Urko Egañak Iurretako XX. Literatur Lehiaketaren bertsolaritza saileko lehen saria jaso du

Urko Egañak Iurretako XX. Literatur Lehiaketaren bertsolaritza saileko lehen saria jaso du –

Nerea Urangak, Uztarrian.


Bertsolari azpeitiarrak ‘Laster arte’ izenburuko bertso idatzien sortarekin irabazi du lehiaketako bertsolaritza saileko sari nagusia.

Urko Egaña bertsolari azpeitiarrak Iurretako XX. Literatur Lehiaketaren bertsolaritza saileko sari nagusia jaso du gaur, Iurretan (Bizkaia). Laster arte izenburuko bertso sortarekin irabazi du lehen saria. “Heriotzaren atarian, aitona batek bere emazteari idatzitako azken agurrean oinarritzen da” bertso sorta, adierazi du Egañak.

Hona hemen Egañaren bertso sorta irabazlea:

 

Urko Egañak Iurretako XX. Literatur Lehiaketaren bertsolaritza saileko lehen saria jaso du

 

 

Laster arte!

Doinua: Mendian gora haritza

 

 

1.- Herioren humorean
joateko tenorean 
denera zazpi bertso idatzi
dizkizut gordean.
Gaur bertso hauek parean
badaukazu paperean,
akaso egin beharrekoak 
egin ditut behean.

 

2.- Kaixo laztana, ahal dela
ez egin negar bestela,
bai baitakizu triste jarriko
nintzatekeela.
Hartu bertsoon epela
ta irakurri horrela
irudikatuz zure ondoan
banengo bezela.

 

3.- Ez naiz bizitzaz gogaitu
baina ezin dut jarraitu,
berak ni igual baina nik bera
ezin dut epaitu.
Nahiz bihotza malkoz blaitu
ezin dut triste amaitu,
gazitik baino gozotik askoz
gehiago izan baitu!

 

4.- Eta gozo horren parte,
ikur edo estandarte,
zu izan zaitut izan ditugun
alabak bitarte.
Bizi izandako tarte,
une goxo ta pasarte
denak berriro biziko ditut
hiltzen naizen arte.

 

5.- Denbora igaro ahala
zu ondoan zaitudala
iruditzen zait urteak egun
egin zaizkidala.
Argi daukat dakidala
noan tokira noala
zure zati bat beti nirekin
izango dudala.

 

6.- Gogoratzen naiz duela
zenbait urte badirela
heriotzari buruz hizketan
aritu ginela.
Oso seguru geundela
gerora zerbait badela
eta banatzen gaituenak han
batzen gaituela.

 

7.- Baina laztana orain zuk
hau onartzea behar dut
ta behar diren indar guztiak
bidaltzen dizkizut.
Beste urte eder batzuk
bizitzea opa dizut.
Presarik gabe, ikusi arte!
Asko maite zaitut!

Urko Egañak Iurretako XX. Literatur Lehiaketaren bertsolaritza saileko lehen saria jaso du