Txomin Garmendia: "Gero eta gehiago zaletzen hasi nintzen eta nire buruari esan ere bai: Ni ez ote naiz bertsolari izango?"

Txomin Garmendia –

Aiurri hedabidetik, hemeroteka.


Berrobin jaioa, 1934 urtean. Duela 34 urte etorri zen Amasa-Villabonara. Bertsolari eta idazle ezaguna da eskualdean eta Euskal Herrian.

 

 

Zein izan ziren bertsolaritzan emaniko lehen urratsak?
Betidanik gustatu izan zait bertsoa, baita irakurtzen hasi aurretik ere. Gure aita oso bertsozalea zen eta bertso zahar asko zekien. Behiak jeztera joaten zenean, askotan, bertso zaharrak kantatzen aritzen zen, eta ni berriz, pozik entzuten. Bertsolarien kontu asko zekien hark; Txirrita eta Pello Errota ere ezagutu zituen Berastegiko plazan San Lorentzo festetan kantatzen. Nirezkoa ere izango nuen, baina aitarengandik hasi nintzen zaletzen. Gero, eskolan hasi ginenean bertso paperak irakurtzen hasi ginen. Aitak azokatik ekartzen zituen eta haiek irakurrita, ikasi eta kantatu egiten nituen bertsoak. Baserriko lanetan, asto nahiz gurdi gainean zenbat bertso kantatu ote dut mendi bazter haietan… Gerora, neroni behiak jezten hasi nintzenean, aitaren martxa jarraitu nuen, berdin-berdin. Pixkanaka han eta hemen bertso zaharrak eta berriak kantatzen hasi ginen lagunartean nahiz tabernan. Bertsolariak entzuten ere bai… Gero eta gehiago zaletzen hasi nintzen eta nire buruari esan ere bai: Ni ez ote naiz bertsolari izango?

Gogoan al duzu zure lehen saioa?
Bai. Orduan Luistarren eta Mariaren alaben kongregazioak izaten ziren eta Berrobin urte batzuetan Luistarren festa egin zen. Festa haietako batean kantatu nuen lehendabiziko aldiz plazan, 18 urte nituela, Joxe Joakin Mitxelena eta Sebastian Eizmendi Loidisaletxerekin batera. Plazan lehenengoz aritu nintzelako pozik, baina ez nintzen saioarekin gustura geratu. Badakit bertsotan ez nuela ondo egin, hasieran ez dago egiterik gainera. Luistarren buru egiten zuenak, soldata bezala, bost duro eman zizkidan eta garai hartarako diru asko zen hura. Alde horretatik ere oso pozik geratu nintzen, beraz.

Berrobiko saiotik aurrera plaza gehiago…
Pixkanaka, tabernan zertxobait luzitzen hasi ginen eta soldadutzara joan aurretik hainbat plaza, afari nahiz bileratan hartu nuen parte. Esaterako, gogoan dut Urkizuko Sanpedrotan nola kantatu genuen Loidisaletxek eta biok. Burgosen egin nuen soldadutza eta han nintzela, Arantzazuko aldizkarian agertu ziren bertso batzuk jarri nituen. Ondorioz, kartzelara sartu ninduten ‘injurias al ejercito español’ pekatu egiteagatik. Bertso haietan euskaldunentzat soldadutza bizimodu gogorra zela aipatzen zen eta horregatik pasa nituen 42 egun Martutenen. Handik laster, 1959an, Usurbilgo Aginagan, Luistarren bertsolari txapelketa etorri zen. Agirre azpeitiarrak atera zuen lehen saria eta niri eman zidaten bigarrena. Udazken hartan bertan, Ordizian Gipuzkoako gazteen txapelketa jokatu zen eta han berriz, lehen saria eman zidaten. Poz ikusgarria izan zen niretzat.

Gutxiago izanagatik, oraindik ere jarraitzen duzu kantuan…
Gaur gazteria etorri da eta lekua utzi beharra dago, baina oraindik ere han eta hemen ibiltzen gara tarteka: zaharren eguna dela, festaren bat dela… Joan zen urtarrilaren 30eko Bertso Egunean, esaterako, Etxeberria eta biok kantuan aritu ginen Kursaalen. Tarteka pozik aritzen naiz, baina egun ez daukat lan askoren beharrik.

Nola ikusten duzu egungo bertsolaritza?
Osasuntsu ikusten dut. Orain Nafarroako txapelketa ere hasi da, hogei partaide baino gehiagorekin. Garai batean zeinek esan hainbeste partaide Nafarroan behar zuenik. Zeinek esan Araban bertsolariak izango zirenik. Adar horiek jorratzen doaz eta ona da hori, dudarik gabe. Nafarroakoa txalogarria iruditzen zait. Oraindik Nafarroa Euskal Herria ez dela esaten dutenak badaude eta orain etorritako giro hori gauza polita da. Hala ere, garai bateko elkartzeko bertso giro edo zaletasun hura galdu egin da orain, baita elkarri zirikatzeko gogoa ere.
Gure garaiko gaiak etxekoak ziren, herrikoiak: langilea, nagusia, morroia; artzaina, arkume-erostailea, tratalaria; karabineroa, kontrabanista… Egun, mundu zabaleko berriak egunero jasotzen ditugu etxean eta gaurko gaiak ere halakoxeak dira, mundu zabalekoak.

