Patxi Bisquert: “Bertsolari madarikatua izan zen Otaño eta halakoek beti apasionatu izan naute”
Patxi Bisquertek urteak daramatza Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza hizpide duen filma egin nahian. Horretarako, Euskal Herria zeharkatu du 70.000 kilometrotik gora eginda.
Patxi Bisquert –
Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolaria oinarri hartuta Ombuaren itzala deituriko pelikula auzolanean egiteko helburuarekin, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ate guztiak jo ditu Patxi Bisquertek. Hiru urteren buruan 150 aurkezpen baino gehiago egin ditu, eta norbanakoen zein elkarteen ekarpen ekonomikoen bitartez, poliki-poliki lortu du proiektua eraikitzea. Azken txanpa falta da orain. Horretarako, aktore eta zinemagileak Verkami crowdfounding plataformaren bidez bildu nahi ditu azken 40.000 euroak. Aste Santuaren ostean hasi nahi du filmaketarekin. Otañoren azalean Joseba Usabiaga sartuko da. Haren emaztearen papera Sara Cozarrek egingo du. Ramon Agirre, Iñaki Beraetxe eta Olatz Beobide ere pelikulan parte hartzekotan dira. Elkarrizketa hau egiteko, Donostiako Baluarte tabernan egin dugu hitzordua Bisquertekin. Badu zentzu poetiko bat, gainera; bertan izan baitzuen egoitza Unión Artesana elkarteak urte luzetan. Eta, hain zuzen ere, Unión Artesanako kideek 1898an, auzolanean bildu zuten dirua, Otañok eta bere familiak Argentinara azken bidaia egin zezaten.
‘Ombuaren itzala’ proiektuaren azken txanpan murgilduta, ‘crowdfounding’ bidez ekarpen ekonomikoa egiteko deia luzatu diozue gizarteari.
Hainbeste ate jo ostean, crowdfounding-a falta zitzaigun. Pelikula aurrera eraman ahal izateko falta zaizkigun 40.000 euroak biltzeko 40 egun ditugu. Oso garrantzitsua da %100a lortzea, soilik kasu horretan jasoko dugulako dirua. Hau da, 40.000 euro horien %80 lortuko bagenu, ez genuke ezer jasoko. Hori lortuz gero, Aste Santua pasa ondoren hasiko ginateke filmaketarekin.
Aurretik hiru urte eman dituzu Euskal Herri osoan zehar, tokian tokiko aurkezpenak egiten, auzolanean finantzaketa lortzeko.
Lehenengo aurkezpena Zizurkilen egin genuen, 2020ko urriaren 8an. 70.000 kilometro baino gehiago egin ditut kotxean, 150 aurkezpenetik gora zazpi herrialdeetan. Auzolanaren kanpainarekin ekaina inguruan bukatuko dugu. Ordurako, filmaketa ere bukatuta izatea espero dut. Ekainetik irailera postprodukzio lanetan arituko gara, eta Zinemaldiarako prest edukitzea gustatuko litzaidake. Urritik aurrera herriz herriko estreinaldiekin hasiko gara. Herrigintzan egindako pelikula izango denez, herriei, herritarrei eta auzo-lankideei eskainiko diegu aurrena.
Denbora honetan sarreren aurre-salmenta ere egin duzue.
Herri bakoitzera joaterakoan, hitzaldiaren ondoren sarrerak saltzen ditugu. Gainera, toki guztietan, kultur etxeetan, liburutegietan edo elkarteetan, sarrerak uzten ditugu. Zenbait ikastola eta eskola publikoetako guraso elkarteek ere erosi dituzte. Bestalde, nahi duenak, gure web orrialdearen bitartez, zuzenean eros ditzake.
Zenbat saldu dituzue dagoeneko?
Oraindik batuketa egin gabe dugu baina aurki egingo dugu. 30.000 sarrera atera genituen eta horietatik 26.000 inguru banatu ditugu. Toki bakoitzean zenbat saldu diren jakitea falta zaigu.
Auzolanaren ideiarekin eraiki duzue proiektua.
Ekoiztetxe eta plataforma handiei ez zaie Pello Mari Otañoren inguruko pelikularik interesatzen. Nor zen ere ez dakite! Hasieran ekoiztetxe bat bilatzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Azkenean, Galizian bizi nintzen garaian sortutako EguzkiArt Zinema-rekin ekoiztea erabaki nuen, auzolanaren bitartez.
Pello Mari Otañoren bizitzan ere auzolana garrantzitsua izan zen.
Bai, bereziki Donostiak, bi auzolan eskaini baitzizkion Otañori. Bitoriano Iraolak liburua atera nahi izan zuen Otañoren bertsoekin, baina ez zuen dirurik. Beraz, atez ate joan zen kapitala biltzen eta behin bildutakoan eman zuen argitara Zerbait izenburupean. Gero, 1898an, Donostiako herriak beste auzolan bat eskaini zion Otañori: Argentinara bidaiatzeko bost txartelen dirua, berarentzat, emaztearentzat eta hiru seme-alabentzat. Union Artesana elkarteko kideek bideratu zuten diru bilketa eta 800 bat pezeta lortu zituzten. Otañoren omenezko hirugarren auzolana, belaunaldi berrientzat haren memoria berreskuratzea helburu duen pelikula hau litzateke. Hori da nik nahi nuena, Otaño ahanzturaren zulotik atera eta belaunaldi berriei eskaintzea. Horregatik, gure asmoen artean ere badago, Hezkuntza sistemaren bitartez gazteek Otañoren figura eta haren testuinguru historiko, politiko, ekonomiko eta soziala lantzea.
Otaño ezaguna al da gaur egun?
