Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Kepa Matxainen artikulua, Argian.
1935eko San Sebastian egunez jokatu zen Lehen Bertso Gudua, egungo Bertsolari Txapelketen aurrekari nagusia. Puntako hogei bertsolari lehiatu ziren, Donostiako Kursaal Zaharreko Poxpolin aretoa leporaino beteta zegoela. Baina lehia hutsetik harago, egun hura historiara igaro da oholtza berean bertsolaritzaren bi eredu guztiz desberdin elkartu zirenekoa bezala: taberna giroan zaildutakoen bertso molde zirikatzailea, alde batetik, eta garaiko balioekin bat egiten zuen kantaera zuzen-zaleago bat, bestetik. Kontakizun honek hiru protagonista ditu: erreumak jotako Txirrita zahartua, gorbata jantzita datorren Basarri gaztea, eta Aitzol, Pizkundeko estratega, aberriaren espiritua berpizteko lainoak eta sasiak astintzeko prest dagoena.
1. Txirrita ez da antzokian kabitzen
San Sebastian eguna da, 1935eko urtarrilaren 20a, eta Txirritak ohetik ohi baino goizago altxa behar izan du: Donostiako Kursaal Zaharrean –Euzko Gaztediren Poxpolin Aretoan– antolatu duten Lehen Bertso Guduan kantatzekoa da, inguruko beste hogei bat bertsolarirekin batera. Kontatu diote nola Aitzol eta konpainia aritu diren herriz herri bertsolariak probatzen, broma gutxirekin, hi bai eta hi ez, egun hartako hautaketak apartekoa behar omen duela eta, baina ez dira ausartu bera halako trantzetik pasaraztera. Besterik ez zuen behar, 75 urte betetzear, 140 kilo soinean, hankak izorratuta, hortzik gabe, eta apaiz kuadrilla horri bertsotan ba ote dakien erakutsi behar, gainera. Zer arraio ote darabilte bertsoarekin? Zer dela eta halako tema bertso gudu bat antolatzeko? Bizi guztian ez die kalparrik ikusi, eta orain, goizetik gauera, bertsotan ere aditu bihurtu ote dira? Ez da harritzekoa: jainkoa eta aberria goratu bai, baina bere burua aldarera igotzen izan da azkarra beti sotanadun jende hori.
Altzatik Poxpolin Aretoko ateraino gerturatu dute, eta han jakin du gonbidatutako 22 bertsolaritatik bik –Aldaiak eta Zailpuruk– huts egin dutela. Berari honezkero kantatzea egokituko zaio, zer erremedio, baina begiratzen du oholtzara, begiratzen die foku eta eserlekuei –mikrofono-sistemarik ez da oraindik, arnasa betean kantatu beharra daukate–, eta iruditzen zaio etxean geratzeko egun ederra egiten duela. Bertsolari batzuk ezagutzen ditu, beste batzuen berri badu, eta badira aurreneko aldiz topatu dituenak ere. Han da Saiburu bere lehengusua; han dira Txapel, Alkain, Lexo eta Telleri-Txiki, behin baino gehiagotan kantukide izanak; han dira Etxeberria eta Sorozabal donostiarrak; azaldu da Pello Zabaleta errenteriarra, baita haren anaia Juan ere; Bizkaia aldetik ere etorri dira pare bat –Utarre eta Abarrategi “Besamotza”–, Lapurditik Matxin, eta Behe Nafarroatik Panpale; eta han da, Basarri deitzen dioten 21 urteko gazte zarauztarra ere, bere gorbata eta guzti. Aitzolek, isiltasun pixka bat eskatuz, joko-arauak azaldu ditu: bertso eta bertso artean txalorik ez, mesedez, saioa gehiegi luza ez dadin. 10:30ak jota hasi dira bertsolariak kantuan, aretoa jendez gainezka dagoela.
