Poetak Maiatzean, eta euskaraz
Poetak Maiatzean, eta euskaraz –
GEU Elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak euskarazko hiru saio antolatu dituzte Arabako Nazioarteko Poesia Jaialdiaren barruan, askotariko diziplina artistikoak uztartuz.
Maiatzaren 2tik 28ra bitartean ospatzen ari da Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiaren XI. edizioa. Programazio zabalaren barruan, aurten ere GEU Elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak euskarazko hiru saio antolatu dituzte elkarlanean.
Lehenengo hitzordua maiatzaren 13an izango da, larunbat honetan, 19:30ean Santa Maria Katedraleko portikoan. Ikus-entzunezkoek lagundutako poesia errezitaldi bat izango da, Gu gabe ere poema liburuaren eszena gaineko hedatze bat, eta Itziar Ugarte Irizarren (Oñati, 1996) testuak eta Mikele Landa Eigurenen (Ea, 1995) ikus-entzunezkoak uztartuko ditu. Sarrera librea izango da.
Maiatzaren 22an, astelehenean, Bertsoak Versus emanaldiaren txanda izango da, 18:30ean Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba). Poesia, bertsolaritza, ilustrazioa eta argazkilaritza elkartuko dira gazteek egindako ekitaldi fresko honetan. Lau poeta —Garazi Arana, Iosune De Goñi argazkilaria, Maialen Berasategi eta Maddi Aguirre—, hiru bertsolari —Aitor Tatiegi Loidi, Bittor Altube Sarrionandia eta Aroa Arrizubieta— eta Ania Saenz de Buruaga ilustratzailea izango dira taula gainean, Uxue Diaz de Ceriok dinamizatuta. Sarrera librea da, baina izen-ematea dago parte-hartzea bermatzeko.
Azkenik, maiatzaren 25ean, ostegunean, Marraz iezadazu poema mahai-inguruan parte hartuko dute Irune Zabaleta poetak eta Amaia Agirre ilustratzaileak, 19:30ean Zuloa Irudia liburu-dendan. Gasteizko bi artista gazteek diziplina artistikoetako sormen prozesuaz hitz egingo dute, eta zuzeneko ilustrazioarekin errezitaldi poetiko bat eskainiko dute. Kasu honetan ere sarrera librea izango da.
Poetak Maiatzean, eta euskaraz