Uxue Alberdi: “Bertsolaritzaren eta emakumetasunaren definizio tradizionalek talka egiten dute”

Uxue Alberdi –

Harri Fernandez eta Ruben Plazak Uxue Alberdiri egindako elkarrizketa, Noticias de Gipuzkoa egunkarian.


DONOSTIA– Kontrako Eztarritik saiakeran Alberdik emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten 22 mekanismo identifikatu ditu eta, aldi berean, “orainaren erradiografia” bat egin du.

Uxue Alberdi

Itziar Okarizek egin zizun galdera bera egingo dizut: Nola iritsi bertsora emakume gorputzetik?

-Liburua horrela hasten da. Harrituta gelditu nintzen Itziarren galdera horrekin eta, aldi berean, banekien horrek egiaren bat biltzen zuela;bazegoela distantzia bat emakume gorpu-tzaren eta bertsoaren azken emaitza horren artean, literaturan eta esparru publiko guztietan gertatzen den moduan. Lehenengo emakumea ikusten da eta gero ikusten da profesionala edo egiten duena. Emakumetasunak egiten dugunetik apartatzen gaitu;badirudi ezarrita dagoen kategoria sozial horrek gain hartzen diola besteari. Hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu ditut eta Emakume bezala irakurria izateak eragin dizu? Eta eragin baldin badizu, nola? izan zen guztiei egin nien lehenengo galdera.

Zenbat denbora eman zenuen elkarrizketak egiten?

-Saiakeraren ernamuina izan zen joan den uztailean, UEUk antolaturik, Iruñean egin genuen bertsolaritza eta generoari buruzko ikastaro bat. Bertan hitzaldi bat emateko eskatu zidaten;gaia nik erabaki behar nuen. Autoritateaz hitz egiteko ideia nuen, nola eraikitzen eta deseraikitzen den autoritatea bertso munduan, baina bertsotik kanpo. Normalean erreparatzen ez diogun horri erreparatu nahi nion. Horretarako, testigantza batzuk biltzen hasi nintzen. Konturatu nintzen gero eta mekanismo gehiago identifikatzen ari nintzela eta liburu baterako informazioa bazegoela. Bederatzi hilabeteko lana izan da.

Elkarrizketak egiteko garaian askotan identifikatuta sentitu zara?

-Bai. Esan behar da orain dela hamar bat urte liburu hau ez zela posible izango. Ariketa honek konfiantza eta aurre lana eskatzen du bertsolariak ireki diren moduan irekitzeko. Azken batean, izen-abizenez sinatzen dituzte euren testigantzak eta iruditzen zait oso ariketa ausarta eta eskuzabala dela beraien partetik. Nabaritzen da zenbat pentsatu eta eztabaidatu duten euren artean, iruditzen zaidalako debatea oso maila altuan kokatu dutela. Askorekin identifikatuta sentitu naiz eta bertsolari izan gabe ere edozein emakume identifikatu daiteke. Batzuetan badirudi horrelako liburuak emakumeentzat direla, baina esango nuke are interesgarriagoak direla gizonentzat.

Esan ohi da plazan emakume mordoak egiten duela bertsotan, baina ‘Bertsolaritzaren Azterketa Soziologikoa 2005-2018’ ikerketak dio, batez beste, %25 bakarrik direla.

-2018an egin zen azken ikerketa soziologiko hori. Ehunekoa ez da berdina saio mota guztietan. Bertso-afarietako emakume kopurua ikusiko bagenu, askoz baxuagoa izango litzateke;saio instituzionaletan, aldiz, altuagoa. Bagabiltzanok badakigu emakumeak %20 eta %25 artean daudela, literaturan dabiltzan emakumeen antzeko ehunekoa.

Pertzepzioa, orduan, zergatik da desberdina?