Epai-irizpideek ez dute zalantzarako tarterik uzten: “Oso txarrari 0; txar-xamarrari 5; on-xamarrari 10; onari 15; oso onari 20”. Epaileek ere ez: Toribio Altzaga, Jose Olaizola, Manuel Lekuona, Joseba Zubimendi, Txomin Olano, eta, denen buru, Aitzol. Motzean esanda, EAJren kultur frontea osatzen duen jendea, Euskaltzaleak Elkartearen bueltan elkartutakoa. Txirritak ez dakizki hainbeste xehetasun, hark apaiz kuadrilla bat ikusten du, aretoko jende saldoaren artean, aurpegiera serioz berari begira. Eta, orduan, “euskara” gaitzat jarri diotelarik, hala kantatu du:
Larogei urte gainean ditut
nago anketako minez.
Donostiara etorria naiz
erren andia eginez
bi bastoirekin txit larri nabil
pausorik eman ezinez
euskara ia aztu zait eta
erderarikan jakin ez
maixu batekin eskolan laster
asi bear det latinez.
Azken puntua ebakitzearekin bat, Aitzol seinalatu du, “maisua” aipatzean harengatik ari dela jakitera emanez. Haiek algarak! Aitzolek saio hasieran emandako argibideak gorabehera, txalo zarta ederrak ere jo ditu hainbatek. Asmatu du, itxuraz, eserlekurantz jiratu denean Aitzol bera ere barrez sumatu baitu. Berak ez du bertsoa inori gustatzeko asmo hutsez bota, ordea. Zer kantatu behar zuen? Nola ez adierazi deseroso zaizkiola hango aparra eta bitsa? Koipelustre haien euskara berri hori ulertzeko nahiko lan duela? Bizi guztia bertsotan aritu ondotik, lekuz kanpo sentitzen dela handipuzkeria haren erdian? Nola ez dio ba Aitzoli ezten txiki bat gutxienik eskainiko? Bai, “euskara” jarri diote gaitzat, baina Txirritarentzat gaia abiapuntu hutsa da, ez da kapaz unetik eta tokitik abstraitu eta euskarari buruzko orokorkeriazko zerbait jaurtitzeko, ingurukoekin komunikatzeko egiten du bertsotan, eta, han, une hartan, Aitzol eta enparauak ditu parean, eta, atzean, bertsolari talde kurioso bat, kantatzen dituenen erdiak ere ulertzen ez dizkion gorbatadun gazte bat tartean. Hark euskarari bota dionetako bat ulertu uste du Txirritak, gutxienik:
Itxas ertzetik entzuten dira
ama euskeraren antsiak
ta bai dirala illun tristeak,
ene! bai negargarriak.
Nola kanpoan ala etxean
nunai badauzka etsaiak,
au oldoztuta malko trinkotan
betetzen zaizkit begiak;
bera iltzen bada ez du askorik
paltako Euskalerriak!
Entzuleak arnasari eutsiz gelditu dira –txalorik ez, arren!–, baina lehertzear den eltzea dirudi aretoak. Epaileek ere ezin dute bozkarioa disimulatu: begiak diz-diz dauzkate paperean puntuazioa idazten duten bitartean. Horregatik, Txirrita ez da batere harritu, bazkalondoko sari-emate ekitaldian, Aitzolek Lehen Bertso Guduko txapeldun Basarri izendatu duenean, eta, beste guztiak bezala txalo jotzen ari zaiola, une batez, soinean daraman blusaren zimurrak ikusi ditu, inoiz baino argiago.
