Sormenaren ardurak: esaten ez direnak eta gehiegi esandakoak
Sormenaren ardurak –
Amalur Artolak GARA egunkariarentzat idatzitako erreportajea.
………………………………………………………………………………………..
BERTSOLARITZA DEN SORKUNTZA PROZESUAN BIGARRENGO PLANOAN GERATU OHI DIRA GAI-JARTZAILEAK. EUREN SORTZAILE POSTURA GORATU ETA GAI-JARTZAILEAK DUTEN ARDURAREN JABE EGITEAREN ALDEKO AHOTSAK GORATU ZIREN ATZO DONOSTIAN.
Sormenaren inguruko gogoetak ekarri zituzten atzo Jon Martin, Oihana Iguaran eta Eñaut Agirrek Donostiako Miramar jauregira EHUko Udako Ikastaroen barnean Mintzolak antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” jardunaldien bigarren eta azken egunean. Mahai-inguruan, gai librea emanda, bertso saioetan hainbatetan gako izaten direnengan jarri zuten begia: gai-jartzaileak. Duten –edo ematen zaien– ardura azpimarratu zuten eta gai-jartzaileak sortzaile mailara goratzeko dagoen beharra ere aztertu zuten.
Bertsolarien nolabaiteko kategorizazioa eta horren arabera batzuei eta besteei jartzen zaizkien gaietan izaten diren aldaerez hasi ziren solasean hizlariak, «batzuei gai tribial eta estereotipatuak jartzen zaizkielako eta besteei hausnarketarakoak», baieztatu zuen Iguaranek. Erabaki horiekin bertsolariei mesede baino kalte gehiago egiten zaiela esan zuen: «Bertsolari eta gai-jartzaileen arteko komunikazio falta dago batzuetan. Agian ‘elitean’ ez dabilenak badu kezka bat gai batekiko eta hura du oso landua, baina ez zaio galdetzen komunikazio faltagatik», nabarmendu zuen.
Gaien bidetik, maiz errepikatzen diren gaien aurrean bertsolariek hartu beharreko jarrerez eta duten arduraz ere aritu ziren. «Eraso sexisten gaiarekin, gertatzen da saioko emakume bakarra zarenean altxa eta badakizula tokatuko zaizula. Altsasukoaren tankerako kasuetan, ea nobedadeak dauden… helduleku berriak bilatu behar dituzu», esan zuen Iguaranek, eta bi kasuetan aurrez esanak dituenak eta jada emanak dituen bertsoak errepasatzen bertsolariari «segundo asko» joaten zaizkiola nabarmendu zuen.
Gai errepikakorrekin, «kasu konkretu bat baino gaia gordinean ematearen alde» agertu zen Agirre, “zer pentsatzen duzu gai honen inguruan?” gisako formulazioekin. Martinek, aldiz, zehaztapena hobetsi zuen: «Batzuetan ematen digute esaldi bat, eta ez da horrenbeste gaia, baizik eta zirkuitu batetik pasatzeko aukera: zuk hori erabil dezakezu etxetik prestatuta ekarritakoa emateko. Bi formulak tarteka daitezke».
Sormenaren ardurak
Gai-jartzaileak ere sortzaile direla eta postu horretara goratzeko dagoen beharra ere nabarmendu zuten parte hartzaileek. «Ardura eskatzen zaie eta uste dut eskatu behar zaiela, saioa eurek bideratzen dutelako. Bakoitzak du bere funtzioa, gai-jartzaileena da bertsolariengandik duten onena ateratzea eta horretarako bertsolaria ezagutu egin behar du», esan zuen Agirrek. «Publikoaren gogoa detektatzea ere bada euren betebeharra. Askotan kristoren lana egiten dute», babestu zuen Iguaranek. «Sortzaile gisa hartu beharko lirateke, aparte uzten direnetik komunikazio arazo bat dugulako», gaineratu zuen, eta Martinek, bere esperientzia pertsonala baliatuz egin zuen proposamena: «Emozioen kudeaketaz ere ez da hitz egiten eta askotan bertsolaritza uzteko motiboa izaten da. Bertso saio batean ondo aritu ez zarenean, gero etxerako bidean ordubete egin behar duzu gainerako bertsolariekin, auto konpartituan, eta hor gai-jartzailea egotea interesgarria litzateke», esan zuen, bertsolarien eta gai-jartzaileen arteko komunikazioa hobetzeak bertsolaritzari –eta horretan dabiltzanei– ekarriko liokeen mesedea nabarmenduz.