Paregabeko giroa Gipuzkoako Herriarteko bederatzi saioetan
Paregabeko giroa Gipuzkoako Herriarteko bederatzi saioetan
Añorgan Herriarteko saioa
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako bertso-saioa izan zen joan zen ostiral gauean Añorgan. 50 lagunek bete zuten Jolas Etxea, eta afalostean bi taldetako sei bertsolari aritu ziren kantuan: Añorgatik Izarne Zelaia, Pello Basurto eta Unai Gaztelumendik jardun zuten, eta Zarauzko Hitza ote hitza? Taldearen izenean Ane Peñagarikanok, Markel Eizagirrek eta Beñat Jauregik. Añorgako Maddi del Campok bete zituen gai-jartzaile lanak eta Itxaso Piquer, Unai Muniain eta Beñat Gaztelumendi arduratu ziren saioa epaitzeaz.
Hasierako agurretatik joan zen saioa kolorea hartzen. Zortziko handiko lanetan Izarne Zelaia eta Ane Peñagarikano aritu ziren; Markel Eizagirre eta Pello Basurko zortziko txikian eta Beñat Jauregi eta Unai Gaztelumendi hamarreko txikian. Erritmo bizian joan ziren ofizioak, eta bakarkako lanak ere bide beretik joan ziren. Saioa borobiltzeko, bi taldeak koplatan aritu ziren, hirunaka. Ordubete pasatxoko saio parekatua izan zen eta, azkenean, Zarauzko taldea nagusitu zen epaileen erabakiz. 13 puntu lortu zituzten zarauztarrek eta 11 Añorgakoek.
Villabonako Gaztetxean Am…ona!eta Arnope
Am…ona! (Amasa-Villabona) eta Arnope (Mutriku, Deba, Mendaro) taldeek Villabonako Gaztetxean izan zuten saioa.
Gaztetxera iristean oso giro goxoa aurkitu zuten, gazte asanbladako kideek arretaz prestatutako oholtza eta 100 entzuleren berotasuna medio. Bertsolariek eskertuta ekin zieten lanei, saio on bat egiteko baldintzak aurkitu baitzituzten. Agur umoretsu batekin abiatu zuten saioa etxekoek, urpekariz mozorrotuta. Orduantxe igarri zen jendea ondo pasatzeko gogoz gerturatu zela eta saioari berotzea kosta zitzaion arren, erdialdetik aurrera gora egin zuen.
Aipatzeko moduko saioa osatu zuten bi taldeek puntu erantzunetan, errimak elkarri emanez, bakarka eta kopletan egindako lanekin (azken honetan, umore printzek giroa piztu zuten). Bertaratutako askorentzat, harrigarria izan zen Arnopeko kideek eta Ander Goikoetxeak egin zuten lana, jendaurrean abesten ohituta egon ez arren sekulako tenplea eta maila erakutsi zutelako. Azkenik, 16/8 ebatzi zuten epaileek, Am…ona-ren alde.
Legazpin ere Herriartekoa
Legazpiko Lekanazpi elkartean elkartu ziren Erniarraitz 1 (Azpeiti) eta Bertso-olariak (Legazpi). Erniarraitz taldetik Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Leire Ostolaza aritu ziren bertsotan eta, Legazpiko taldetik, berriz, Julen Agirreburualde, Nerea Elustondo eta Ane Beloki. Nekane Gonzalez aritu zen gai jartzaile lanetan. 40 pertsona inguru gerturatu ziren saiora eta primerako giroa izan zuten.
Asteasun Karidadeko benta eta Ran rober ran
Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Benta (Joseba Otaegi,Unai Mendizabal eta Haritz Mujika) eta Zarauzko Ran Rober Ran (Nahikari Gabilondo, Felix Zubia eta Iñigo Manzisidor “Mantxi”) aritu ziren Asteasuko Iturri ondo jatetxean 23:15ak aldera hasi zen bertso saioan. Ehun pertsona inguru bildu ziren bertan.