2. Basarrik misio bat dauka –eta badaki–
Gau osoan ez du begirik bildu. Marka da, hainbeste denbora egun handiaren zain, eta orain ileak laztuta dago ispiluaren aurrean, zirin eginda. Edonork ikusita ere. Basarrik gaurkoa du lehen agerraldi ofiziala bertsolari bezala. Kantatu zuen Zestoan Erauskin errotariarekin, baina jende gehienak oraindik ez du bere alderdi hori ezagutzen –Azken-Portu tabernan-eta lagunartean kantari entzun izan dutenek salbu–. Bera kazetaria da, orain hiru urte pasatxo, 18 urterekin, ekin zion idazteari, eta egun hiru kazeta desberdinetan argitaratzen dira bere artikuluak: Euzkadi-n, El Día-n, eta Argia-n. Ez dira epelkeriarako garaiak: borroka bizia da euskaltzaleen eta espainolisten artean, eta Basarri ez da bere jendea bazterrean uzten duen horietakoa. Hizpide hartzen ditu Aberri Egunak, Euskal Estatutua, Euskal Idazle Batza, Euzko Langilleen Elkartea, Basarritarren Elkartea, eta, batez ere, euskara bera, aldarrikapen sendoz beti, eskaini dioten talaiatik jaurtitako mezuek gizartean aldez edo moldez eragingo dutelakoan. Eta hara orain, Basarri ausart eta segaila, Bertso Guduaren atarian trapu eginda. Gai izango ote da bere maila emateko?
Itxaropen handiak daude beragan jarrita. Egongo ez dira ba? Loreak besterik ez ditu jaso bere zutabeak direla eta –horietako asko gaur epaile lanetan ariko direnen ingurutik–. Baina ez da hori bakarrik. Gogoan du udazken aldera gertatua. Zarauzko lagun kuadrillarekin egun osoko ibilaldi bat egin ondotik, Donostian afaldu eta Euzko Gaztediren aretora bertaratu ziren. Giro lasaia zen han, jendea mahaietan eserita, kafea hartuz batzuk, musean bestetzuk, baina Zarauzko kuadrilla zintzurra ondo bustita zetorren, eta haiek atetik sartu bezain pronto aretoko dezibelio mailak gora egin zuen. Basarri azkar ohartu zen kontrasteaz. Ertz batean, Joseba Zubimendi eta beste batzuk bistaratu zituen, eta, haiengana bilduta, berriketa lasaian jarraitu zuen. Kuadrillako beste batzuk bera baino edan txarrekoagoak izan, ordea. Bat, bereziki. Han zebilen, orain salto eta orain brinko, orain garrasi eta orain keinu, lainezak jota, erabateko nabarmenkerian. Eta Basarri sutan jartzen du jende harroxkoak, behar den lekuan konposturak mantentzen ez dakienak. Amorru bizian, mahaitik altxa eta bertso bat bota zion:
Aizazu gazte, lagun nerea,
zertan zabiltza horrela?
Ez al dakizu hainbat jaun prestu
hortik begira daudela,
era hortako jolasketarik
gutxi maitatzen dutela?
Egizu kontu zuk Donostiko
Euzko Gaztedin zaudela;
umekeriak baztartu itzazu
ta ibili gizon bezela!
Akabo hango txoro-haizeak. Laguna kolpetik isildu zen, eta aretoak lehengo baretasuna berreskuratu zuen. Hura gogoratzean, Basarriri irribarre txiki bat atera zaio ispilu aurrean. Berak argi dauka: gazte hura bezala, bertsolari gehienak ere bide zuzenera ekarri behar dira. Lokaztegitik lokaztegira ikusten ditu, arlotekerian, elkar zankapetan darabiltela, nork astakeria handiagoa botako: hire andrea halakorekin ikusi diat, halako tabernatan utzitako zorrak ordaindu itzak, atzo ze ukuilutan lo eginda hatorren bazekiat, ez duk lapurretarako besterik balio, eta abar, eta abar. Behe mailako jendea, adimen osoa parekoa zanpatzera jarrita daukan zurrutero kuadrilla. Nola ez da jende jakintsu eta ikasia bertsolaritzatik urrun ibiliko? Uxatuko ez ditu ba taberna-zuloko kirats horrek? Dena dago aldatzeko bertso munduan. Eta nor bera baino aproposagorik, bertsoari dagokion prestigioa emateko?
Ondo daki lagun zarauztarrari botatako bertso hark zer zirrara eragin zien Zubimendiri eta konpainiari, eta nola, lehendik begiko bazuten, gaualdi hartatik aurrera ia miresmenez begiratzen dioten, gai izan zelako bertso soil batekin gazte buruarin hari kristau onak nola portatu behar duen erakusteko. Hala esaten omen zuten beren artean: zer gauza indartsua bertsoa! Zer aproposa gizartea bide onera ekartzeko! Zer baliagarria abertzaletasuna indartzeko! Bai, bide horretan segi behar du berak. Bertsoa tabernatik atera behar da, eta iritsi behar du antzokira, elizara, jatetxerik finenetara, plazetara, teatroetara, zinema-aretoetara. Bertsoa bidezidor estuetatik bide zabalera eraman beharra dago, eta, asmo horretan, bere sokakoak ditu gaur epaile lanetan ariko direnak.
Basarrik gorbata estutu du. Haizea alde dauka. Ezin du hutsik egin.
3. Aitzolek errebelazio bat izan du
Entzuten ditu baina ez ditu entzuten. Bertsolariak kantuan ari direla bai, baina esaten dutena jarraitzeko lanak ditu Aitzolek. Ohi duenez, hegan egiten dio gogoak. Poxpolin Antzokia goraino betetzea lortu dute, eta hori ez da huskeria. Azken Olerti-Egunak txukun samar atera zaizkie, baina hau beste gauza bat da, inork ezingo du ekitaldiaren arrakasta zalantzan jarri, biharko egunkariek tarte zabala eskaini beharko diote honi. Saioa hasterako konturatu da: gaurkoa garaipen bat da. Euskaltzaletasunaren garaipen bat, bai, baina baita garaipen pertsonal bat ere. Bost urte eskas dira Euskaltzaleak elkartean sartu zenetik, eta ikusi besterik ez dago ordutik elkarteak izandako bilakaera: dozenaka borroka fronte berri ireki ditu, sindikalgintzan, kazetaritzan, irakaskuntzan, argitalpen zientifikoen arloan, elebitasunean, eta, batez ere, kulturgintzan. Gaurkoa, zalantzarik gabe, urteetako lan eskergaren emaitza da, eta bozkariotsu dago, zeren Aitzol, oroz gain, intelektual organikoa da: teorizatu bai, baina batez ere emaitzak ikustea gustatzen zaio, eta azkar samar, ahal dela.
Sakon aztertu du erromantizismo kulturala. Ondo daki Europako beste gutxiengo nazional batzuetan zein garrantzitsua izan den literatura herritar axolagabeak suspertzeko eta kontzientzia linguistiko eta kulturala pizteko –Provenzan, Katalunian, Belgikan edota Finlandian–, eta nola horietako zenbaitek independentzia politikoa ere eskuratu duten –Finlandiak eta Txekoslovakiak, kasurako–. Irakurri du Mireio –Frédéric Mistralek proventzalez idatzia–, eta irakurri du Kalevala –Elias Lönnrot finlandiarrarena–, poema nazionalak biak, beren herrialdean sekulako arrakasta lortu dutenak. Berak Orixeri enkargatu dio poema nazionala, eta hark amaitzear daukan arren, irudipena dauka trenak alde egin duela jadanik, beste formula batzuk eskatzen dituztela garaiek. Horretan ez dauka parekorik: gizarteari pultsua hartzen, masen funtzionamendua aletzen, haiei eragiteko mekanismoak martxan jartzen, nagusi da Aitzol. Eta zerbaitek esaten dio –ingurura begiratzea aski du horretarako– poesia baino arma eraginkorragoa dela bertsoa. Dena du bentaja: eskuragarriagoa da, ez da hain jasoa, mezuaren inpaktua zuzenagoa da, komunitate zabalago batengana iristen da, eta, gainera, zenbait formatutan, liturgia kolektiborako osagai aproposak izan ditzake. Zer aproposagorik euskal espiritua berpiztu nahi duen batentzat?
