaren beraren zikloekin bat datozenak sarri: “Goizetan, normalean, nire konstante animikoak behean daude; gauetan, ordea, ez dut oheratzeko gogorik izaten. Behin Alfonso Sastreri esan nion: ‘Sekula ez dut aurkitu arrazoi konbintzenterik ohetik jaikitzeko’. Harrituta gelditu zen. Ba, egia da. Emozioek, askotan, behar ez diren tokietaraino eskapatzen dizute. Zerk gida ditzake? Adimenak. Pentsamenduak. Sentitu behar duzu merezi duena, sentigarri dena, ez zerbait kontrolagaitza. Eta hori pentsamenduaren bidez bereizten eta lortzen da, nahiz eta, batzuetan, pentsamendua bera ere erortzen zaidan”. Azkenean, beheraldietan, sarritan estatistikari heltzen dio: “Orain arteko beheraldiak beti iragankor izan badira, etorriko da berriz ere goraldia”. 

“Iritsi naiz azken maldara, eta falta zaidan denbora mundutik deskonexio sentimental batean bizi dut”

Izan du beste barne talka bat ere bizitza osoan zehar: beldurraren eta idealen artekoa. “Jendeak uste du ni ausarta eta erradikala naizela, baina gizajo bat naiz barrurantz. Era guztietako beldur korrosiboak etortzen zaizkit. Halako batean lortzen dut haietatik askatzea, zentzugabeak direla ohartzea, eta, orduan, tarteka euforia dator, eta, beste batzuetan, depresioa. Nola egon naiz horrela, motibo gabe? Horretaz ohartzeak berak amiltzen zaitu. Baina idealak ere hor daude. Eta ez dakit zerk eragin izan didan gehiago”. Oroitzen ditu bizitzako une asko, eta iruditzen zaio beldurragatik izan ez balitz, askoz urrunago joango zatekeela. Umetan seminariotik alde egiteko gogoa, kartzelako mutinak, bertso saioen aurreko mamuak, ekintza fuerte samarrak, Gernikan Espainiako errege-erreginen aurrean Eusko Gudariak kantatu zutenekoa… Beldurrak gain hartzear zela dio, guztietan ere. Taldeak eta idealek anparaturik egin du bizitzan aurrera. Ez du egin gabekoen damurik edo kezkarik, halere. “Izatekotan, egin ezin izanaren pena”.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zahartzaroa, oinarrira itzultzea
Auzi pertsonalak kanporatzea ez zaio sobera gustatzen. “Beti iruditu zait, bizitzako sentimendurik sakonenetan, bakarrik gaudela. Umetan, seminariotik etxerakoan nekarren poz hura nori hasiko naiz kontatzen? Segituan hasiko zaizkizu erantzuten, ‘ba nik hau, ba nik bestea’. Entzuleak ezin ditu zure sentimenduak jaso zuk ematen diezun indarrez, eta, hori igartzean, dezepzioa dator. Emozioak adierazi esan ohi da, baina ni gehiago naiz gordezalea, sentipen inportanteetan, behintzat. Eta ez kalakarik eman! Hau elkarrizketa bat da, eta zuri nahitaez interesatu behar zaizu nik diodana, baina, bestela, ez dut maite neure barne munduaz mintzatzerik, ez baitago gauza etsigarriagorik ezaxolaz entzun zaitzaten baino”.

Zahartzaroa oinarrizkoranzko itzulera bat bezala bizi du, bere buruaren lehengaiarekin aurrez aurre jarrarazi duen aldi bat bezala. “Jendarteko zurrunbiloan zabiltzanean, batekin demandan, bestearekin desafioan, sar zaitezke era guztietako eztabaidetan, baina zahartzaroan, zeure baitako kontzientziak bizi zaitu. Ni, orain, batez ere, neure buruarekin bizi naiz. Eta zein ditut sentimendu garrantzitsuenak? Beti izan ditudanak. Haurtzarotik datozenak”. Bakartuago egonagatik, banitateak bere horretan irauten duela dio. Liburuko esaldi bat da: “Adinak ez du banitaterik txikitzen, bai umiliatzen”. Eta arrazoitzen du: “Burua pixka bat joaten hasten bazaizu, agian banitatea ere txikituko zaizu, baina, bestela, zure nortasunaren nahia ez da txikitzen. Banitateak ez du esplikaziorik, hor jarraitzen du. Egin dezakezun bakarra da ez dakizula igarri. Edo apaltasun itxura bat eman. Nik ez dut faltseria hori nahi”.

“Bizitza zuhaitz bat bezala da. Bazoaz adar batean aurrera, baina laster amaitzen da bidea. Erori nahi ez baduzu, berriro enborrera zatoz. Gorantz ere nahiko igoera mugatua daukazu”

Orain, denbora nola edo hala betetzea du kezka nagusi: “Denbora hutsa zulo beltza da. Egunari eskatzen diot hutsik ez etortzea. Zereginik gabe, telebistako programa inozo bat ikusi beharrean aurkitzeak beldurra ematen dit”. Gehienetan izaten du zertan jarduna, ordea. Etxe inguruko lanetan, ia egunero, eta idazten ere bai. “Bizitzari aurre egiteko atsegina ematen dit idazketak. Iruditzen zaizunean zerbait ondo adierazi duzula, zeure sentimenduei edo pentsamenduei halako definizio on bat ematen diezula, horrek izugarri betetzen zaitu”. Gehiegizko denborari aurre egitetik ohiturak salbatzen du. “Ohiturak izen txarra dauka, baina ohiturazko animaliak gara. Dohatsua ohitura, zeinari esker beti dakigun zer egin. Mahaian toki batean eseri, taberna jakin batean sartu, halako toki batetik pasatu… Gatazkatsu bihurtzen ez den bitartean, segi horretan. Ohiturak senari jarraitzen dio”.

Zorteko sentitzen da 82 urterekin osasunez ondo delako, baina ez daki egungo bizimoduari noiz arte eutsi ahal izango dion. Bien bitartean, lagunarteak ematen dio poz batez ere, baita ondo dagoela sentitze hutsak ere. “Heriotzarako prestatu behar dela entzuten dut zenbaitetan. Prestatu? Hori etorriko da prestatu gabe ere. Gainera, heriotza dohatsua izango dudala uste dut, pena amaituen poza handiago izango baita poz utzien pena baino”. Eta Euskal Utopikoei Saria izenekoak bildu baikaitu elkarrizketa honetan, kontzeptu horrekin lotutako azken esaldi bat berreskuratu du, epilogo modura: “Zorion handia da izatea hiri batekoa, zeina ez baitzuen ezein konkistarik fundatu, ezein monarkak saritu, ezein enperadorek nominatu. Hiri hori ez da existitzen, baina hangoa naiz”.