Rufinok jarria, herriari utzia
Rufinok jarria, herriari utzia –
Rufino Iraola, hain zen partikularra, izenarekin nahikoa baitzuen. Rufino esanda, Goierri osoan eta atzerri parte batean ezagutzen zuten. Zaldibiari buruz gutxik bezala zekien, eta Goierrin bazuen itzala, Aralarren magaletik harago. Izenari Iraola gehituta, dimentsio handiagoa hartu zuen pertsonaiak, euskal kulturgintzaren soro estuan laiari eskuzabal jarduna zelako, hedabide eta kulturgintza nazionaletan.
Gauzak egiten zituela zirudien bezala joan zen, ekainaren 18an, 73 urteko: bat-batean. Bizitasuna zuen erritmo, azkartasuna erantzun, argitasuna erremedio. Ez hargatik funtsik gabeak: hausnarketaren maisu zen, kanporatzen zuen irudi partikularra adinako galbahe pertsonala baitzeukan kezkagaiak barneratzeko, xehetzeko eta ahia oparo zabaltzeko.
Bertsoarekin maitemindu zen; oso garaiz, 1945eko azaroaren 16an munduratu zen Olegi jaiotetxean. Anaia Patxik zaletu izango zuen, nahiz hura plazetan geroago hasi.
Eskolan «oso berandu» hasi zen Rufino, 1953 aldera, Maria Dolores Artsuagarekin, arratsaldero ordu eta erdi, partikular. Arantzazuko fraidetxea probatu zuen, 1957ko irailaren 13an Angelitoren taxian joanda. Denbora gutxirako. Sosegurik ezin hartuta, 1959an Beasaingo Lasalletarretan zen. Eta 1963an Zumarragako Orbegozon langile, doitzale.
Ezin finalera joan
Soldadutzarekin Arakan eta Donostian kunplitu zuen. «Rufinok ez dauka partikularrik Arakako egonaldiari buruz. Bakarrik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izan zela (1967), eta ez zuela Donostiara joaterik izan». Donostian, Ardantza lehendakari etorkizunekoa ezagutu zuen, soldadu hura ere.
Ogia metalgintzan irabazi arren, kulturarena zuen gogoko ingudea. 1969an euskara klaseak ematen hasi zen, herrian. «Orduan, 24 urteko gazteak gu, saltsa gehienetako perexil izaten ginen. Mugimendua non, gu han». Blanca Azantzarekin 1975ean ezkondu (Arantzazun, mutikotan ikaskide izandako Juan Inazio Agirre frantziskotarrak), eta euskara sakontzen segi zuen Lazkaon, bi urtez.
Bertsolaritza hartu zuen lehenik mezulari. «Hura afizioa!». Bilintx Sarira bost sorta bidali zituen 1976an; Xenpelarren 3. saria lortu zuen, Lazkao Txikiri jarriekin. Zaldibian, Artxanberri eta Patxi Errota Saria antolatu zuen (1977-1989). Lehen bertso idatzia 1972koa zuen, Lorentxo Sukia bertsozale zaldibiarraren omenaldirako. Bertsoa edozeri jartzen zekien.
Metalgintza herdoiltzen ari zen. Orbegozon grebak 1970ean, Yani altzari fabrikatik langabeziara 81ean, CAFen biltegiko bulegoan behin-behineko; «CAFen lan ona izan nuen».
Hitza eta idaztea izan zituen kontsolamendu. Euskararen errotaritzan trebatzen UEUn jarraitu zuen, 1977an. Periodikoetan kronikagile 1980tik betiko, eta Jakin aldizkarian argitaratu zuen bere lehen lan «serioa», urte berean. Irratiz ere egiten zituen kronikak, Seguran eta Loiolan. Eta ikastera berriz; 1983an, ia 40 urteko. Berandu berriro, baina ez beranduegi.
