Peña: «Norbaitek niri ‘zoaz’ esan baino lehenago, ‘banoa’ esango dut nik»
Jon Miranda Labaienek, Gipuzkoako Hitzan.
Norbaitek niri ‘zoaz’ esan baino lehenago, ‘banoa’ esango dut nik –
Duela bi urte pasatxo hartu zuen lantokitik erretiroa Anjel Mari Peñagarikano Labakak (Albiztur, 1957), eta, halere, ez du aspertzeko betarik izaten. Denboraren parte handi bat etxeko lanak egiten pasatzen du, eta mendia du afizio nagusi. Txori habiak bilatu, arrautzak nola jartzen dituzten ikusi, eta txorikumeak nola jaiotzen diren begiratu. Horretan pasatzen du denbora. Natura du bertsoak sortzeko inspirazio iturri, egiten dituen mendi bueltatan pentsatzen baititu gehienak.
Albizturko ostatuan sortu zinen. Han izan zenuen lehenengo harremana bertsoarekin?
Bai. Han sortua naiz, gurasoak beizamarrak nituen, baina hara ezkondu eta ostatuaren martxa hartu zuten enkantean. Hogeita bi urtez eraman zuten. Nik 16 urte nituela aldatu ginen Anoetara eta ordurako hasia nintzen Tolosan inprentan lanean. Baina, bai, ostatu hartatik jende asko pasatzen zen; ez dago albizturtarrik gure etxean sartu ez zenik. Tarteka, festetan, bertsolariak ere etortzen ziren, eta Eguberrietan koplari ibiltzen ziren etxez etxe. Gure etxean ezagutu nituen txikia nintzela Uztapide, Joxe Agirre, Lazkao Txiki, Joxe Lizaso, Txomin Garmendia eta [Mikel] Arozamena. Haiei begira egoten nintzen.
Bertsozaleak dira zure senideak, baina bertsotarako saltoa zuk bakarrik eman zenuen.
Anaiek eta arrebak badakite bertsoak egiten, ederki asko gainera, baita ilobaren batek ere. Txukun egiten dute. Nik, ordea, bertsoa gustatu eta horretara zuzendu nuen nire bizitza. Saiatzen dena izaten da gora iristen dena. Konstantzia da garrantzitsua. Hori da nire kasua: ez nuen aparteko dohain edo graziarik, baina enpeinua jarri nuelako atera nintzen bertsolari.
Zenbat bertso dakizkizu buruz?
Asko. Gure ama ere zalea zen eta buruz bertso asko zekizkien. Bertso bildumak ere bageneuzkan etxean, eta dakizkidan asko Auspoa sailetik ikasitakoak dira. Soldaduskara joan nintzenean, esate baterako, Pello Mari Otañoren bertsoak goitik behera irakurri nituen, denak. Inpresionatu egiten ninduten bertso haiek. Bertsoak jan egiten nituen. Erreparatu egiten nion besteek esaten zutenari eta esateko zuten moduari, eta bira eta bira ibiltzen nuen gurpil hori.
«Zoria baino gehiago, urteetan egindako lanaren emaitza gisa hartzen dut 1991ko txapela. Orain baloratzen dut orduan baino gehiago»
Noiz egin zenuen lehen plaza?
22 urterekin, Errenteriako Xenpelar sariketan. Baina bizpahiru urte lehenago egin nuen lehen saiakera, 19 urterekin. Izena momentuan ematen zen, eta ordurako ezagutu eta bertsolari ontzat jotzen nituenak ari ziren izena ematen: Jexux Arzallus, [Jexux Iribar] Olalde, [Milian] Telleria, eta abar. Azkenerako beldurtu egin nintzen eta ez nuen kantatu. Ordura arte aritzen nintzen tabernan, baina lotsa sentitzen nuen plazara ateratzeko. Ardura handia zen jendaurrean kantatzea. 22 urterekin joan nintzen berriz, etxekoei ezer esan gabe, isilik. Kantatzekoa nintzela, egunkarian, Basarriren kronikan irakurrita jakin zuten.
Kostatu zitzaizun bertsotarako tenplea lortzea?
Dezente kostatu zitzaidan, bai. Oso urduri igotzen nintzen oholtzara, eta urdailera erasaten zidaten nerbioek. Baina larritasun hura pixkanaka hasi zitzaidan baretzen. Gabiriako txapelketa batera joan, eta nahiko ondo ikusi nuen nire burua; oso onak zirela uste nuen haien pareko-edo ikusi nuen. Segitzeko modua ikusi nuen eta arrastoan sartu nintzen. Gaztea nintzen eta ilusioa nuen.
