Oskia Karrera: "Bertsolaritza eta gizartea nola aldatu diren ikus daiteke liburuari esker"

Oskia Karrera –

Aitor Biainek Berria egunkarian.


 

Bertsolaritza eta argazkilaritza uztartu ditu Oskia Karrerak (Tolosa, Gipuzkoa, 1969), Bertsoak Argazkitan liburuaren bitartez. Bertsolaritzaren eta gizartearen garapena islatzen du. Liburua salgai dago Durangoko Azokan, baina aurkezpen ofiziala abenduaren 11n egingo du, Tolosako Kultur Etxean (Gipuzkoa), 19:00etan.

Oskia Karrera

Zergatik uztartu dituzu bertsoa eta argazkia?

Nire aurreko liburuekin egin bezala, proiektu honen asmoa izan da aisialdia eskaintzea irakurleari argazkiak eta testua uztartuz, betiere euskara gorenean; hau da, atsotitzak herri jakinduria direla esan izan den moduan, kasu honetan, bertsoak hainbat mendetan jorratu diren askotariko gaien kontakizunak dira. Eta hori islatu nahi izan dut liburuarekin.

Nola egin duzu bertsoen aukeraketa?

Aintzane Irazusta gai jartzaileak egin du aukeraketa, nahiz eta bion artean adostu ditugun: 75 bertso aukeratu ditugu denera, 40 bat bertsolarirenak. Gustukoak izatea izan da irizpidea, hala ere; ez ditugu argazkien arabera aukeratu. Askotariko bertsoak daude, zaharrak nahiz berriak, eta gai aldetik ere denetarik aurki daiteke.

Argazkiak zuk egindakoak dira, ordea. Nola izan da prozesua?

 

Behin bertso bilduma eskuetan genuela, banan-banan irakurri, eta saiatu ginen irudikatzen nola isla genezakeen bertsoak kontatzen zuena argazki baten bidez. Batzuetan paisaiak dira, eta beste batzuetan antzezleak bilatu behar izan ditut, nolabaiteko eszena moduko bat sortuz.

Nori zuzenduta dago liburua?

Bigarren lerroko bertsozaleari eskainitakoa dela esango nuke. Lehenengo lerroan daudenek ere gozatuko dute. Baina badago jende asko bertsozalea dena, baina agian saioetara joateko ohitura handirik ez duena. Pertsona horiek liburu honekin asko gozatuko dutela uste dut, baita ikasi ere.

Emaitzak zer esperientzia eragiten du irakurlearengan?

Gizartea gero eta bisualagoa da, eta, batez ere, belaunaldi berrietan nabaritu daiteke hori. Bada, irudiak asko laguntzen du testua hobeto barneratzen, eta irakurketa prozesuaz beste modu batean gozatzeko aukera ematen du. Baina, kasu honetan, beste irakurketa bat ere badago: liburu osoarena. Hau da, bertsoaren bitartez ikus daiteke bertsolaritza eta gizartea nola aldatu diren; garapen horren isla da liburua bera: gauza batzuk aldatu dira, baina beste batzuek berdintsu eusten diote, eta hori ikus daiteke, adibidez, gaietan, edo kontatzeko moduetan.

Hitzaurreak ere izan daitezke horren adibide, ezta?

Bai, saiatu naiz ikuspegi oso bat erakusten: Xabier Amurizak iraganari buruz dihardu bizitza osoa bertsolaritzari eskaini ondoren, eta Alaia Martinek, berriz, etorkizunera begira idatzi du gehiago.

Oskia Karrera