1990eko hamarkada bertsopaperei eskaini zien. Mende aldaketa, liburuei. Lazkao Txiki Lehiaketa 5 aldiz irabazi zuen, Orixe lautan, Zapirain Anaiak…
Kontakizun luzeetara
Herriko politikan kikua egin zuen, 1991n, ZUT Zaldi-Ibia Udal Taldean. «Politika kontua dela eta, Rufinok izan ditu gertaera mingarriak ere, 1991ko festetan pintadak egin zizkioten. Egia esateko, politikan sartzen zelako eta idatzi ere egiten zuelako. Beste giro bat zegoen orduan herrian», idatzi zuen.
Bertsopaperen mainua kontakizun luzeetarako, literatura, biografia, kronika eta bere nahiz ingurukoen testigantzak idazteko eskola izan zitzaion, gero. Ikasle on eta industria-langile hark herri-, bertso-, euskara-, literatura- eta kultura-gintzetan jaulki du alea.
Rufino Iraolaren ondarea eta esanak
Liburuak
- 1994. ‘Dena dago zatitxo baten baitan’ (Kutxa), Irun Hiria saria.
- 1999. ‘Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak’ (Sendoa). Goierriko hiru bertsolariri buruz.
- 2000. ‘Bizitzaren bisutsak’ (Hiria). Prentsako kronika bilduma.
- 2000. ‘Zaldiarangoa’ (Hiria). Ipuinak, HABEren aldizkarian ateratakoen bilduma.
- 2000. ‘Metamorfosia’ (Hiria). Kafkaren lanaren itzulpena.
- 2001. ‘Abaraska’ (Hiria). Aforismoak, aldizkarietan ateratakoak.
- 2001. ‘Hire magalean’ (Alberdania). Tolosako Antonio Maria Labaien narrazio laburren lehiaketa irabazi (2000) ondoren.
- 2003. ‘Nañarriri begira’ (Auspoa). Bertsoak, oroitzapenak…
- 2005. ‘Lehengo eta oraingo bertsolaritzaren aldeak’ lana.
- 2008. ‘Bihotzaren zelaietan’ (Hiria). Prentsa-artikuluen bilduma.
- 2009. ‘Naizen apurra’. Patxi Iraola anaiaren bizitza eta bertsoak.
- 2011. Bere biografia idatzi eta ‘rufiraola.wordpress.com’ blogean.
Esan batzuk (Autobiografiatik erauzitakoak)
- «Rufinok ez zuen besapean ogirik ekarri. Ezta azukrerik ere, agidanean. Zazpigarrenak ez du inoiz ekartzen».
- «Rufino ez du inork jo sekula: ez etxean, ez eskolan eta ez dotrinan».
- «Rufino ikasle ona zen, baina gaixotasun bat azaldu zitzaion. Eskrupuluek eraso zioten. Oso gaizki pasatzen hasi zen. Beti bekatuan. Beti konfesatzen. Inoiz sosegurik gabe. Uste dut, nahiz eta beste era batera eszenifikatu, hori izan zela Arantzazuko kolegioa uzteko motiboa».
- «Rufino bertsozale amorratua zen Arantzazura joaterako ere. Han Enbeitatarrekin egin zuen topo: Abel eta Moises».
- «Arantzazu sekula ez zaio joan burutik Rufinori. Han ezkondu. Han zilarrezko ezteiak».
- «Bizitza honetan, saiatu gabea ez naiz».
- «Herri-lana. Gogotik aritua da Rufino. Batez ere, kultur esparruan».
- «Rufinori galdetzen badiozu zergatik idazten duen, berehala erantzungo dizu: ‘Psikoterapia egiteko’. Burua beti okupatua eduki behar da».
- «Rufinok berak ere ez daki zenbat artikulu idatzi dituen».
- «Ez dut nire burua jakitun jotzen, baina bai ikasten saiatu dena».
- «Idazlea, bigarren edo hirugarren ilarakoa. Horretarako ere leitu egin behar. Rufino irakurle saiatua da. Baina ez diziplinatua. Etxean dituen liburuen katalogoa egina dauka: 420 erdaraz. 245 euskaraz. Gehienak irakurriak».
- «Inolako mitorik sortu gabe eta harrotasun sanoenarekin onartu dut nire jatorria».