Ezagutu zenituzten aurreko belaunaldiko bertsolariak, eta zuek hasi zineten garaian, Xabier Amurizak bertsogintzara ekarri zuen iraultzarekin egin zenuten topo. Nola bizi izan zenuen zuk?
Oso gertutik. Gazteak beti inguruari erreparatzen dio. Ni bertsotan hasi eta berehala, 1981-1982 inguruan, atera zuen Amurizak bere trilogia, bertsogintzara iraultza ekarri zuena. Esaten zituenetako asko nik mamituta neuzkan dagoeneko; errimen hoskidetasuna, esate baterako. Joxe Agirrek errimaren zorroztasuna deitzen zion horri. Nik, hala ere, ateratako guztia antsiaz irakurtzen nuen. 1980an, debuta egin nuen urtean, txapela irabazi zuen Amurizak, eta handik hiru urtera harekin batera aritu nintzen Euskal Herriko finalean, oholtza berean. Hura izugarria izan zen niretzat, sinestezina egiten zitzaidan.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko hiru finaletan izan zara: 1982an, 1986an eta 1993an. Nola bizi izan dituzu txapelketak?
Esan dezaket aurkeztu naizen txapelketa guztietan iritsi naizela finaletara. Hori da nire kontsolamendua, nire balentriatxoa. Uste dut utzi nuela nire arrastotxoa txapelketan.
1991n Gipuzkoako txapela irabazi zenuen. Nola gogoratzen duzu une hura?
Opari bat bezala. Kasualitatez, loteriaren eguna zen, abenduaren 22a, baina zoria baino gehiago, urteetan egindako lanaren emaitza gisa hartu nuen txapela. Orain baloratzen dut orduan baino gehiago. Erruz gerturatu zen jendea Anoetako belodromora; esaten dutenez, 11.000 ikusle baziren. Niretzat ohore bat izan zen aurretik Uztapidek, Lazkao Txikik edo Txomin Garmendiak jantzitako txapela janztea.
Zergatik erabaki zenuen txapelketak uztea?
Gaizki aritu nintzen 1993ko finalean. 36 urte banituen, eta hurrengo txapelketarako, 1997korako, 40 izango nituen. Zalantza izan nuen, ikusten bainuen beherakada eginez gero atzerapauso handia izango zela niretzat, eta goraka eginda ere, lehengo lekuan geratuko nintzela. Plaza asko egiten nituen ordurako. Ez dakit errazena egin ote nuen, baina huraxe izan zen erabakia. Hala eta guztiz ere, bertsolaritzan buru-belarri murgilduta jarraitu nuen.
Bertsolaritzaren boom-a deiturikoa ezagutu zenuten.
Bai. Jendetza ibiltzen zen jaialdietan. Asko egiten genuen bertsotan. Guk bertsotan egiten genuen eta konturatu ere ez ginen egiten zenbateko oihartzuna zuen egiten genuenak. Ikastolen mugimendua, euskalgintza, bertsolaritza… Dena lotuta zegoen, eta guztion gogoaren emaitza gisa ulertzen dut garai hartan gertatutakoa. Mugimendu ederra izan zen. Orduan sortu genuen Bertsozale Elkartea ere. Ez dakit dena egiteko denbora nola ateratzen genuen. Gazteak ginela eta gogoa geneukala, ez dauka beste esplikaziorik.
Zer harreman izan duzu zure atzetik etorri direnekin?
Oso ona. Iruditzen zait edukazio handikoak direla, eta oso inteligenteak. Errespetu handiko kuadrilla da hor dabilena, bai harreman pertsonaletarako eta baita bestelakoetarako ere. Lider bezala dabiltzan 10-12 bertsolari horien jakintza maila, errespetua, duintasuna eta kalitatea izugarria da. Jakintsuak dira, une oro dakite non zer esan. Gure garaian dibortzio, homosexualitatea eta bestelako gaiekin baldar ibiltzen ginen, gordin eta itsusi mintzatzen ginen. Horretan mila buelta ematen dizkigute. Nik ikaragarri ikasten dut haien aldamenean.
«Lider bezala dabiltzan 10-12 bertsolari horien jakintza maila, errespetua, duintasuna eta bertso kalitatea izugarria da»
Zirikatzailea zara, umoretsua. Sortzaile bezala, horiek izan dira zure indarguneak?
