Sortzaileek euskararen «katramilatzea» salatu eta azaroaren 4ko mobilizazioarekin bat egin dute

Sortzaileek euskararen «katramilatzea» salatu eta azaroaren 4ko mobilizazioarekin bat egin dute –

Aitor Agirrezabalek NAIZen.


Umorea, musika, literatura eta bertsolaritza nahastu dituen ekitaldi baten bitartez, hainbat euskal kultura sortzailek bat egin dute Iruñetik Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitutako mobilizazioarekin.

 

Sortzaileek euskararen «katramilatzea» salatu eta azaroaren 4ko mobilizazioarekin bat egin dute

 

Kultur sortzailez inguratuta, Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldia salatu eta azaroaren 4ko mobilizaziorako deia egin du Iruñetik. Euskararen normalizazioaren aurka Hego Euskal Herrian hartutako sententziek sortutako kezkaren aurrean, manifestazio nazionala deitu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon, ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat’  lelopean, 17:00etan Euskaldunatik hasita.

«Bizirik gaude eta azaroaren 4ak hori izan behar du», adierazi du Idurre Eskisabelek. Bere hitzetan, «euskararen aurkako olatu erreakzionario bat» hedatzen ari da, «kezkagarria». Eta Duguna taldeko dantzariek egin duten soka-dantza baliatuz, azaroaren 4ko mobilizazioa «bihar oparoago baterako zubia izango den soka-dantza» izan dadila eskatu du.

Ostiral honetan hainbat kultur sortzaile batu dira Iruñean, Justizia jauregiaren atarian, mobilizazioarekin bat egin eta «euskal hiztunen eskubideen aurka oldarraldia» salatzeko.

Duguna dantza taldeko dantzariek eta txistulariek hasiera emanda, umoretik ekin diote ekitaldiari Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak. Euskararen aurkako «oladarraldi eta eraso guztiek oinarri berdina» dutela aipatu dute: «zaila dela eta ezin dela exijitu». «Aitzakia merkea», laburbildu dute, Euskaltzaindiak «g» letraten ahoskatzearekin hartutako erabakia barre eragiteko giltza bezala erabilita eta 200 abizen euskaldun dituen eta euskara ikasi nahi ez duen politikari ikusmiran jarriz.

Ibil Bedik ‘Lokatzarena’ abestia ekarri du Justizia jauregi atarira. «Lokatzez gainezka etxea; ibaiak eztanda egin du; eta gurea zen ardura; ibaiak gainezka egin du». ‘Astelehenetan’ lanarekin batu da, aldiz, Olaia Inziarte. «Hartu nahi al duzu zerbait nirekin lana eta gero; munduaz eta gutaz solasteko? Beharra badago…; Badakidan arren astelehenetan bizitzeko gogoa izatea iraultzailea dela; ulertuko dut bakarrik egon nahi baduzu; nik ere hala nahi izaten dut».

Tartean Jose Luis Otamendi idazleak bere alea jarri du, ‘Hautua’ poemarekin. «Badakit ni ez naizena ez hizkuntza bat, ez bandera bat ez herri bat: ni bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz, bakarrean ezer gutxi naizen euskalduna da ni».

«Zaila da asmatzen, lotan daudenak esnatzen»

Sustrai Colinak, berriz, justizia linguistiko eta sozialari bota dio bertsoa: «Kultura da giharra, hizkuntza azala; nerekin datoz noan tokira noala; lana eta gero biek zerbait hartu ahala; justizia linguistiko eta kulturala; zer da ez baldin bada justizia soziala?»

Amaiera Amets Arangurenen ahotsarekin jarri diote, Arkaitz Miner musikariak eta Dugunako dantzariak lagunduta: «Nahiz zaila den asmatzen lotan daudenak esnatzen», adierazi dute, mobilizaziorako gonbita luzatuz, euskal hizkuntzaren erabilera politikoa salatuz. «Maite naute fosiletan, ez hizkuntza profiiletan. Hala katramiletan eta iskanbiletan sartzen banaute buruan».

«Hartu naute kaxerotzat, antidemokratikotzat. Txarrena ere ontzat ematen badu bortxak, ia gureak egin du. Beraz, zergatik isildu?», amaitu dute. 

Sortzaileek euskararen «katramilatzea» salatu eta azaroaren 4ko mobilizazioarekin bat egin dute Sortzaileek euskararen «katramilatzea» salatu eta azaroaren 4ko mobilizazioarekin bat egin dute