Ortzi Idoate: “Aurten Xilaba antolatuko dugu berriz”

Ortzi Idoate –

Joanes Etxebarriak Ipar Euskal Herriko Hitzan.


 

Bertsolari izateaz gain, Bertsularien Lagunak elkarteko sustapeneko langilea da Idoate. Iazko Xilaba txapelketan antolatzaile eta bertsolari zen, pandemiak bertan behera utzi zuen arte.

 

Ortzi Idoate

 

Iazko Xilaba bertsolari txapelketan mikrofonoaren bi aldeetan zen Ortzi Idoate (Baiona, 1977), antolatzaile eta bertsolari gisa. Pandemiak ezeztatzera behartu zituen, baina azaldu du aurten berriz jokatuko dela txapelketa.

Zer eragin ukaiten ari da pandemia bertsolaritzan?

Bertsolaria, kasik esklusiboki, plazan aritzen da; beraz, oso kaltegarria izan da. Bertsoa mekanika bat da, eta orain ez da olioztatua. Saioak antolatzen ibili ordez, berriz, desantolatzen pasatzen dugu denbora. Aski gogorra da.

Konfinamenduan Internet bidez egin ziren saio batzuk.

Egin ditugu saiakera batzuk, baina egia da geroztik ez dugula egin. Lehen konfinamenduan, egoera oso argi zen; denboran oso finkoa zen. Baina ez dugu gehiago egiten, bertsolariarentzat oso zaila delako: bertsolariak behar ditu aurpegiak parean. Egiten ahal da eta egin da, baina bertsolariaren aldetik oso zaila zen. Ez ditugu osoki baztertu, baina ez ditugu berriz antolatu. Hego Euskal Herrian egiten dira saio arruntak, baina hemen itxoiten ari gara. Aldiz, lortu dugu irakaskuntzan aitzina egitea bertso eskolak plantan emanez; orduan, kolegio batzuetan saio batzuk egin dira, koadro horretan, gazteekin bereziki.

Pandemiak Xilaba hunki zuen bete-betean, ezeztatu baitzen. Antolatzaile eta bertsolari zinen.

Antolatzaile gisa, gogorra da, indar guztia sartzen duzulako horretan. Gainera, Xilaba “historikoa” hasia zen bilakatzen: bertsolari asko, publiko asko… Baina hortik ere burua altxatzen dugu, eta horren froga da aurten beste Xilaba bat antolatuko dugula eta espero dugula bururaino eramatea. Gauza asko zehaztekoak dira oraindik, baina erraten ahal da, normalki, 2021ean Xilabak txapeldun bat ukan beharko lukeela.

Aipatu duzue, egitekotan, bururaino joateko eginen duzuela…

Ziurtatzea ezinezkoa da. Iazko Xilaban erabaki genuen aitzina egitea duda guztiekin eta mehatxu guztien aurrean. Hor sentitzen badugu ezingo dela egin, ez dugu eginen. Joan den urtekoa aitzina ari zen, eta bat-batean erori zen; baina, oraingoan ikusten badugu berdina heldu dela, ez dugu ezeztatu nahi beste Xilaba bat. Halere, gerta daiteke berdina…

Ortzi Idoate