Trump, errima zaileko abizena
Juan Luis Zabala, Gipuzkoako Hitzan.
Trump, errima zaileko abizena –
Nekez asmatu daiteke errima zailagoko abizenik, baina nik ere nahiago nuke Trumpen alde kantatuko lukeen bertsolaririk balego. Israelen arrazoiak aipatuko lituzkeenik ere bai, eta abortuaren inguruan zalantzak agertuko lituzkeenik. Nekezago, baina, zergatik ez? Baita bertsolari homofoborik, arrazistarik, are euskarafoborik balego ere…
Ez, noski, homofobo, arrazista eta euskarafobo gehiago egotea nahi dudalako, ezta horiek beren ideiak zabaltzen ikusi nahi ditudalako ere, baizik eta nahiago nukeelako horietako batzuk, bederen, euskaraz mintzatuko balira. Euskara euskal herritar ahalik eta gehienen hizkuntza izatea nahi dudalako, homofoboak, arrazistak eta euskarafoboak barne.
Jon Sarasuak egungo bertsolari txapelketez esandakoaren harira idatzi dut aurrekoa. Zehazki, Amagoia Mujika kazetariak joan den astean Naiz-en argitaratutako Sarasuaren hitzaldiaren kronikatik hartutako pasarte honen harira: «Bere ideiak argitzearren, Sarasuak Idahoko euskal amerikar baten begiradaren adibidea ekarri du hitzaldira, final bat ikusita egingo lituzkeen galderak propio piztuz. ‘Desberdin pentsatzen baduzue, zergatik kantatzen duzue denek gauza bera? Zergatik inork ez du Trumpen alde kantatzen? Hemen gizartearen erdia gaude Trumpen alde. Zergatik inork ez ditu israeldarren arrazoiak aipatzen? Zergatik inork ez du zalantzarik abortuaren gaiaren inguruan?’».
Egia da, batzuetan, bereziki, txapelketetan, bertsolaritzak mitin edo meza kutsua hartzen duela. Ulertzekoa da, horrenbestez, batek baino gehiagok Sarasuak egindako analisian bere ezinegona islaturik ikusi izana. Neuk ere sentitu izan dut batzuetan ezinegon hori. Baina zer neurritan da hori, Sarasuak aipatutako adibideari eutsita, Trumpen aurkakoen erantzukizuna, eta zer neurritan Trumpen aldekoena?
Nekez asmatu daiteke errima zailagoko abizenik, baina nik ere nahiago nuke Trumpen alde kantatuko lukeen bertsolaririk balego.
1980ko hamarkadako gaztetxeetan ez ziren EGIko gazteak sartzen, ezta PSEko gazteak ere, apolitiko puretak ere ez… Zergatik? Laineza eta sektarismo puntu (auto)kritikagarri bat ere bazegoen gaztetxeroon aldetik, baina arrazoi nagusia zen haiei ez zitzaiela interesatzen gaztetxea, edo higuingarri zitzaiela.
Bertsolaritzan bezain modu nabarmenean ez bada ere, euskal literaturan ere gertatu da, edo gertatzen ari da, kanonaren aldaketa aski nabarmen bat, feminismoaren eta Sarasuak «modako ideiak» direla dioen horien alderantz. Beste kontu batzuen artean, horretaz ere mintzatu ziren Itxaro Borda, Harkaitz Cano eta Beñat Sarasola idazleak, urtarrilean, Egan aldizkariak antolatuta, Donostian egin zen mahai inguru batean. Aldizkariaren hurrengo zenbakian jasoko da laburpena.
Mahai inguru horretan esan zen euskal literaturaren kanonaren aldaketa horretan zerikusi handia izan duela, eta duela, hainbat idazle eta literaturazalek elkarrekin batu eta antolatuta egin duten, eta egiten ari diren, lanak: hitzaldiak, mahai inguruak, argitalpen bildumak, itzulpenak… Egia dela, alegia, ideia batzuek haizea alde dutela azkenaldian gure inguruan, baina horrek ez zuen ondorio nabarmenik izango elkarlan antolatuaren eraginarengatik ez balitz.
Lurrak lurra lantzen duenarentzat izan behar zuela aldarrikatzen zen garai batean. Literatura eta bertsolaritza ere lantzen dituenarentzat izatea ere ez da bidegabekeria izango. Landu nahi dituen edonori bere erara lantzeko aukera ukatzen ez zaion bitartean, behintzat, eta ez dut uste hori gertatu denik edo gertatzen ari denik.