Txirritak eskuin eskuz seinalatu duenean lurreratu zaio gogoa. Ederra bota dio: latinez ikasten hasi behar omen du berarekin. Aitzolek gogotik egin du barre. A zer tipoa, Txirrita. Zahartuxea dago, baina ederki egiten du bertsotan, berezko grazia horrekin. Bertsolaritzaren erorialdian bera izan da guztien eusle, buru, bihotz eta maisu. Aitortu behar zaio hori, zeren bertsolariak dauden artean, herriak bizirik jarraituko du, eta Txirrita bezalakoengatik ez balitz, nekez jarraituko luke transmisioak belaunaldi berrietan. Etorkizuneko bertsolaria, aldiz, talentu handikoa izateaz gain, herriaren beharrak zeintzuk diren ulertzeko gai izango da, eta bere aletxoa jarriko du haren mesedetan, oholtzak eskaintzen dion toki pribilegiatutik. Etorkizuneko bertsolaria ez da alferrik galduko ingurukoei ziri eta ezten merkeak jaurtitzen, aski zentzu izango du ohartzeko badirela norbere zilborra baino kausa goitiarragoak, eta proiektu kolektibo baten alde jardungo du, kultur erreferente ez ezik erreferente ideologiko ere bihurtuz. Etorkizuneko bertsolaria hemen dago, Basarrik kantatu berri duen bertso honetan:
Bertsolariak eman diote
txeko erriari gorantza,
Mireio batek edergallutan
yosia zuen Provenza.
ene Yainkoa egin zaiguzu
guri bear den laguntza,
al dan azkarren sendatu zagun
gaixo dan euskel izkuntza.
Txekiar herria, Mireio, Provenza, jainkoa eta euskal hizkuntza, bertso bakarrean sartuta. Aitzolek ez dauka zalantzarik, hori kantatzen duenak txapela merezi du. Eta berriro hegan egin dio gogoak, zeren gaurkoa garaipen bat da, garaipen pertsonal bat, bai, baina baita bertsolaritzaren garaipena ere. Bertsoa ulertzeko modu berri baten hasiera bezala oroituko da gaurko eguna, eta hori ez dakite entzule gaixoek, hori ez daki Txirrita gizajoak, ezta, oraindik, Basarri gazteak ere; oraintxe, areto osoan Aitzol bakarrik konturatu da horretaz, eta, kar bizi bat sentitu du urdail inguruan gora, garaiei aurrea hartzen dakiten apurrek sentitzen dutena bezalakoa.
4. Epilogo bat Easoko Bar Manolon
Txirritaren urdailarentzat ez dira aski bazkariko arroza, legatza, arkumea, eta gainontzeko zizka-mizkak. Arratsaldean, Bertso Guduko parte-hartzaile gehienekin batera, Easo kaleko Bar Manolora gerturatu da –Donostiara jaisten denetan ohi duenez–, eta barruak berdintzeko tripaki kazolakada bat eskatu du. Mahai txiki batean bakarrik jaten ari dela, bi gazte sumatu ditu urrundik begira. Azkenerako gerturatu eta, bietako batek, ez bat ez bi, bertsoa bota dio:
Ederki kosta zaizu, Txirrita,
kaxuelka ori jatia,
tripaki-puxka pranko badezu
mai-pe ontara botia,
txakur onek gaur zure kontura
egin duan banketia!
Onentzat ez da gaizki etorri
zuk ortzik ez izatia.
Sebastian Salaberria omen du izena, eta hogei urte eskas izango ditu. Txirritak isilik entzun du bertsoa. Gero, azken tripakiak zakurrari bota, blusa bildu, gazteari begietara begiratu eta kantuan hasi da. Ingurukoak batu zaizkie pixkanaka, eta isildu gabe aritu dira ondo ilundu arte. Hangoak amaitu eta Altzara bidean daramatela, Txirritak erabaki du datorren urtean ere itzuliko dela, ordurako lurpean sartzen ez badute behintzat.
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean-