Ortzi Idoate: «Euskara osasuntsu baldin bada, bertsolaritza ere hala izanen da»

1984. urtean antolatu zuten lehendabizikoz Errexil sariketa, Urruñan, Lapurdin; aurten, berrogeigarren urteurrenaren harira, berriz eginen dute, Urruñako posta gelan. Irailaren 20an hasiko da, eta urriaren 4an bukatu.

Ortzi Idoate –

Iratxe Muxika Karrion, BERRIAn.


Memoria berreskuratu, eta mikrofono aitzinera ekarri dute Juan Jose Eizmendi, Errexil gisara ezagututako bertsolaria. Errezildarra zen sortzez (Gipuzkoa), baina Urruñara joan zen bizitzera, Lapurdira, eta bertan zendu. Hantxe eginen dute aurten Errexil sariketa. Antolakuntzan aritu da Ortzi Idoate (Baiona, 1977).

Ortzi Idoate
Ortzi Idoate, ‘Errexil’ sariketako antolatzaileetako bat. PATXI BELTZAIZ
Berrogei urte hauetan, non egon da Errexil

Ez dakit ziur zenbat sariketa egin zituzten, bi edo hiru. Sariketa ez zen urtero egin, eta pixka bat ahantzia geratu zen. Guk, berrogei urteen aitzakian eta bertsolaritza sustatzeko beharra ikusita, berriz antolatu dugu. Egia da orain arte egin ditugun sariketak bertsolari gazteentzat izan direla, ez hainbeste zaharragoentzat-edo. Oraingo honetan, belaunaldi bat baino gehiago elkartu dugu: zahar-zaharrik ez, baina gazte-gazterik ere ez. Beste urrats bat sustapen lanetan. 

Sariketarik gabe ere bizirik eusten zenioten haren irudiari…

Bai, Ipar Euskal Herrian, eta bertsolaritzan oro har, leku handia hartu du Errexilek. Gazte etorri zen Urruñara bizitzera, eta beste bertsolari batzuekin kantuan aritu zen. Semeak ere bertsotan egin du. Beraz, bai, lehendik zeukan lekua atxiki du, eta presente dago. 

Hasierako sariketaren formari eutsi diozue?

Nik begiratu dudanez, lehen bi kanporaketa saio egiten zituzten, eta gero finala; bertsolari anitzik gabe. Halakoxea egin dugu guk ere. 

Zer berezitasun ditu?

Ba, ez gauza handirik, egia erran. Sariketak aski berdintsu izaten dira beti. Guk finala berezia egiten dugu, eta etorri behar da hori ikusteko. Beti egiten dugu zerbait berezia, eta sariak ere nahiko zelebreak izaten dira beti. Hori da gure indarretako bat. Sariketak epaitzeko parametro batzuen barrenean egiten dira, eta zaila da hortik ateratzea. 

Urruñan eginen da sariketa, ez kasualitatez.

Han bizi izan zen Errexil, han hil, eta han egin ziren lehengo sariketako saioak ere. 

Nola oroituko duzue Errexil saioan?

Ipar Euskal Herriko bertsolaria izan zen, eta merezi duen lekua egin behar diogu. Errexilen sendia ere bertan izanen da, Errexil II.a ere bai… espero dut bertsoren bat ere botako dutela. Lotura egiten eta Errexilengana ailegatzen saiatuko gara.

Egitasmoa antolatzeak lana eskatuko zuen…

Sariketa bat antolatzea ez da oso zaila praktikoki. Lekua atzeman behar da, herriko etxearekin harremanetan jarri… Saio bat antolatzea ez da zaila: bertsolariak deitu, baieztatu, erran noiz kantatu behar duten, instalatu, aulkiak jarri… Zailena izaten da bertsozaleak etortzea. Nik uste dut bertsoaldi oso ederrak etorriko direla; arrazoi ona da hori jendea etortzeko. 

Bertsolariak lotzea ez da erraza…

Guri, zorionez, bakar batek ere ez digu ezetzik erran; batek salbu, egun horretan ezin zuelako. Bertsolariak oso motibatuta etorri dira. Gainera, afixak ikusten baditugu, ikusiko dugu kantatuko duten bertsolariak ez direla plaza gehien dutenak. Alta, haien eskualdeko txapelketak-eta etortzen direnean, oso leku onean geratzen dira. Maila ona dute, eta bakoitzak bere lekua hartuko du.  

Zer leku du bertsolaritzak Urruñan?

Bertsolaritza euskararekin bat doa. Euskara osasuntsu baldin bada, bertsolaritza ere hala izanen da. Orduan, euskarari ikusten dizkiogun ezintasunak bertsolaritzak ere pairatzen ditu. Gero, bertsolaritza ikuspegi kontua ere bada: gehiago nahi dugunok erranen dugu erdipurdi dagoela, eta egoera eskasagoan ikusi dutenek erranen dute ongi dagoela. Bertsolaritza baino gehiago, bertsolariak dira ongi. 

Harrera ona eduki du sariketa berriz egiteak?

Bai, bai. Hedabideetan aipatzen da, sare sozialetan, jendearen ahotan… Urruñan oso kontent dira honekin, eta gu ere bai. Gero ikusi beharko da emaitza, baina ilusio handiarekin antolatu dugu. 

LOTSABAKO

Bertsolari bat?
Errexil [Juan Jose Eizmendi].

Euskal Herriko plaza bat?
Edozein herritako plaza.

Doinu bat?
Espainian behera.

Mendi bat?
Larhun.

Ortzi Idoate  Ortzi Idoate