Afariak giroa jarrita edo, hasieratik saio beroa izan zen eta bertsolariak eta entzuleek, biek erantzun zuten ederki.
Agurrean, Karidadeko Benta taldekoek eman zuten zeresana traktore horiarekin, Zarauzko Ran Rober Ran azpiratzeko prest. 8ko handiko ariketan arrazoi onak utzi zituzten Joseba Otaegi eta Nahikari Gabilondok. Txikikoan, jendearen barrea eragiten jakin zuten artzain paperean aritu zen Iñigo Manzisidor “Mantxi”-k eta jubilatu gazta jalea izan zen Haritz Mujikak. 10eko txikian ostera, bertso sakonagoetan egiten badakitela erakutsi zuten Unai Mendizabalek eta Felix Sukiak, gaitz larri baten aurrean izan litezkeen bi jarrera irudikatuz.
Puntu erantzunetan bixi aritu zen “Mantxi”, galderei zuzen erantzunez. Oinak emandako ariketan berriz, tarteka kolpeak jotzen asmatu zuten Otaegik eta Gabilondok. Bakarkako lanean, bakoitzak bere gaitik, bina bertso sinesgarri eskaini zituzten Mendizabal eta Zubiak, entzuleak aseta utziz. Agian, gaueko bertsoaldirik txalotuena kopletan Karidadeko Benta taldekoek egindakoa izan zen, alkoholik edaten ez duten bertsolariei begira dauden txikiteroen paperean. Erreferentzia gertukoekin entzuleengana iristen asmatu zuen Asteasu-Zizurkilgo hirukoak.
Amaieran, bai entzuleak eta bai bertsolariak gustura egin eta ikusitakoarekin eta emaitzak ere parekotasuna islatu zuen: 13 puntu Karidadeko Bentarentzat, 11 Ran Rober Ran taldearentzat.
Herriartekoa Urretxuko Gaztelekuan
Urretxu-Zumarragako Si mi mi sol eta Lasarte-Oriako bertso eskolakoak Urretxuko Gaztelekuan aritu ziren. Si mi mi sol taldeko bertsolariak Maialen Akizu, Gorka Azkarate eta Mikel Iturriotz izan ziren. Lasarte-Oriatik, berriz, Asier Azpiroz, Ane Labaka eta Unai Muñoa. Gai jartzaile lanetan, berriz, Sara Bidarte aritu zen.
Agurrean, Lasarte-Oriakoak Pirritx eta Porrotx eta Marimototxen jantzi eta doinuak erabili zituzten eta Si mi mi Sol taldekoak Manu Chaoren Calndestino doinu ezaguna. Publikoak ederki eskertu zuen ahalegina eta erdi betea zegoen gaztetxea azkar girotu zen.
Saio entretenigarria izan zen orokorrean eta bertaratutakoen iritzian azkar joan zena ( ordu eta laurden inguru ). Saio politak entzun ziren ofiziotan esaterako Gorka Azkaratek eta Ane Labakak burutu zutena amona eta bilobaren paperean azkenaldiko sexu abusuak aipatuaz.
Azkenean, saio bixia eta polita, jendea gustura eta azken emaitza: Urretxu Zumarragako Si mi mi Solek 13 eta Lasarte Oriak 11. Batzuetan nekeak edo aste luzearen zamak arrankatzea eragozten badigu ere, ahalegintzeak saria izaten du.
Herriarteko Zarautzen
Zarauzko Tulipanek eta Oreretako Xenpelar taldeak saioa izan zuten Zarautzen joan den larunbatean, otsailaren 18an. Gure Kabia elkartean, afal ostean hasi zen saioa, eta bertaratutako 35 lagunek ederki gozatu zuten afal ondorena.
