Txapelketa Nagusia 1986: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña

Txapelketa Nagusia 1986: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña

Artxibo historiko hau Bertsoa.eus ataritik ekarri dugu hona:

……………………………………………………………………………………..

Udazkenarekin batera iritsiko da lau urterik behin bertsogintzan eta bertsolaritzaren mugimenduan astinaldi bat ekartzen duen ekimena: Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hitzordu hori aitzakiatzat hartuta, orain arteko txapelketen errepasoa egingo dugu irailera bitarte astero-astero.

Bide berriak ireki zituen txapelketa

Errepasoa hasteko, 1985ean hasi eta 1986ko martxoaren 24an bukatu zen txapelketa aukeratu dugu. Txapelketa berritzailea izan zen hura: ordura artekoak Euskaltzaindiak antolatu zituen, baina txapelketa hartan bertsolariek beste bide bati heltzea erabaki zuten, antolaketa-moduekin zituzten desadostasunak tarteko. Beraz, bertsolarien txapelketa beraiek antolatzea erabaki zuten, bertsozaleen laguntzarekin. Hala, oraindik lehenengo batzarra egin gabea zuen Euskal Herriko Bertsolarien Elkarteak (gerora Euskal Herriko Bertsozale Elkarte bilakatuko zenak) antolatu zuen txapelketa.

Lehenengo aldiz Belodromoan

Txapelketa Nagusia 1986: Sebastian Lizaso eta Andoni EgañaBertsolari kopurua asko hazi zen txapelketa hartan eta 91 partehartzaile izan zituen. Lehenengo kanporaketak herrialdeka jokatu ziren, eta bigarren fasetik aurrera goiz eta arratsalde jokatzen ziren saioak: goizean zortzikote bat eta arratsaldean bestea. Beste erabaki berritzaile bat ere hartu zuten antolatzaileek: epaimahaiak puntuak momentuan eman zituen, epaile bakoitzak karteltxo bana jasota.

Jendez oso arrakastatsua izan zen txapelketa hura, eta bertsolaritzak jauzi handi bat eman zion oihartzunari zegokionez. Horren erakusgarri, finala Karmelo Baldatik Belodromora eramateko erabakia hartu zuten antolatzaileek. 1986tik 2001era bitarteko final guztiak bertan jokatuko ziren.

Zortzikote berritua

Pixkanaka-pixkanaka plazetan bere lekua hartzen ari zen bertsolari belaunaldi berri baten erakusle ere izan zen txapelketa hura. Aurreko bi txapelak jantzitako Xabier Amurizarentzat azkeneko finala izan zen hura, eta finaletan eskarmentu handia zuten Jon Lopategi eta Jon Enbeitaren aldamenean hurrengo hamarkadan bertsolaritzan punta-puntan ariko ziren aurpegiak agertu ziren. Sebastian Lizasok eta Anjel Mari Peñagarikanok bigarren finala izan zuten 1986koa, eta Andoni Egaña, Iñaki Murua eta artean 19 urte baino ez zituen Jon Sarasuak lehenengo aldiz kantatu zuten finalean.

Egaña eta Lizaso tabernako haserrealdi bati bertsotan

Final haren erakusgarri gisa, egun hartan txapeldun aterako zen Sebastian Lizasok Andoni Egañarekin zortziko txikian egindako bertsoaldi bat aukeratu dugu. Bezperan tabernan izandako haserrealdi batean betondoa beztu zioten Andoni Egañari. Medikuarenera joan, eta hara non egiten duen topo Sebastian Lizaso sendagilearekin, bezperan betondoa beztu zionarekin alegia. Launa bertsoko saio umoretsua osatu zuten biek.

Txapelketa Nagusia 1986: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña