Urtea hamabi bertsoalditan. 2016.
Urtea hamabi bertsoalditan
Bertsoa.eus sareko plazak begirada zabala eskaini dio 2016 urteari, eta saio zein une esanguratsu anitz bildu dituzte. Bideoak bertan dituzue ikusgarri.
………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………
Urte oparoa izan da 2016a bertsogintzari dagokionez. Urtero bezala, plazaz plaza ibili dira bertsolariak, baina izan dira ekitaldi bereziak ere.
Lau txapelketa
2016an lau txapelketa izan dira: taldekakoak egin dira Araban eta Nafarroan, eta bakarkako txapelketak Bizkaian eta Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarren. Nafarroako Bardoetan Leitzako “Atekaberts” taldea nagusitu zen Etxarri-Aranatzen egindako bukaerako festan, martxoan. Martxoan egin zen Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoaren azkeneko saioa ere, Argantzunen. Ekimenean parte hartutako 14 taldeetako bertsolariek kantatu zuten azkeneko saioan.
Udaberrian hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere, eta udako atsedenaren ondoren, udazkenean itzuli zen. Abenduan jokatu zen finala, eta Etxahun Lekueren buruan jarri zuen txapela Xabier Amurizak. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa, berriz, udazkenean jokatu zen, eta Sustrai Colinak jantzi zuen txapela bigarrenez.
Xabier Amurizaren agurra
Bertsogintza modernoa ulertzeko ezinbesteko bertsolari batek plazak agurtu zituen udaberrian: Xabier Amurizak esana zuen 75 urte betetakoan erretiratuko zela bertso-plazetatik, eta Altzon bete zuen hitza. Miren Amurizarekin bertso-afari ederra egin ondoren, “Lurra” abestia kantatuz eta entzuleen txalo artean eman zuen bere bertso-ibilbidea bukatutzat.
Eskolartekoak
Ohi bezala, aurten ere Eskolarteko Txapelketak izan dira herrialde guztietan. Herrialdeetatik sailkatutako bertsolari gazteek ekainean jokatu zuten finala Ereñotzun, Txirritaren heriotzaren 80. urteurrena gogoan. Txaber Altubek jantzi zuen txapela azkenean.
Europa Bat-Batean
Beste doinu, hizkuntza eta modu batzuetan ari diren bertsolariak ezagutzeko aukera ere izan da aurten, “Europa Bat-Batean” ekimenari esker. Udaberrian Girotze Saioak egin ziren Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Uztaritzen, Markina-Xemeinen eta Aramaion, Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetatik etorritako ordezkariekin eta Euskal Herriko bertsolariekin.
Uztailean, berriz, Donostian izan ziren Topaketetara Mexiko, Kuba, Gales, Austria, Zipre eta Menorkako ordezkariak etorri ziren kantura, Portuan, Tabakaleran, Donostia 2016ren egoitzan, Alde Zaharrean eta Kursaalean egin ziren saioetara. Eta, tartean, Oñatin ere saioa eskaini zuten. Gainera, kantu inprobisatuaren inguruan lanean ari diren mundu osoko adituekin saio akademikoak izan ziren Miramar Jauregian.
Plazaz plazako jarduna
Gainera, urtea joan eta urtea etorri antolatzen diren ekimenak ere izan dira aurten: Bertso Eguna Donostian, Bertsoaroa Iruñean, Lizardi Saria Zarautzen, Osinalde Saria Gabirian, Xenpelar Saria Errenterian… Emanaldi berezi batek ere hasi du bidea: “Testurak“. Eta, horrez gain, plazaz plazako ohiko jardunean aritu dira bertsolariak.
Urteari hamabi bertsoalditan eman diogu errepasoa.