-Emakumeok asko okupatzen dugulako. Hiru egunetan segidan toki bat hartzen baldin badu emakumeei buruzko berri batek, irakurlearen pentsamendua izango da Hara, zenbat emakume! Argian lan egiten nuenean elkarrizketa pertsonalak egiten nituen;behin, autoanalisi bat egin nuen ikusteko ea zenbat emakume elkarrizketatu nituen. Saiatzen nin-tzen ahalik eta gehien izan zitezen, eta datua zen elkarrizketatu nituen %39 bakarrik zirela emakumeak. Halere, kalean batek baino gehiagok galdetu izan zidan ea emakumeen elkarrizketatzailea ote nintzen. Erantzun azkarra da gizona dela neutrotzat hartzen dena. Badirudi gizonezkoek ez dutela generorik. Halakoetan garrantzi-tsuena da datuetara joatea, ikusteko zelako aldea dagoen pertzepziotik errealitatera.

Emakumeen ikusgarritasuna gizonen desiraren neurrira eginda dago?

-Neurri batean bai. Desberdinkeriaz edo genero gatazkaz hitz egiten dugunean zertaz ari garen azaltzera dator liburua. Guztiok gaude, orokorrean, berdintasunaren ideiarekin ados, baina gero neurri zehatzak eskatzen direnean badirudi feministoi leporatzen zaigula esajeratuegiak izatea edo arazoak ikustea ez dauden tokian. Burura etorri zait Oihana Bartraren testigantza bat: bertso kantuan harreman erotikotik edo sedukziotik ateratzen zenean, askotan sentitu du desagertu egiten zela bertso saiotik;beste gauzen artean, neska polita delako grazia zeukala, nolabait, gizonezkoarekin sedukzio jokoan ari baldin bazen. Hori kenduta, desagertu bezala egiten zen. Gauza hauek ez dira bakarrik bertsolaritzan gertatzen, aktoreek ere esaten dizute, adin batetik aurrerako emakumeek lan askoz gutxiago topa-tzen dutela. Zergatik? Gizonezkoen desira heteropatriarkalaren kanonetatik urruti daudelako. Bertsolaritzan testua, errima edo doinuari buruz hitz egiten dugu, baina ez dirudi gauza hauek guztiek eragiten digutenik;eta egiten dute, hauek direlako bertsotan hasi aurretik handitzen edo txikitzen zaituzten gauzak.

Gai-jartzaileek gai bat jartzen duten momentuan kanpo identitatearen eraikuntzan eragiten dute?

-Saiakera honetan badago ahalegin bat bertsolari izateak zer suposatzen duen azaltzeko, bertsolaritza beraren definizioa osatzeko eta zabaltzeko. Horretarako interpelatu egiten dira sisteman parte hartzen duten alor guztiak: bertso-kideak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, publikoa, komunikabideak… Gai-jartzaileen figura, askotan, gauzak alde batera edo bestera eramateko bide zuzenena da. Berdintasunaren bidean edo eraldaketa baten bidean gai-jartzailearen figura oso garrantzitsua izaten ari da, publikoa eta bertsolarien artean zubia delako. Baina egia da gai jartzaileak kon-tzientzia hori ez baldin badauka kontrakora ere eraman dezakeela.

Gauzak aldatzen ari dira?

-Esan beharra dago bertso mundua ahalegin bat egiten ari dela eta gai-jar-tzaile asko kontu hauek lantzen ari dira. Gai-jartzaile feministak ere badaude;nahiago genuke gehiago balira. Halere, bertsolaritza ez dago beste alorrak baino askoz atzeratuago;bertsolaritza gizartearen ispilu da eta beste edozein jardunetan dauden problema berberak islatzen dira liburu honetan. Bertsolari feministek bere burua artikulatu dute eta lortu dute genero gatazka erdigunean jartzea. Gaur egun, bai gai-jartzaileak bai antolatzaileak, bai Bertsozale Elkartea bera, bai publikoko jende asko eta bai bertsolari asko euren burua ari dira genero kontuetan janzten eta, pixka bat, posizioa hartzen gatazka honen aurrean. Asko dago egiteko, baina hori lorpen bat iruditzen zait.