Etxeko taldeko bertsolariak, Oier Aizpurua, Hodei Iruretagoiena eta Aitor Urbieta izan ziren, bisitariak berriz, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Haritz Casabal eta Aitor Albistur. Gai jartzaile lanetan, Ibon Aristi aritu zen.
Saio borobila izan zen, hasieratik amaierara arte, bizia eta umoretsua. Azken erabakia epaileek izan zuten, Araitz Muguruza, Iñigo Legorburu eta Unai Muniainek hain zuzen ere eta emaitza Zarauztarren alde geratu zen, 13-11.
Txingudi II eta Ebie ai do!
Gipuzkoako Herriartekoaren baitan, Txingudi bailarako “Txingudi II” eta Goierriko “Ebie ai do!” taldeak aritu dira, otsailaren 18an, Irungo Mendizaleak Elkartean. 30 bat lagun bildu dira, tartean Goierritik gerturatutako bertsozaleak, eta giro onean joan da saioa. “Txingudi II”-tik Aitor Errazkin, Manu Goiogana eta Egoitz Zelaia aritu dira bertsotan, eta “Ebie ai do!”-ren ordezkari, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gemma Urteaga. Adrian Arruti eta Mikel Garmendia aritu dira gai-jartzaile, eta Zuhaitz Olazabal, Eneko Sanchez eta Mikel Urteaga epaile lanetan.
Umoretsu abiatu da buruz burukoa. Agurrean, goierritarrek ironia handiz zirikatu dituzte Txingudiko bertsolariak, Xalbadorren heriotza, Olentzero joan zaigu edota Mayonesa doinuen erritmora. Bidasoaldeko hirukoteren leloak berriz, kantari jarri du publikoa: Oh, oh, oh, euri azpian naiz ari, euri azpian kantari. Epaimahaiak nabarmendutako lanen artean izan da, esaterako, Manu Goiogana eta Aitor Irastorzaren buruz burukoa, hamarreko txikian: internet bidez ezagutu dute elkar, eta lehenengoz elkartu dira. Etxeko hirukoteak koplaka egindako ariketa ere azpimarratzekoa, Tolosako inauterietara zein mozorro eraman erabaki beharraz. Eta berdin bakarkakoak, bai Urteagarena, auzoan kamerak jarri dituztela- eta, bai Goioganarena, Elikagaien Bankura lehenengoz joan den herritarraren rolean. Erabilitako doinuetan bertsolariek egindako ahalegina ere eskertzekoa da.
Ordu eta hogei minutu inguru iraun du saioak eta epaileek 17 puntu eman dizkiote “Txingudi II” taldeari eta 7 “Ebie ai do!” taldeari.
Herriartekoa Ereñotzun
Ereñotzuko Ur-Mia Elkartean egin zuten bertso saioa Ereñotzuko taldeak eta Erniarraitz 2k (Azkoitia). Gaueko 22:30ean hasi zen saioa eta Erniarraitz 2 taldetik Jokin Sudupe, Iñaki Tolosa eta Asier Garate aritu ziren. Ereñotzutik, berriz, Arnaitz Lasarte, Iñaki Zelaia eta Aritz Zerain. Mikel Peruarena aritu zen gai jartzaile lanetan. Ereñotzuko taldeak Erniarraitzek baino puntu gehiago batu zituen, Eñotzuk 15 eta Erniarraitz 2k 9.
Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu (Orio) eta Hernani 1 (Hernani)
Orioko Gure Etxea elkartean izan zen Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu (Orio) eta Hernani 1 (Hernani) taldeen arteko saioa. Orioko taldean Rosi Lazkano, Imanol Lizarazu eta Egoitz Izagirre aritu ziren bertsotan. Hernanitik, berriz, Andoni Mujika, Eñaut Martikorena eta Joxe Urdangarin. Jon Agirresarobe aritu zen gai jartzaile lanetan.
Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra izango da. Gipuzkoako Herriartekoan parte hartzen duten 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.