Txapelketa nagusia lehen aldiz Lizarran: Ander Aranbururi elkarrizketa

Ander Aranbururi elkarrizketa –

Kotarro ataritik.


Ander Aranburu 1985an Donostian jaio zen, baina Lizarran txiki-txikitatik bizi izan da. Bardoak bertsolari txapelketan parte hartu izan du. Gai jartzaile ikastaro batean ibili ostean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako gai jartzaile taldean egon zen 2017 eta 2019 urteetan. 2017ko txapelketan Lizarrako saioa ere aurkeztu zuen. Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian gai jartzaile taldean ibili da.

 

Ander Aranbururi elkarrizketa

 

Nondik datorkizu bertsolaritzarako afizioa? Nola hasi zinen?

Etxean euskaraz hezia izan naiz. Eta bertsoa etxetik jaso ez arren, beti izan dut interesa. Ikastolan ere pixka bat jaso genuen, hezkuntza arautuan bertan ere bazegoelako curriculumean bertsolaritzaren parte bat. Kanpora ikastera joan eta bueltan lagun batzuekin hitz eginda enteratu nintzen bertso eskola zegoela Lizarran, bertan apuntatu nintzen. Hor hasi nintzen: bertso batzuk bota, gehiena txarrak, gaizki bukatuak…

Aurten egingo da berriz ere Bertsolari Txapelketa Nagusia, pandemiak urte batez atzeratu ostean. Zenbat denbora behar izaten da horrelako zerbait antolatzeko? Nola antolatzen da Txapelketa?

Txapelketa nagusia elkartearentzat lau urtetik behin egiten den zerbait da eta zentroa da. Gainontzeko herrialdetakoak bi urtetik behin egiten dira eta beste maila bateko ahalegina eskatzen dute, baina Gipuzkoakoa ere lau urtetik behin egiten da bertsolari kopuru kristonak hartzen duelako parte. Kontutan hartu behar da ere Txapelketa nagusiak ze tiroi daukan, lehenengo fasean ia sarrera guztiak agortu ziren, zuzenean emititzen da, komunikabideetan daukan presentzia… Lan handia ematen dio Elkarteari eta boluntario lanaz gain Elkarteak langileak ere baditu.

Gure kasua aztertuz, gaiak prestatzen uda aurretik hasi ginen lanean eta hamar bat bilera daramatzagu. Bileretara, gainera, ez goaz eskuak patrikan zer gertatzen den ikustera, azkenean aldez aurreko lan bat eginda goaz, etxean prestatutako lanekin. 14 lagunek hartzen dugu parte. Lan handia da guztiontzat, eta gustatuko litzaidake jakitea ere bertsolariek zenbat denbora dedikatzen dioten txapelketa honi, gainera udan.

Aurten Lizarran egin da lehenengo faseko saioetako bat. Nola aukeratzen dira zein lekutan egingo diren saioak? Berezia al da zuretzako Lizarran egitea?

Beti itinerantea izan den txapelketa da, herriz herri bertsoa leku desberdinetara iristeko. Lizarra hautatu da aurten lehenengo fase honetan eta aukeratu da areto polit bat badagoelako eta toki berriak ere irekitzen direlako. Niri ilusioa egiten dit Lizarran saio bat egiteak. Azkenean, jolin, kokatzen du Lizarra bertsoan, ez? Horrek ere eragiten du azkenean bertsolarien eta bertsozaleen artean beste plaza bat izatea Lizarra.

Egia da Lizarran bertso saioak antolatzen hasi ginenetik Lizarrako publikoak erantzun duela eta plazak itxura polita hartu izan duela. Nik uste, horrek eraman du Elkartea Lizarra kontsideratzera baita ere mapa horretan. Lehen ez zegoen ezer eta mapan kokatze horrek eraman gaitu Txapelketa nagusiko saio bat egitera. Kontutan hartu aurreko egunean Victoria Eugenian aritu zirela, konparatzen ari zara Donostiako areto mitiko hori Lizarrako Los Llanos aretoarekin.

