Urte zaharra joan zaigu-eta zoriona, non zaude?

Urte zaharra joan zaigu-eta –

Jexux Aizpurua Barandiaran, Iruneron.


Doinua; Andre Maddalen

 

Urte zaharra joan zaigu-eta

 

Urte zaharra joan zaigu-eta
bakoitzak daki nolatan
Zorionaren bila gabiltza
urrutiko ametsetan
Ez gara asko gu konturatzen
daukagula hemen bertan
Eguneroko pozaldietan
eguneroko gauzetan

 

Egunsentian argi-izpiek
dakarten hotz-epeletan
Ez bilatu hor telebistako
etengabeko hitzetan
Ez bilatu hor beti deika den
kontsumo-hatzaparretan
Aurki daiteke On Kixoteren
orri gozo-ederretan

 

Egon daiteke olatuaren
apar zuri mikatzetan
Edo bestela bustitzen duen
han-hemengo hondarretan
Edo lagunak lagun badira
benetako jarreretan
Ez da ikusten baina hemen dabil
kale eta mendietan

 

Edo airean entzuten diren
musikaren doinuetan
Edo hondartzan itsasoaren
orru bortitz sakonetan
Edo artean edo kulturan
kolore gai anitzetan
Kalean doan horrengan ere
begirada on hotzetan

 

Bakardadean ikusten dugun
irundarraren kopetan
Familiaren goxotasunez
poz-atsegin ta penetan
Edo bestela gora begira
goiko izarren hautsetan
Zoriontasunak kabia badu
bakoitzaren erraietan

 

Lagun hurkoa ez dugu urrun
gure egunerokoetan
Baina arrotza egiten zaigu
guri horrelakoetan
Kanpotik noiz-nahi datozen horiek
zer dute euren buruetan?
Gu ere etorri ginela noizbait
ahaztu al dugu benetan?

 

Elkartasunik ez baldin bada
zergatik mundu honetan?
Sarritan gu ez ote gabiltza
geure buruen kaltetan
Gure arbaso diren haiekin
gaude gu beti zorretan
Bizitza bizi errespetuan
une gozo-mikatzetan

 

Negua ere gurea baita
naturaren erroetan
Zaindu dezagun etenik gabe
bizitzako bideetan
Urte Berria ongi-etorri
gorde poza bihotzetan
Eta bizitzan diren tarteak
bizi une guztietan