Pandemia garaiko kulturgintza aztertuko dugu Uda Ikastaroetan
Pandemia garaiko kulturgintza aztertuko dugu Uda Ikastaroetan –
Gaur aurkeztu da UPV/EHUko Uda Ikastaroetako aurtengo eskaintza, eta horrekin batera ireki da matrikulazio epea. Mintzola Ahozko Lantegiak jarri du bere alea aurtengo ikastaldi sortan ere: pandemia garaiko kulturgintza aztergai izango duen ikastaroa antolatu dugu.
Izan ere, COVID-19aren pandemiak denok astindu gaitu. Egitura eta diskurtso askoren zimenduak kolokan jarri ditu, eta itxura sendoa zeukaten beste hainbat oinarriren hauskortasuna agerian utzi du. Krisia ziurgabetasun eta beldur aroa izaten da, baina baita inertziak apurtu, gelditu eta aurrera begirako estrategiak diseinatzeko garaia ere.
Kulturgintzako eta herrigintzako hainbat zale, sortzaile, ikertzaile, teknikari eta mugimendu ari dira horretan. Horien guztien ikuspegiak eta bizipenak plazaratzeko gunea izango da Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak izeneko ikastaroa, baita aurrera begirako erronkez aritzeko ere. Ekainaren 21ean eta 22an izango da, goizez, UPV/EHUko Gipuzkoako campusean kokatuta dagoen Ignacio Maria Barriola Zentroan. Iaz egin bezala, aurten ere izango da online jarraitzeko aukerarik.
UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek, sortzaileek eta hainbat kultur erakundetako ordezkariek hartuko dute parte ikastaroan: Harkaitz Zubiri Esnaola, Manex Fuchs Castagnet, Oihana Iguaran Barandiaran… Hizlari guztien zerrenda eta programa osoa, hemen duzue ikusgai.
Izena emateko aukera dago jadanik. 77 euro balio du matrikula arruntak, baina badaude prezio murriztuak ere kasuan kasu. Izena emateko, sartu www.uik.eus atarian.