Uxue Alberdi: «Biolentzia ahoskatzeak bertsolaritzaren irudi idealizatua arrakalatzen du»
Uxue Alberdi –
Xole Aramendik Uxue Alberdik plazaratu berri duen Kontrako Eztarritik liburuaren inguruan, Gara egunkarian.
Kontrako eztarritik kantatu dute emakume bertsolariek. Haietako hamabosti eman die ahotsa Uxue Alberdik. Plazetan jasandako indarkeria bere gordinean. Zeresana emango duena. Bati baino gehiagori kontrako eztarritik joango zaion irakurketa.
Hamabost emakume bertsolari. Hamabost testigantza. Nor bere zaurietara, bere barne arrakaletara begira. “Kontrako eztarria” liburua (Lisipe, Susa) bertsolaritzaren eremuan kokatu du, baina jendarteko edozein alorretan balio bera duen tresna politikoa idatzi du Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984).
Elkarrizketatu bakoitzak –20 urteko adin tartea dute eta denak dabiltza plazetan gaur egun– emakume identitatetik, emakume gorputzetik, bertsotan egitea nola bizi duten kontatu dio. Itziar Okariz artistak behin Alberdi berari luzatutako galdera du abiapuntu: nola iritsi bertsora emakume gorputzetik? Ezin baitira banatu zer eta nondik. «Gorputzarena da mintzoa, mintzoarena da gorputza», dio liburuan Alberdik.
Emakume bertsolariaren jarduna azpiratzen duten 22 mugatze mekanismo detektatu eta izendatu ditu. Baita haien gaineko hausnarketa egin ere. «Beste autore batzuek beste leku eta garai batzuetan mugatze mekanismo horiei buruz zer esan duten irakurri eta horrek guretzat balio duten ikusi dugu», azaldu du. Bertsolaritzatik kanpoko esparruetara jo du horretarako, literatura eta artearen eremura. «Adibidez, detektatzea leku beretik datozela desexualizazioa eta hipersexualizazioa. Izan ere, ez baldin baditugu horrela kokatzen, izan daitezke elkar ukatzen duten bizipenak. Baina sistemaren baitan jartzen baldin baditugu eta sistemak emakume gorputzari zer eskatzen dion eta nola irakurtzen duen begiratzen badiogu konturatuko gara biolentzia berberaren bi hegal direla. Batak existitzeko besteak egon behar du, zure gorputza ez da sekula neutroa izango».
Gorputz neutroa, maskulinoa
Gorputz neutroa beti baita gorputz maskulinoa. «Emakume gorputzak etengabe ari dira dialogatzen bertso saio bakoitzean ondoan dituzten gorputzekin, eta aldi berean ari dira dialogatzen emakume gorputz generikoaren historiarekin eta etorkizunarekin. Entzule batek lehenengo aldiz emakume bertsolari bat ikustean irakurketa egingo du: goxoa da, zakarra, polita, gaztea, itsusia, azkarra, tuntuna? Horrek denak narrazio bat sortzen du eta narrazio horrekin batera egiten dugu bertsotan. Gure testuak ez dira abiatzen mikrofonoaren aurrean ahoa zabaltzen dugunean. Ez gureak, ez inorenak. Baina gizonezkoaren gorputza neutroa denez ez dio hainbeste eragiten. Hori azaltzea nuen helburu liburua egitean».
Alberdik 22 urte zituen literaturaren eta bertsolaritzaren plazetara salto egin zuenean. Berehala ohartu zen bere gorputz femeninoak eta gorputz maskulinoek ez zituztela erreakzio berak sortzen. «Nik hasieran ez nuen biolentzia moduan irakurtzen. Baina konturatu nintzen etengabe ari nintzela besteek nitaz egindako irudiari erantzuten, zehazten edo kontra egiten; nire irudimena eta testua bera mugatzen zuen neska gazte bezala irakurria izateak». Betidanik da feminista –«ama eta izeko hala dira»–, etxetik. «Baina ez nintzen jabetzen horrek nola zeharkatzen zuen nire gorputza. Iritsi zen momentu bat ni bertsolari izateko nire burua feminista bezala janzteko beharra sentitu nuena», esan du.
