Xabat Galletebeitia: "Errealitate honetan euskara eta kultura ez dira erdiguneko plaza bat"
Xabat Galletebeitia –
Aintzina Monasterio Magurekik Busturialdeko Hitzan.
Euskaraldian murgilduta gaude, eta Euskara Eguna laster dato. Horietaz eta euskaraz eta bertsolaritzaren arteko harremanaz berba egin dugu Xabat Galletebeitia Abaroa eta Onintza Enbeita Maguregi bertsolariekin.
Bertsolaritzak ze ekarpen egiten dio euskarari?
Ekarpen asko. Euskarari berari presentzia ematen dio, normaltasunez. Euskara bera normalizatzeko balio du zentzu batean. Naturaltasuna edo berezkotasuna bertsolaritzari egozten zaizkion ezaugarri on batzuk dira, eta askotan, horiek, erdaragaz lotzen ditugu gure eguneroko bizitzan. Esate baterako, pasadizoak edo txisteak kontatzeko edo bestelako hausnarketak egiteko ere, gai serioen inguruan berba egiteko, erdarara jotzen dugu askotan. Bertsolaritzak demostratzen du, modu bisual eta argi batean, euskaraz ere egin litekeela hori dena. Euskaraz hausnartu, gogoetak egin, barre eta emozioak euskaraz transmititu ahal direla eta azaldu. Eta hori bertsolaritzak lortzen du.
Euskarak eta bertsolaritzak plaza gehiagoren beharra daukate?
Bai, ez dut uste inor kontrakoa erantzutera ausartuko litzatekeenik. Bizi garen Euskal Herri honetan eta errealitate honetan euskara eta kultura orokorrean ez dira erdiguneko plaza bat. Gure herrietako plaza handiek daukaten lekua ez daukate. Eta bai batak zein besteak momentuz plaza handi edo plaza hegemonikoa okupatuko ez dutenez, plaza txikiak eta askotarikoak edukitzea, sortzea eta daudenak aprobetxatzea behar dute.
Pandemiak euskara umezurtz utzi duela salatu dute hainbat eragilek. Zer behar da horri buelta emateko?
Pandemiak pertsonen arteko harremanak urrundu ditu neurri batean, eta harremanak urruntzen direnean, harreman horiek egiten diren hizkuntza, gure kasuan, euskara, zaildu egiten da. Sare sozialak eta bestelako komunikazio kanal batzuk gehiago erabiltzen hasi gara gure artean, eta horietan, euskarak oraindino ahoz ahokoan baino presentzia gutxiago dauka askotan. Lanbide Heziketako irakaslea naiz Portugaleten, han euskararen egoera desberdina da Lekeitioagaz alderatuta. Erdal guneagoa den batean, euskara gehienbat hezkuntzaren eremuan erabiltzen dutenez, ikasleek etenaldi bat eduki eta erabilera hori desagertzeak igartzen den hutsunea utzi du.
Ahobizi zara. Euskaraldiak zertarako balio duela uste duzu?
Denok edo behintzat parte hartzen dugunok era batera edo bestera inplikatzeko euskararen zabalkuntzan eta normalizazioan. Ahobizi edo Belarriprest izatea bada inplikazio modu bat. Euskarak zer edo zer behar badu da, denon inplikazioa. Euskaraldia batzuei irudituko zaie ez dela nahikoa, beste batzuentzat sekulako ahalegina da, baina uste dut ezin dela ukatu inplikazio edota konpromiso bat hartzea eskatzen gaituela, tarte baterako. Eta gaur egun bizi garen garai honetan, inplikazioak eta konpromisoak daukaten garrantziagaz aukera hori ematen digu.
Eta Euskararen Egunak zer aldarrikatzeko balio du?
Euskaraldiak balio duen gauza berdinerako balio du Euskararen Egunak, baina beste modu batean. Euskararen Egunean beti esan izan dugu Euskararen Eguna urteko egun guztiak izan behar direla. Baina, egun batean, behintzat, normalean baino erdirago kokatzen du euskara egun horrek. Behintzat balio du gure hizkuntzaren inguruko mezua zabaltzeko beste egun batzuetan zabaltzea lortzen ez dugun indarragaz.
Irakurleei eta euskarari bota iezaiezu azken agurra.
Txapa bat ez da soilik
txapa ta pintura,
eusten duen arropak
badu egitura.
Lotu zabaltzen ari
den zirrikitura,
ohiturak aldatzea
bihurtuz ohitura.