Xabat Illarregi: «Txapelketak erakusleiho bat dira»
Xabat Illarregi –
Xabat Illarregi Marzol, leitzako bertsolaria
Etxean «betidanik bertsozaleak» izan badira ere, Joanes anaiari «esker» eman zituen bertsotan aurreneko urratsak Xabat Illarregik (Leitza, 2001). Halaxe dio berak. Anaia bezala, lagun batekin, zortzi urte zituela hasi zen bertso- eskolan, Estitxu Arozena irakasle zutela, eta «oso gustura» joaten zela aitortu digu. Astero bertso-eskolara joanez, «bertsoa gure afiziorik handiena» izatera pasatu zen, eta «saioren batean kantatzeko aukera edukiz gero», ez zuen alferrik galtzen: «beti joan izan gara probatzera eta ongi egitera, nahiz eta ziurrenik ongi egindakoak baino gehiago izan diren akatsak, baina hala ikasten omen da…». Aldi berean, «saio asko» ikusitakoa dela ere adierazi du.
Zale ez ezik, bertsolari ere bada. Eta fin aski moldatzen dela erakusten ari da. Aurten, lehen aldiz, 17 urterekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean izan da eta «esperientzia ederra» izan dela dio. Ez hori bakarrik. Iaz bezala, Nafarroako Eskolartekoa irabazi du. Arantzako saioan, «gustura» sentitu zela eta «aspaldiko mailarik ederrena» sumatu zuela kontatu digu, eta emakumezkoen presentzia ere nabarmendu du: «Nafarroako finalean jendeak emakumeen hutsunea nabaritu zuen bezala, eskolartekoan emakume asko atera ziren plazara, eta horrek poza ematen du».
Nafarroako Eskolartekoa irabazita, Sarako finalean izanen da leitzarra. «Betiko gisara» ari omen da prestatzen, «prestakuntza berezirik egin gabe», «gustura baino gusturago» dabilen Leitzako bertso-eskolara joanez eta «bertsotan eginez». Txapela «edonork» irabaz dezakeelakoan dago, «lau bertsotan neurtzen baita bigarren fasera pasatu ala ez». Baina txapela Nafarroara gustura ekarri nahiko lukeela aitortu digu. «Bi goaz, ez dut ezinezkotzat ikusten», dio umoretsu. Gainerakoan, txapelketez galdetuta, «mesedegarriak» direla uste du, «esfortzu berezi bat egiten da eta horrek bakoitzaren bertso maila igotzen laguntzen du». Horrez gain, «zorionez edo zoritxarrez, txapelketak erakusleiho» bat dira bere irudiko: «jendeak bertan ezagutzen zaitu, eta zoritxarrez, badirudi txapelketan parte hartzen ez baduzu, ez zabiltzala bertsotan».
Helburua gozatzea
Saran bere onena eman eta etorkizunera begira, bertsotan jarraitu; horixe da leitzarrak nahi duena: «lagunarteaz gozatu, jende berria ezagutu, ahal bada plazatxo batzuk egin eta mailaz hobetu». Argi duelako «bertsolaritza gozatzeko zerbait dela».