Hamar urte joan dira Ainhoa Agirreazaldegi eta biak bertsolaritza eta feminismoaz hitzaldiak ematen hasi zirela. Eta denbora asko da hainbat emakume elkartzen hasi zirenetik.
Aliantzak eraiki dituzte. Baita espazio propioak sortu ere. «2009an hasi ginen ‘Ez da kasualitatea’ saioekin. Oso inportanteak dira gure umorea lantzeko, gure kodeak sortzeko –elkarrizketatu ia denek aipatzen dute beraien kalitatea igo egiten dela–, konturatzeko besteen zelaian ari garela jokatzen. Hori ez duzu sentitzen zelai propioa sortzen duzun arte. Erosotasun eta talde sentsazioarena, ahizpatasunaren bezala, erraz esan baina kostata eraikitzen diren errealitateak dira», ohartarazi du.
Kontrako erreakzioak
Aliantzak ikusita gizonezkoen aurkako erreakzioak etorri dira. Elkarrizketatu asko dira aliantza horietatik aldentzeko mezuak jaso dituztenak bertso komunitatearen barruan. «Asko hitz egiten da ahizpatasunaz baina oso gutxi anaidiaz, gizonezkoen aliantzaz. Eta gizonezkoek estruktura eta estrategia historikoak dauzkate elkar babesteko, euren posizioa indartzeko».
Bertsolaritzaren definizio tradizionala zabaltzera dator liburua. «Bertsolaritza beti kokatu izan da plano dialektikoan, burutik burura, eta liburu honetan ateratzen dira hainbat aspektu –korporal, emozional, tekniko, estilistiko, ideologiko, sozial– denak txirikordatuta daudenak eta bertsolaritza direnak».
Egunerokotasunaren pisu astuna garbi islatzen dute bildutako testigantzek. «Ez digute esan ‘gu kuadrilla gara eta zuek ez’. Baina bertso saioaren aurretik nork ateratzen dituen hizketarako gaiak, nork gidatzen duen kotxea, antolatzaileekin diru kontuez nork egiten duen tratua, jarduna amaitu ostean nork sentitzen duen autoritatea saioaren analisia egiteko, ea galderarik egiten zaien emakumezko bertsolariei saioan nola sentitu diren… hori dena da».
Izango da liburuko testigantzak irakurrita, ezintasuna bertsolari bakoitzari, haren nortasunari egoztea nahiago izango duenik. «Norbere ezinak norbere ezinari bakarrik egoztea ez da erreala eta ikusten duzunean gatazka horietako asko errepikatu egiten direla konturatzen zara sisteman dagoela gakoa. Urte hauetan denetan horretaz hitz egin dugu eta ondorio horretara iritsi gara. Horregatik erabaki dute bertsolari hauek hainbeste irekitzea eta beraientzat hain intimoak diren testigantzak plazaratzea, hain zuzen badaukatelako eraikuntza eta kontzientzia feminista garatua esaten diena kontatzen ari direna ez direla ez kontu pertsonalak, ez txutxu-mutxuak, ez anekdotak, baizik egitura bat eta mekanismo batzuek azaleratzen dituzten mugatze errepikariak», esan du.
Biolentzia ahoskatzea beti da deserosoa. «Denok, denok, nahiago dugu sinistu eremu ez-biolentoetan gabiltzala. Are gehiago, lan honetan bezala, aztergai denean gure ‘gu’ hurbila, maite ditugun gizon-emakumeekin batera eta maite dugun jardunean egiten dugun gune horretan dauden desberdinkeriak azaleratzen direnean. Biolentzia ahoskatzea deserosoa da guretzat, barruarentzat, baina baita entzuleentzat ere, bertsolaritzaz eduki dezakegun irudi idealizatua arrakalatzen duelako; baina ni sinistuta nago arrakala hori dela aurrerabide bakarra».
