Unai Irigarai: “Errepara diezaiogun egindako bideari, bidea egiten jarraitzeko”
Unai Irigarai –
Bertsozale Elkartearen ataritik.
Nafarroako bertsolaritzaren dokumentazioa eta ikerkuntza programa garatzeko hitzarmena sinatu dute aurten Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 2022ko azaroaren 10era bitarteko iraupena izango du hitzarmenak, eta 40.000 euroko zuzkidura du.
Bertsozale Elkarteak, bertsolaritza geroratzeko helburuari jarraika, dokumentazioa eta ikerkuntza bere jardunaren oinarritzat ditu. Bertsolaritzak eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko ahaleginean aritzen da Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin batera; besteak beste, urtean zehar egiten diren bertso ekitaldiak dokumentatzen (audio eta bideo grabazioak, argazkiak, transkripzioak,…) eta bertsolaritzarekin lotutako biografiak eguneratzen. Eta aurten, Nafarroan egiten den lan horrek aitortza eta finantzazioa jaso ditu Euskarabidearen eskutik.
Gainera, lurraldean bertsolaritzak izan duen bilakaera aztertzeko ikerketa egiteko aukera eman du. Unai Irigarai Oses ari da ikerketa hori osatzen: “Azken 15 urte hauetan Nafarroako bertsolaritza plazak izan duen argazkiari erreparatu nahi dio ikerketak. Argazkiari soilik ez, baizik eta argazki horren gibelean dauden hainbat elementu soziologikori ere; tartean, genero arrakala, belaunaldi berrien sartzea, eremu desberdinetan bertsolaritzak duen presentzia eta bertze hainbat joera soziologikori ere”, azaldu du Irigaraik.
Hasierako fasean da orain ikerketa hau – udan galdetu diogu Unai Irigarairi -, argazki orokorrari erreparatuz eta ondorio nagusiak ateratzen: “Udazkenarekin batera iritsiko da argazkiaren gibelean dauden arrazoiak bilatzeko tartea eta ikerketaren emaitzak aurkeztekoa ere. Errepara diezaiogun bideari, bidea egiten jarraitu ahal izateko”.