Taldean antolatzen

Taldean antolatzen –

Gontzal Agotek Bertsozale Elkartearen atarian.


“Autoantolakuntza, autonomia eta autotasun guztiak oso errotuta daude Bertsozale Elkartearen DNAn; horren ondorioz, gure joera naturala da guk geuk dena egin nahi izatea, gure modura eta nahi dugun eran”. Gontzal Agote Los Santos 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kidea da.
 
Taldean antolatzen
 

Txapelketa bat martxan jartzen dugunean, mantra bera hasten gara zabaltzen han eta hemen: bertsogintza edo sortzaileen jarduna da inportantea, eta txapelketa batek dakarren gainerako guztia osagarria baino ez da. Alegia, mamiari erreparatu behar zaiola eta ez azalari. Mezua errepikatuagatik ez dugu beti gure xedea lortzen, ikuskizunaren argi distiratsuak sobera erakargarriak izaten baitira sarri.

Nik ere hemen gure axioma sakratu horren kontra egin eta hitz batzuk eskaini nahiko dizkiot txapelketa batean bertsogintza ez den horri, fokupetik at gelditzen den antolakuntza lanari.

Autoantolakuntza, autonomia eta autotasun guztiak oso errotuta daude Bertsozale Elkartearen DNAn; horren ondorioz, gure joera naturala da guk geuk dena egin nahi izatea, gure modura eta nahi dugun eran. Eta ez badakigu, saiatuko gara besteengandik ikasten eta hurrengo baterako gureganatzen.

Hala, egunerokoan bezala, txapelketa batean oso gutxi dira kanpoan eskatzen ditugun lanak: normalean, oso lan teknikoak izaten dira edo espezializazio maila handia eskatzen dute.

Gure izaera horren ondorio logikoa da denetariko lanak egiten ditugula. Hasiko naiz: telebista programak, protokolo lanak, oholtzen diseinua, sarreren salmenta, garraio lanak, dokumentazioa bildu, udalekin negoziatu, lan komertzialak egin, muntatze lanak, arreta telefonikoa, aforoen kontrola, desmuntatze lanak, prentsa bulegoa, kanpo aferetarako ministerioa kudeatu, kamerinoetako catering-a hornitu, argazkiak egin, prestakuntza ikastaroak, psikologo lanak, ordainketak egin, itzultzaile lanak, zuzeneko emanaldiak, administrazio izapideak bete, aretoak apaindu, argitalpenak egin, aparejadore lanak, aurkezpen sozialak antolatu, diseinu lanak, harreman politiko eta diplomatikoak…

Egunerokoan bezala, txapelketa batean oso gutxi dira kanpoan eskatzen ditugun lanak: normalean, oso lan teknikoak izaten dira edo espezializazio maila handia eskatzen dute

Ezin zerrenda gehiago luzatu, eman didaten tartea nahiko mugatua baita, eta barka nazala txapelketa batean eginiko lana aipatuta ikusi ez duen orok.

Kontua da Elkartearen bueltan gabiltzanoi horiei guztiei aurre egitea normala eta naturala iruditzen zaigula (nola bestela?), baina begirada pixka bat altxatzen badugu, ohartuko gara halakorik ez dela batere ohikoa, are gutxiago lanen kanporatzeez eta azpikontratazioez mukuru dagoen gure mundu honetan.

Eta horiek guztiak nork egiten ditu? Ziurrenik hor da sekretua (askotan aipatua, gutxitan behar bezala baloratua): Elkartearen “orotariko” profesionalen eta “denetarako prest” borondatezkoen arteko uztarketa hauskor, miragarri eta eraginkorrean.

Hortaz, talde antolatzaileko kide izatea etiketa hutsa da, eta taldean antolatzea, berriz, plazera. Hauek esan ondoren, faborez eta arren, izan dadila bertsogintza mintzagai.

Taldean antolatzen