Irudi tradizionalarekin talka. «Bertsolariaren irudi tradizionala bada artista herrikoia, gertukoa. Zaleek harreman askoz gertukoagoa dute bertsolariekin idazleekin baino, esaterako. Beti da askoz zailagoa etxean, kuadrillan, militantzian, gaztetxean edo gure eremu maitearen barruan maite ditugun gizonekin dauzkagun gatazkez hitz egitea».
Digestio motela
Liburuaren inguruko erreakzioez galdetuta honakoa dio: «Egia da erreakzio asko jaso ditudala batez ere kazetarien aldetik eta bertso mundutik. Bertso mundutik gutxiago. Baina digestio motelarekin lantzeko kontuak dira eta ez du zertan seinale txarra izan. Jendeari denbora eman behar zaio irakurtzeko, kontrako eztarritik joandakoa irensteko eta liseriketa egiteko», dio.
Emakume bertsolari feministen azken urteotako lana bere emaitzak ematen ari da. «Lortu dugu bertso mundua arazo honi begira jartzea. Garbi dago gizartea desberdinkerian oinarrituta dagoela eta ez dela posible bertsolaritza hortik salbu egongo den irla bat izatea».
Baina aldi berean, bertso sistemak berak ez ditu gauzak errazten. «Bagara mundu txiki artikulatua eta horrek zailtasunak dakartza familia egiturek bezala funtzionatzen duelako munduak bere txikian, baina era berean mugimendu autonomoa da. Bertsozale Elkartea ari da une honetan bere burua birpentsatzen iazko gogoeta estrategikoaren ondoren genero ardatza lehen lerroan jarrita eta seinale ona da. Noski, eztabaidekin, frikzioekin, baina determinazioarekin. Ez dut uste beste alorretan –kazetaritzan, musikan edo politikagintzan– gu baino hobeto daudenik, eta are gehiago, horietan ez dago estrategia kolektiborik horretan pentsatzen jartzeko».
Eta orain zer?
Oraindik hastapenetan dago Bertsozale Elkarteko gizonezko kideekin elkarrizketa konpartitua. «Azkenengo urteotan gizonezkoak ere interpelatuta sentitu dira, bertsolari gizonezko dezente dira genero gaiez arduratzen hasi direnak. Guk askoz urte gehiago daramatzagu honetaz guztiaz pentsatzen eta egia da ez dela berdin pentsatzen posizio batetik ala bestetik. Gure hurbileko gizonezkoek gure gatazka politikoagatik zapalduen partean kokatu dute euren burua, euskaldun bezala, abertzale bezala… baina generoaren gatazka plazaratzen dugunean zapalduaren identitateak ez die balio. Boterearekiko erreakziotik eraiki dudanean nire identitatea, ni zapaltzailea naizenean zer egin? Oso zaila da».
Gizonezkoen elkarrizketarako borondateaz galdetuta, zera dio: «Disposizioa ikusten dut eta aldi berean ikusten dut gatazkan dagoela bertsolaritza egituratuta dagoen moduarekin berarekin. Oso testuinguru lehiakorrean egituratuta dago, txapelketen sisteman, meritukrazian eta kalitatean. Justu zer den bertso ona eta zer ez, zer jotzen dugun naturaltzat eta artifizialtzat, zer den bertsolari totala, hori dena lotuta dago bertsolariari lotutako irudi tradizionalarekin. Eta horrek denok blaitzen gaitu, emakume bezala guk ere deseraiki behar ditugu geure irudi propioak».