Oso jende gutxik ezagutzen du. Bertsogintzaren munduan dabiltzanek bakarrik dute haren berri. Euskal Herrian baino ezagunagoa da Argentinan, han, nolabait, bere legatua bizirik mantendu baitute. La Platako Unibertsitateak, esaterako, Otañoren omenezko katedra du. Bestalde, bere leinuko beste ondorengo batzuk ere nahiko famatuak izan ziren. Magdalena Moujan Otaño, Pello Mariren biloba, matematikari azpimarragarria izan zen Argentinan. Aitor Otañok, bertsolariaren beste bilobetako batek, Argentinako errugbi jokalari onenaren izendapena jaso zuen 1966an.
Eta Argentinan lortu al duzue laguntzarik?
Hango ekoiztetxe batek, MLN Producciones deiturikoak, esku bat botako digu. Aste honetan sinatuko dugu kontratua. Inbertsore nafar batzuk ere lortu ditugunez, sekuentzia asko han filmatu beharko ditugu.
Otaño bezalaxe, zu ere Zizurkilen sortua zara. Hortik al dator proiektu honenganako interes bizi hori?
Otaño zizurkildarra zenik kartzelan nengoela jakin nuen. Esango nuke, Torrealdairen liburu batean irakurri nuela. Nik Zizurkilen bost urte baino ez nituen pasa. Gero Hondarribira joan nintzen bizitzera, Jaizubira, amonarekin. Bi lehengusuengandik ikasi nituen buruz Otañoren kopla asko, baina ez nekien egilea nor zen. Kartzelan deskubritu nuen. Gero, poliki-poliki hasi nintzen berarengana hurbiltzen, kuriositatea sortzen zidalako. Ostera, jakina denez, zinemaren munduan hasi nintzen, baina beti izan dut buruan Otañorekin zerbait egin behar nuela. Oso bizimodu gogorra izan zuen. Liberala zenez karlistek baztertu egin zuten, eta liberalek ere, apalegia, euskaltzaleegia edo foruzaleegia zenez, alboratu egin zuten. Horrek sortzaile madarikatuaren fama ekarri zion eta niri, egia esan, madarikatu guztiek apasionatu egin izan naute beti.
Koldo Izagirreri zerbait idazteko eskatu zenion.
Laguna dut eta buruan nuenaren inguruan zerbait idaztea proposatu nion. Horrela hasi ginen orain hamahiru urte! Astigarragako sagardotegi batean elkartu ginen. Orain hamabi urte dituen gure alaba txikiena, Uma, artean amaren sabelean zegoen. Eta orain, Otañoren alabaren papera egingo du pelikulan.
Otaño liberala zela esan duzu. Familia guztia zuen liberala eta Zizurkildik Donostiara ihes egin behar izan zuten. Hiriburutik, 1873an alde egin zuen lehen aldiz Argentinara. Otaño,
beti ihesi.
Lehen bidaia soldaduska ekiditeko egin zuen, 19 urterekin. Berak zioenez: “Oso gazterik topatu nintzen Ameriketako Panpetan”. Handik urte gutxira itzuli zen, inork ez zuelako erreklamatzen. Baina, behin hemen zela, ez zuen fundamentuzko lanposturik lortu eta 1880. urtean berriro joan zen Argentinara. Bertso batean horrela dio: “Amerikara noa nere borondatez aspertu naizelako emengo suertez” (sic). Han hamar urte pasa eta berriro itzuli zen Gipuzkoara. Hirugarren bidaia, 1898an abiarazi zuena, ordea, ez zen bere borondatezkoa izan. Pasaiako portuan, baporea hartu aurretik, hauxe kantatu zion Txirritari: “Ez noa borondatez, beharrak narama”.
Liberala izanda ere, garaiko intelektualen artean fama ona zuen. Diputazioari berarentzako lanpostu bat erruki eskatu zioten.
Politikoek, ordea, ez zioten eman. Lagunen artean liberalak eta karlistak bazituen. Txirrita bera ere karlista zen eta Otañoren oso hurbilekoa, gainera. Politikoek, ordea, ezin zuten ikusi.
Pelikulak Otañoren azken 20 urteak kontatuko ditu.
Otañok 33 urte dituenean hasiko da pelikula (1890), Argentinan, gauchoen artean, ganaduarekin lanean dabilela. Gaixotu eta mutilzahar geratzeko beldurra sentituko du, eta Euskal Herrira itzultzea erabakiko du, emazte bila. Donostian Madalen Alberdi ezagutuko du; elkarrekin maitemindu eta ezkondu egingo dira. 1910. urtean hil zen Otaño, 53 urterekin. Bi hamarkada horiek hartuko ditugu. Gainera, esango nuke, horiek izan zirela bere ibilbideko urte emankorrenak, maila handiko koplez aparte, opera ere idatzi baitzuen. Autodidakta zen, oso aditua gauza askotan.
Esate baterako?
XX. mendeko lehen urteetan Argentinan eskolak ematen hasi zen. Garai horretan ez zegoen horretarako metodologiarik, Otañok berak asmatu eta martxan jarri zuen arte. Oso buru azkarra zuen.
Bertsogintzarako gaitasuna, aldiz, etxetik jaso zuen. Aitona ‘Errekalde zaharra’ zuen. Aita, Joan Pello, eta osaba, Joxe Bernardo ere, plaza gizonak izan ziren.
Izeba bat ere ibili zen bertsotan, Plazida Otaño. Gainera, plazan aritu zen lehen emakumeetarikoa izan zen. Nerabezaroa bertsoz inguratuta bizi izan zuen Pello Marik. Errekalde baserrian lekurik ez izanagatik, Karidadeko Benta deituriko etxea eta taberna eraiki zuten, hura ere auzolanean; bertso-saioak maiz egiten zituzten bertan.