Rufino Iraola idazle eta bertso eragile zaldibiarra hil da
Rufino Iraola –
2019/06/18
Astebetean osasun arazoak larritu ondoren, gaur arratsaldean hil da, 73 urterekin. Lasarte-Oriako udal euskaltegiko zuzendari aritu zen, jubilatu aurretik. Bertsozale amorratua, saio ugari jaso eta kontatu zituen 1970eko hamarkadatik aurrera. Haren anaia zaharrena Patxi Iraola, apirilaren 27an zendu zen.
Rufino Iraola Garmendia bertso eragile, euskara irakasle eta idazlea gaur arratsaldean hil da, duela astebete inguru azaleratu zitzaion osasun arazoa konplikatu ondoren. 1945ean jaioa Zaldibiako Olegi baserrian, 73 urte zituen (azaroaren 16an beteko zituzkeen 74). Herriko eta Goierriko kulturgintzako eragile izan zen, gaztetatik.
Zortzi senideko familian zazpigarrena zen. Espiritu kritiko zorrotzekoa, pentsalaria eta pentsarazlea, euskalgintzan eta idazlaritzan jardun zuen. Bertsozale porrokatua zen, eta anaia Patxi Iraolaren jarraitzaile eta miresle sutsua.
Lanbidez, gerora sartu zen euskararen irakaskuntzan, 28 urterekin. Urretxuko, Zarauzko eta Lasarte-Oriako udal euskaltegietan irakasle izan zen, eta azken horretan zuzendari ere bai. Aurretik, Zumarragako Orbegozo altzairutegian doitzaile, altzari enpresa batean bulegari eta Beasaingo CAFen lan egin zuen.
1970eko hamarkadarako, bertso saioak entzuten eta audio-zintetan jasotzen hasia zen. Aldizkarietan idazten zituen saioen kronikak. Bertsolari klasikoak asko entzun eta irakurria, biografia ugaritan idatzi zituen askoren berriak, bere blog pertsonalean (azken sarrera ekainaren 6an egin zuen). Ildo horretatik, Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak liburua argitaratu zuen (Sendoa, 1999), baita 2009an Patxi anairen Naizen apurrabiografia liburua apailatzen ere bera aritu zen. Apirilaren 27an hil zen Patxi Iraola.
Bertsopaperen Zarauzko Basarri lehiaketako epaimahaikide ere bazen. 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketetan epaile aritu zen.
Idazle modura, saiakera, prosa eta poesia ere landu zituen, idazle modura. Kazetaritza-kronikalaria ere bazen, herriko berriak nahiz gogoeta-zutabeak egunkari eta aldizkarietan ateratzen zituen, besteak beste Goierritarra etaGoiberri aldizkarietan.