Elkarrekin lehian
Elkarrizketatu ia gehienak ordezkagarri sentitu izan dira. Horrek sekulako lehia sortzen du, elkarrekiko inbidia izateraino. Testigantza gogorrak irakur daitezke liburuan. Gaur egun bertso eskoletan %50 dira emakumeak, baina, aldiz, plazan, erdira jaisten da proportzioa, %20ra. Eta bertso afarietan %15era ere ez da iristen. «Plazaratzen denerako, emakume batek badaki momentu horretan daukan tartea %20koa dela. Eta dagoeneko beteta dagoela. Beraz, ez bada horkila zabaltzen berri bat hasten den bakoitzean aurretik ari den bat aterako dela. Ez da sentsazioa bakarrik, genero bakoitzarentzat ze leku dagoen da. Eta guk sinistuta badaukagu horkila hori zabaltzeko beste kalitaterik ez dagoela emakumeetan gauzek berdin jarraituko dute. Baina %50-%5oeko saioak kalitatezkoak ala hobeagoak izan daitezkeela sinesten badugu pauso batzuk eman daitezke».
Oraindik ez. Horixe txapelketetan jaso duen mezua. «Nik frustrazio handia izaten dut txapelketetan iruditzen zaidalako txapelketek askotan emakumeoi itzultzen diguten mezua dela ‘oraindik ez, ez zarete iristen gure bertsolaritza egitera’. Azken Nafarroako Txapelketaren harira –zortzi gizonezko izan dira– entzun dut ‘igartzen zen lanketa feminista gizonezkoen artean’. Hori ona da baina honen buelta bada gizonezkoek oso diskurtso egokia egin baina kopuru berdinean geratzea, ez du ezertarako balio. Kontua ez da finalean zortzi gizonezko egotea, baizik 30 bertsolarietatik 6 zirela emakumeak txapelketaren hasieran». Zergatik? «Plaza biolentoa delako emakumeontzat».
Zauriz beteta datoz orriak, sakonak batzuk, arinagoak besteak. Orbainak erakusteraino biluzten dira hamabost bertsolariak. Tartean bada bortxaketa bat ere. «Nahita ez dut biolentzia hierarkizatu. Tantaz tantako biolentziaz zeharkatuta dago liburua. Eta egitura aldatzen ez den bitartean, bihar, etzi, edo hemendik hamar urtera beste bortxaketa bat gertatuko da bertso munduan. Gertatzen direlako. Idurre Eskisabelek esana da: ‘bortxaketa da emakumeon gorputzak kontrolatzeko mekanismorik indartsuenetakoa eta mehatxua existitu dadin noizbehinka bortxaketak existitu egin behar du’. Gainerako tantaz tantako biolentzia da ahalbidetzen duena bortxaketa bat gertatzea», azpimarratu du.
Orduko hartan erasotako emakumeak ez zuen jakin zer ate jo. Ez zuen Bertsozale Elkartera jo eta ez zuen inoren babesik jaso. «Garai hartan nora jo ez jakitea, babesik ez sentitzea… hori dena da egiturazko biolentziaren parte. Gaur egun Bertsozale Elkartearen gogoetaren barruan ari dira protokoloak lantzen eta antzekoa gertatzean nola jokatu zehazten».
Mina aurrez aurre. Bere gordinean. Uste baino zabalduago dagoen mina. «Bertsolari gazteen diskurtso mailak poztu nau, bizipenak kokatzeko gaitasunak, nik eta nire belaunaldikook adin horretan ez geneukana. Baina nahi nuen pentsatu gazteagoek hainbat kontu gaindituta zeuzkatela eta egia esan elkarrizketa batzuk gogorrak egin zaizkit espero ez nuen sufrimendua topatu dudalako», aitortu du.
Baina minaren gainetik, grina. «Izugarrizko indarra ikusi dut haiengan, konturatu naiz zenbat gustatzen zaien bertsotan egitea eta zenbaterainoko garrantzia duen beraientzat bertsolaritzak», amaitu du.