Emakume bertsolarien lana mugatzen duten 22 mekanismo identifikatu dituzu.

-Hori izan da nire lana. Bertsolariei elkarrizketa luzeak egin dizkiet eta arreta jarri dut esan didaten horretan ea azpirakuntza mekanismorik ikusten ote nuen edo ez. Ikusten baldin banuen, identifikatu, izendatu eta azaldu egin dut. Azalpenetarako erabili ditut bertsolaritzaz kanpoko teorizazioak, bereziki, literatura eta arte mundukoak. Euskal Herritik kanpoko autoreek eta beste garai batzuetan egindako lanak erabili ditut ez garelako gu lehenengoak hau pentsatzen, eta ez garelako lehenak hau paira-tzen. Besteek pentsatutakoek gure-tzako balio dute eta guk esandakoek balio dute beste edozein arlotarako;zubi horiek egiten ahalegindu naiz.

Saiakeran diozu bertsolari moduan ez funtzionatzeak eta emakume moduan ez funtzionatzeak bi zama direla.

-Svetlana Aleksiévich Nobel sariak idatzitako Gerrak ez du emakume aurpegirik aipatu dut. Liburuan deskribatzen duen irudi bat oso argigarria iruditzen zait. Kontatzen du nola Bigarren Mundu Gerran Errusian soldaduak behar zirenez, emakumeak onartu zituzten. Haiek deserotizatu eta desexualizatu egin zituzten. Gizonezkoen arropetan sartu ziren literalki, ez zegoelako beraien-tzat egindako gerrarako jantzirik eta materialik. Gizonezko soldaduen eran funtzionatu zuten. Gerra amaitu zenean, gizonezko soldaduek ez zuten gerran egondako emakumerik emaztetzat nahi, ezta beraien seme-alaben amatzat. Interesgarria iruditzen zait nola eraiki eta deseraiki daitekeen emakumetasuna. Hau da, soldadu bat behar baduzu, gorputz horrek balio du, baina feminitatearen eraikuntza kendu egiten diozu. Baina gerratik kanpo emakume izateak beste zerbait esan nahi du: ama izatea, maitasunerako egotea. Emakumearen bestelako eraikuntza bat egiten da. Justu elkarren kontrakoak dira: gerrarako balio duenak ez du emazte eta ama-tzat balio eta amatzat eta emaztetzat balio duen horrek ez du gerrarako balio.

Nola aplikatzen da ideia hori bertso munduan?

-Antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Bertsolaritzaren definizio tradizionalak talka egiten du emakumetasunaren definizio tradizionalarekin. Bertsolariak, tradizioz, parranderoa, lotsagabea, protagonista, zirikatzailea, iritzia defendatuko duena, publikoa, soziala eta plazagizona izan behar du. Aldiz, emakumetasuna beste balore batzuen gainean eraiki da, diskretua izatean, ez gehiegi nabarmentzean, etxekotasunean eta ez plazan, ordu txikitan kalean ez egotean Plazan hasi nintzenean esan zidaten: Zer ondo, gaur egungo emakume bertsolariek emakumeak ematen duzue. Esaten ari zirena zen aurreko guztiak ez zirela guztiz emakumeak. Testigan-tza askotan ikusten dena da nola emakume bertsolariei esan zaien beraiek egiten dutena ez dela bertsoa, poetikoegia edo diskurtsiboegia delako, edo ez duelako umorerik. Hau da, ez delako sartzen maskulinitatearen kodigo batzuetan. Alderantziz ere bai: edo hori ez da bertsoa, edo hori ez da emakumea.

Beste diziplinetan ere gertatuko da.

