Uztia eta eguzkia. Eñaut Agirre
Uztia eta eguzkia –
Eñaut Agirrek egindakoa da honako idatzia, eta Bertsozale Elkartearen web orritik hartu dugu.
Zenbaitek esan lezake kontradikzioan daudela jardun librea eta txapelketa. Neurri batean, ez du arrazoi faltarik. Argazkirik ederrena aukeratzea bezain zaila baita bertsoa epaitzea. Lagun batek esaten zidan, bertso-txapelketa dela, pilotan, bi-paretarik ederrena aukeratzea bezala: azkarra eta azpi-azpitik, Urrutikoetxearena; edo (erremontean bezala) altua eta botea eginda sareetan sartzen dena, Urrizarena? Efektuduna, Barriolaren garai oparoetakoa; edo klasikoa, Altunak berriz modan jarri duena? Eta Retegik Titini egindako hura, lehenengo frontisa joz?
Beti defendatu izan dut bertso-txapelketa, bertsoaren espektakulu ederrenetakoa delako. Bertsozaleak elkartzen gaituelako. Elkarteak irabazten duelako. Bertsolariek euren lan-erremintak zorrotzenean hor jartzen dituztelako. Miresten dut epaileen lan esker txarrekoa; hor ari dira haiek ere itzaleko lanean, erremintak zorrotz-zorrotz eginda. Ez dut gogoan epai-irizpiderik. Nahiago horrela. Hori ere libre xamarra dela pentsatu nahi dut.
Beti izaten dira zuzmurrak hainbat gairen bueltan. Lehengoan bertso-munduko kide batek esan zidan, gure bertso-eskolakoengatik: “Zuek ikusi, baño uztia eta eguzkia errimatze badittuzue, epailliak zigortu egingo dute”. Ez dakit zer erantzun nion; “desastre” iruditzen zitzaidala, edo horrelako zerbait. Gero pentsatu nuen, bertsoa epaitzeko kontua ezin ezberdinago ikusten dugula zenbaitek. Retegiri esatea bezala, Titini egin zion tanto hura gaizki egindakoa zela, bi-paretekoak lehenengo ezker-pareta jo behar duelako. Amets Arzallusek, txapelketa batean, kartzelako lanean, bere burua irudikatu zuen potoa egitera zihoan bertsolariaren lekuan. Ixturaren gainean zihoala zirudien, hesolatik hesolara jauzi eginez, beste aldera, potora, noiz eroriko. Zoragarria. Maisu-lana. Bertso hark, nire ustez, 9,5koa merezi zuen; poto egitea falta, 10ekorako. Ez dakit, poto egin izan balu, nola puntuatuko zioten.
Autore batzuk esana daukate Frantzes euskaldunaren bertsoetan «errima errazteko hartzen diren libertate» direla honakoak: “aldegin zun emendika” edo “kontzientziyan zorrika”. Esan beharrik ez dago, Txirrita jaio zenetik 10 kilometrora horrela hitz egiten dela oraindik, -tik eta –tikan bitarteko formulak erabiliz, alegia, –tika. Baina egia da ereñotzuarrak nahi duenean –tikan esaten duela, nahi duenean –tika eta nahi duenean –tik. Nahi duenean jarri eta nahi duenean ipiñi. Gaurkoek ere horixe egiten dute. Nahi dutenean ote da, eta nahi dutenean ote’a. Nahi dutenean dakartza eta nahi dutenean dakarzki. Nahi dutenean darama eta nahi dutenean daroa. Bertsolaria beti ibili da zubi-lanean, hizkera estandar-antzekoaren eta dialektoen artean. Beti zubi-lanean, lehenaren eta orainaren artean. Beti izan da tradizioaren almazen bizi eta gaur egungoaren kronikari zorrotz, aldi berean. Ez da koherentzia falta. Ahozko poesiaren ezaugarri bat da. Bertsoa bertso egiten duena, eder egiten duena.
Umberto Eco-ri irakurri nion: “erraldoiak baino urrutiago ikusi nahi baduzu, igo zaitez erraldoiaren buru gainera”. Goazen ba gu ere, erraldoiaren gainera. Antzinako adibide bat jarri nahi dugu, eta beraz, jo dezagun zaharrenera, antzinakoenera. Homero. Homero da, dudarik gabe, ahozko poeta zaharrena, eta aipatuena, K.a. VIII. mende ingurukoa. Zenbat mila orrialde idatzi ote dira Homeroren lanez! Poeta guztiak txoratuak zituen Homerok, Odisea eta Iliada, Odisea eta Iliada! Ulises eta Itakarako bidea… fantasia berdin ezinezkoa. Haren sekretuaren bila ibili ziren, mendeetan. “Deskolokatu” egiten zituen Homerok. Haren poesia hainbat gauzetan inkoherentea zen, ilogikoa. Eta nola zen hori posible? Hitz bat lau modu ezberdinetan esana, aditz bat hiru forma ezberdinetan… justifikatu gabeko errepikapenak, zilarrezko armak eta brontzezko armak nahasian, Agamenonen lurrak omen direnak Tirinto eta Argosenak bezala azaltzea tarte batean… Zenbat inkoherentzia. Filologoak izan ziren gogorrenetakoak. Hizkera hura ez omen, koherentea: “dialektoak nahasian”, hitz arkaikoak eta forma berriak testu berean. Azkenerako, Homero bazenik ere zalantzan jarri zuten. Esaten zuten hura zela poeta bat baino gehiagoren lana, garai ezberdinetan idatzia. XX. mendea jo zuen arte, inork ez zuen deskubritu sekretua. Milman Parry izan zen deskubritu zuena. Erantzuna, oso sinplea: Homero ahozko poeta zen, eta hark egiten zituenak ahozko poesiaren beti-betiko ezaugarriak. Ahozko poesia, ordura arte baztertuta zegoena, estimazioa irabazten hasi zen. Europako estrukturalistak isiltzen hasi ziren poliki, poliki, poliki, poliki…
Hara hor, Homero: Antzinako Greziako bertsolaria. Guk ere baditugu Homeroak. Gureak oraintxe ari dira tabladuetan. Nire ustez, bertsoa den jardun libreak, jardun informalak, ez luke formaldu behar; ez nuke nahi. Bertsolaria bertsolari da, eta hautsi egin izan ditu logika gramatiko, filologiko, historiko, narratibo koherenteak; txorrotx, txuxen, eta ixturaz beteak. Ahozko jardun artistikoak bere logika dauka, “ederraren logika”. Zuretzat ederra bada, aurrera! Batzuek horri “bertsoaren logika” esaten diote; Manuel Lekuonak, “logika intimoa”.
Aurtengo txapelketan ere, espero dut, ahozko ezaugarri artistikoek, “bertsoaren logika intimoak” izango duela bere lekua. Zergatikan ere, Homero zalantzan jarri izan da mila arrazoi direla medio, baina inoiz, inor ez da ausartu esaten hark egiten duen poesia zoragarria ez denik, berezia ez denik, bakarra ez denik.