Nik lehengo eskola zaharretik badut pixka bat. Hainbeste esan dute, azkenerako sinistu ere egin baitut umore puntu horretan ibili naizela ongien. Hala ere, lider bat izan gabe, Tour batean lehenengo hamarretan sartzen den txirrindulari gisara definitzen dut gehiago nire burua. Igotzen badaki, erlojupekoak egiten ditu, tropelean ez da atzera geratzen… Hortxe-hortxe ibiltzen naiz ni.
Eta bertsozaleak estimatzen al du zure bertsokera?
Horrela sentitzen dut nik behintzat. Gerturatzen zaizkit eta eskertzen didate gertutasuna. Hainbeste urtetan plazetan kantatu izanak jende asko ezagutzera eraman nau. Herri txikietako jaialdi, afari eta horietatik hots egiten didate gehienbat, eta urteroko hitzorduak izaten ditut. Leku askotan hogeitaka urte eman ditut urtero-urtero, huts egin gabe. Bizi egiten dut, eta biziarazi egiten nau jardun honek.
Zenbat plaza egiten dituzu urtean?
80 plaza baino gutxiago. Urteak adina plaza egiten ditut, gutxi gorabehera. Batez bestekoa aterata, astean bat gutxienez. Lehengo jendearekin harremana mantentzen dut, lagun zaharrei bisitak egiten dizkiet, bertsogintza praktikatzen dut… Horrelaxe izan dadin sinatuko nuke bizitza osorako.
Noiz arte jarraituko duzu bertsotan?
Noiz edo noiz utzi beharko diot plazak egiteari. Ez bertsolaritza, baina bai bertsotako jardun publikoa, Amurizak-eta egin duten bezala. Oraindik ez dakit. 22 urterekin egin nuen debuta, eta polita izan liteke 50 urte bertsotan eman ondoren, 72 urterekin uztea. Hori ibili izan dut buruan, baina ez dakit esaten. Hori bai, norbaitek niri zoaz esan baino lehenago, banoa esango dut nik. Ez naiz arrastaka ibiliko; duintasun osoz utzi nahiko nuke.
MOTZEAN
- Mendi bat? Hernio, mendi horren magalean jaio garelako eta daukan mitikotasunagatik.
- Herri bat? Albiztur izan zen nire sehaska eta Anoeta nire habia.
- Bertsotarako neurri bat? Hamarreko txikia; amonaren bertsoak ere, hainbeste kantatu diren horiek, neurri horretan daude.
- Doinu bat? Aukeratzekotan, hamarreko handian, Limosnatxo bat. Txikitatik dakidalako eta askotan kantatu dudalako.
- Garai bateko bertsolari bat? Pedro Mari Otaño, hura sartu zitzaidan barruan. Negarra eragiten zidaten haren bertsoek.
- Zure belaunaldiko bertsolari bat? Egaña, zalantzarik gabe. Txapeldun eterno ikaragarria da. Eta hor sartuko nuke Amuriza ere.
- Eta gaur egungo belaunaldikoren bat? Maialen Lujanbio eta haren ingurua: Amets Arzallus, Colina, Mendiluze, Iturriaga…
- Zure bertsoaldi bat? Lizartzan Sabino San Sebastian gai jartzen ari zelarik, ordenagailuko teklatuak ñ hizkirik ez zuela zen bertsotarako gaia. Horren inguruan kantatu nuen bertsoa asko zabaldu zen eta sekulako oihartzuna izan zuten.
- Besteren baten bertsoaldiren bat? Xabier Amurizaren Mendian gora haritza. Bertso horiek ikaragarriak dira. Oso onak dira. Asko maite ditut, eta oso barruan dauzkat.
- Une latz bat zure bizitzan? Heriotzak dira bizitza honetan une latzak. Gurasoenak eta anaiarena. Gero, beste bat esatearren, gure semea 6 urterekin, oso larri, ZIUn eduki genuenekoa. Gero dena ongi atera zen, zorionez.
- Eta une gozo bat? Aitor dezadan. Donostiako Axular ikastolan bertso afari bat antolatu zuten. Egaña eta biok ginen bertsotan. Andereñoak zirikatzen ibili ginen, eta zirikatu nuenetako bat gerora nire emazte bihurtu zen. Bitxia. Bertsotara joan eta emaztearekin itzuli etxera.