-Gauza bera gertatzen da literaturan. Bihar Eider Rodriguezek Donostian aurkeztuko duen Idazleen gorputzak deituriko Lisipeko hurrengo alean agertzen da nola historikoki emakume askok beraien emakumetasuna ukatu duten idazle izan nahi zutelako. Horretarako bide asko izan dira: pseudonimoarekin sinatzea, feminitate marka guztiak ezabatzea edo beraien idazketatik femeninotzat jo zitekeen guztia ezabatzea, besteak beste. Uste dut emakume publiko guztiak talka horretan daudela, serio har zaitzaten feminitatea neurtu edo mugatu behar duzula.

Gizarteak badu emakume bertsolariaren inguruko estereotipo osaturik?

-Zaila da esatea, gaur egun plaza asko aldatu delako. Aste batean oso giro feminista batean kantatu dezakegu eta hurrengo aste batean herri txiki batean, landa eremukoa eta bereziki gizonezkoak dauden toki batean. Ez dut uste orokortu daitekeenik. Liburu honek orainari tenperatura har-tzen dio. Lagin esanguratsua da. Jaso-tzen da zer den, orain eta hemen, emakume bertsolari izatea eta zerekin gauden gatazkan, zerk ematen digun indarra. Hemendik urte batzuetara polita izango da atzera begiratu eta alderaketa bat egitea zer aldatu den ikusteko. Orain arteko emakume bertsolari asko, hasteko, historian galduta gaude;justu-justu izenak berreskuratzen ari gara, baina bertsoak galduta daude. Zer esanik ez, beraien testuingurua. Ez dakigu ezer bertsolari gizonezkoekin zuten harremanen inguruan, euren artean artikulatuak ote zeuden edo hitz egiten ote zuten. Orainaren erradiografia hor gelditzea garrantzitsua iruditzen zait. Gainera kolektibo gisa autoerretrata-tzea ere gauza ederra dela uste dut.

Diozun bezala, bertsolaritza gizartearen isla da.

-Esan bezala, bertso mundua ez dago gizartea baino atzeratuago. Kalean eraso sexistak baldin badaude, lan munduan soldata arrakala baldin badago, kiroletan edo telebistan gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago baldin badira… Hori dena, gurean berdin gertatzen da. Bertsolariok berezitasun bat dugu: elkarrekin egiten ditugu saioak. Bertsolariak derrigor beste gorputzekin egiten du bertsotan. Etengabe gaude gizonekin hitz egiten, disfrutatzen, pasio konpartitu bat dugulako;eta, aldi berean, gizonekin edo tradiziotik datorren bertsolaritzaren definizioarekin frikzioan gaude. Frikzioa eta aukera da, elkarrekin egiten dugulako. Beste alorretan baino entrenatuagoak ere bagaude berdintasunezko jardun baterantz egiteko. Hori guztiok daukagu argi: edo elkarrekin egingo dugu edo ez dugu egingo, bertsolaritzan ez dira bi liga sortuko, emakumeena eta gizonena.

 


 

IDAZLE ETA BERTSOLARIA

Uxue Alberdi

“Emakume bertsolariei esan zaie beraiek egiten dutena ez dela bertsoa, poetikoegia edo diskurtsiboegia delako, edo ez duelako umorerik”

“Guztiok berdintasunaren ideiarekin ados gaude, baina neurri zehatzak eskatzean badirudi feministoi leporatzen zaigula esajeratuegiak izatea”

“Berezitasun bat dugu: elkarrekin egiten ditugu saioak. Bertsolariak derrigor beste gorputzekin egiten du bertsotan”

“Lehenengo emakumea ikusten da eta gero ikusten da profesionala;emakumetasunak egiten dugunetik apartatzen gaitu”

 

Uxue Alberdi
Uxue Alberdi
Uxue Alberdi
Uxue Alberdi
Uxue Alberdi
Uxue Alberdi
Uxue Alberdi
Uxue Alberdi