 

Ander Aranbururi elkarrizketa
Ander Aranburu

Gai jartzaile lanak egingo dituzu aurten, nola aukeratzen dira txapelketako gaiak?

Lehenengo ikusten da ze ariketa dauden eta nondik enfokatzen den. Hor badugu txuletatxo bat fase bakoitzeko lanak nola nahi ditugun enfokatu. Ofizioetan biak rol berean jarri, batak besteari zerbait iradoki… Beti oreka mantentzen saiatzen gara, azkenean bertsolari guztiei faseetako ariketa berean eman behar diegu helduleku bera, gaia desberdina izanda, noski. Batzuetan asmatzen dugu, besteetan ez. Hori kokatu ostean, etxetik ideiak eramaten ditugu bilerara. Gaiak guztion artean irakurri eta poliki poliki orekaren izenean gaiak hautatzen eta eztabaidatzen goaz. Azkenean, guk dugun ardura handia da, bertsolarien arteko lehia gai batek baldintzatu dezake. Gero, ikusten ditugu bertsolari bakoitzari egokitzen zaizkion gaiak eta bertsolari bat bitan edo hirutan adineko pertsona baten rolean jarri baldin badugu, hori aldatu egin behar da.

Ariketa bakoitzak badu bere izaera. Adibidez, ganbarakoa beti gai lakrimogenoekin lotu izan da, kontuan izan behar da bertsolari guztiek gai berari kantatu behar diotela, orduan gaia irekia izan behar da. Hor nahi izaten dugu bertsolari bakoitzak bide desberdin bat hartzea, eta bertsolariek badute joera sakonetik jotzeko. Beste ariketa batzuetan ere aukera dago umoretik edo sariotik joateko. Adibidez, zortxiko txikian umorera jotzeko joera dago, nahiz eta guk egoera komikorik ez planteatu.

Nola ikusten duzu bertsolaritzaren egoera Lizarraldean?

Lizarraldean azkenean nik uste dut bertso eskola sortu zenetik ekimen batzuk egin direla. Bertsoak bere tokitxoa egin du. Ez da arnasgune bat Lizarra, baina bere espazio hori badu. Zein da kontua? Bertso eskolan gabiltzanok daramatzagula mila urte eta berberak garela, jende gazte gehiago erakartzeko arazoak ditugu eta emakumezkoak erakartzeko ere bai, ez dakit zer gertatzen den hor. Zer dugun faltan? Ba, nire ustez, haurren bertso eskola potente bat, eskolarteko txapelketetara joaten dena. Azkenean, bertsolari heldua izateko behar da txikitatik hasi. Horren hutsunea nabari da. DBHn gazteren bat atera daiteke zaletasuna duena, baina bertso eskolara gurekin etorri behar da eta adin aldea oso handia da. Gazteari bururatuko zaio: “nola joango naiz ba ni dinosaurio hauekin bertso eskolara?”

Garrantzitsua da bertsolaritza munduan murgiltzea, ze berdin da Lizarrakoa, Sevillakoa edo Hernanikoa izan, azkenean adin batetik aurrera hasten bazara txapelketa txikiak egiten eta beste bertsolari batzuekin bertsotan ikasten, berdin da nongoa zaren, bertsolari bilakatuko zara. Eta hor hutsunea dugu. Baina beno, gauden tokian gaude eta garena gara. Dudarik gabe, ez nabil esaten egoera txarra denik, baizik eta zerbait falta dugula. Baina izan gaitezen kontziente: bertsoak badu bere lekua, lehen ez zuena, duela 15 urte ez zegoen bertsorik Lizarraldean eta azken urteetan saio politak egiten ari dira. Baina falta dena bertsolariak dira. Egoera ona da, ongi goaz, baina badugu bidea egiteko.

Ander Aranbururi elkarrizketa Ander Aranbururi elkarrizketa Ander Aranbururi elkarrizketa Ander Aranbururi elkarrizketa 
der Aranbururi elkarrizketa Ander Aranbururi elkarrizketa Ander Aranbururi elkarrizketa