Sendoa argitaletxean urte luzez egin zenuen lan. Zein oroitzapen gordetzen duzu?
Niretzat aberasgarria izan zen giro horretan bizitzea. Bazter franko ikusi nuen eta ikasi ere bai. Guk saltzen genituen ia liburu gehienak euskarazkoak eta bertso girokoak ziren eta horrek jende asko ezagutzeko aukera eman zidan. Beharbada diruz ez hainbeste baina, kultur eta historia aldetik aberasteko modua izan zen lan hura.
1980 urtean auto istripua izan nuen Amuriza bertsolariaren despedidatik etxera nentorrela. Istripua eta gero, Aita Zavalak bultzatuta hasi nintzen idazten. Osatu nintzenean, Sendoa argitaletxean liburuak saltzen hasteko gonbidapena iritsi zitzaidan. Orduz geroztik ez nintzen gehiago tailerrera lanera joan.

‘2008ko nere egunkaria’ liburua kaleratu berri duzu…
2008 urtean, egunerokoetan berri handi samarrik baldin bazen, egunero idazten nuen pasarteren bat eta bertso batekin borobiltzen nuen idatzitakoa. 2008 urteko egun guztietan idatzitako testuak jaso ditut liburuan. Gaiak denetarikoak. Hori bai, eguneko berri guztiak biltzerik ez dagoenez, niri begia jo didatenak jaso ditut. Bestalde, hil bakoitzari esaera bat jarri diot. Esaterako, ‘Otsaila: Motza izateko obea’.

Egunerokoa idaztea, lan lotua?
Argi ibili behar duzu. Grazia egin dizun berri hori apuntatu egin behar da lehenbizi eta landu gero. Badu bere lotura, egunero jarraitu egin behar baitzaio. Pixka bat atzeratzen utziz gero, ihes egiten du txoriak. Nik orain denbora daukat eta antzeko liburu bat egiteko denbora behar da. Lantoki batera goizero joan behar duenarentzat ez da  lantegi egokia.

LEHENGO BERTSOLARITZA ETA EGUNGOA, BI MUNDU
Bertsoaren bihotza bakarra izanagatik, asko aldatu dela adierazi du Txomin Garmendiak, “bertsolaritza menditik kalera jaitsi baita. Gaurko bertsolari gehienak unibertsitateko jendea dira eta, gure garaian, baserritar edo artzain jendea zen bertsolaria. Bi hizkuntza ezberdin daude, beraz: gaur beste modu eta neurri batzuetara kantatzen da. Gure garaian, oro har, ez zen bertso luzerik kantatzen; lau edo bost puntukoa abesten zen, zortziko txikian edo handian, hamarreko txikian edo handian. Hori zen orduko ohitura eta gure aurreko bertsolariei ere halaxe entzuten genien. Orain zortzi, bederatzi edo hamar puntuko bertsoak abesten dituzte gazteek eta beste molde bat sortu da. Garai bateko bertsolariei bertso asko nola bukatuko ziren antzematen zitzaien. Egun zaila da hori gertatzea”. Egungo bertsolari gazteak buruko makinaria asko landu duela uste du, “beste giro batean bizi dira eta garai bakoitzak bere emaitzak ditu. Bada aipatu nahiko nukeen gauza eder bat: gazteria zaletu dela bertsotarako. Gure garaian amorrazio franko izan genuen: festara joan eta soinua isiltzean, neska gazteek batez ere, dantzan jarraitu nahi izaten zuten. Gu bertsotan hasi eta haiek ezin izaten zuten dantzan egin. Gaur ez dago, garai batean bezala, dantzarako gogorik. Txapelketetan bezala saioetan, neska gazteak ikusten dira egun gizonezkoak hainbeste. Hori bertso eskolek ekarri dute neurri handi batean. Gure entzulea jende heldua izaten zen gehiago. Gaur heldua baino gazteria ikusten da nagusi eta aldaketa hori Euskal Herriaren nahiz euskararen onerako izan da”.
Txominen garaian, plazan baino bertso gehiago abesten zuten tabernan, “plazako saioa egin arren, jendea tabernako bertsoen zain egoten zen. Herri batera joan eta iluntzean etxera etorri behar zenuela esanez gero, gozoa jarriko zen zenbait. Orduko baserritarrak ukuiluko lanak egin eta gauean etortzen ziren herrira, tabernako bertsoak entzutearren. Bertsorik onenak, gure garaian behintzat, tabernan kantatzen ziren. Gaur, berriz, plazako saioa egin eta handik kanpora ez dizu inork bertsoak tabernan kantatzeko eskatuko. Beste gauza batzuk daude tabernan gaur: musika, telebista, irratia… Garai hartan ez zen besterik. Orduko tabernako dibertsioa musean ardoa edanez aritzea edo kantuan aritzea”.

Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia 
Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia Txomin Garmendia