Oro ez da urre
Oro ez da urre –
Angel Ugarteburu, BARREN hedabidean.
Udarregi bertsolariak, euskara besterik ez zekien hark eta idazten ez zekienak, ba omen zuen ohitura berezi bat. Baserrian lanean ziharduela, bertsoak asmatu eta asmatu, denak gogoan hartzerik ez zuenez, etxeko ganbaran zeuzkan artaburu, patata eta abarrekin asmatu ei zuen bertsoak ez ahazteko sistema bat. Gero Usurbilgo idazkariak pasatzen zizkion alfabetora.
Hizkuntza batean edo bestean idaztea, premia edo beharraren kontua izan da historian zehar. Hala, Mesopotamian, Tigris eta Eufrates arteko ubitartean, lurrak landu eta ekoizpenak zenbatu, salerosketak antolatu eta populazioaren elkar bizitza arautzeko beharrak ekarri zuen zeinu idatzien beharra. Berdin gero Egipton ere, Nilo ibaiaren ibarretan eta Moisesek judutarrei harrizko tauletan eskainitako arau-zerrenda zurruna.
Gure hizkuntzak, euskarak, historian izandako bilakaera ikusten eta aztertzen badugu, bistan da pauso handiak eman ditugula, batez ere XX. mendearen bigarren erditik hasita gaur arte. Eskerrak! Bestela galduak ginen gaur egun itsaso handi nahasia diren hizkuntzen artean. “Hil ala biziko kontua” zen euskara batuaren afera, Koldo Mitxelenak berak Arantzazuko batzarrean 1968an aldarrikatu zuenez.
Hizkuntzek eta euskalkiek bizirik iraun zezaketen, bakoitza bere muga eta esparruetan, herri eta eskualde bakoitzaren mugak hurbil zeudenean, mendiek eta ibaiek mugatzen zituztenean.
Ez zen ikusten hizkuntza zein hizkera batek babes beharrik zuenik. “Quasi etche batetic bertzera, diferent” hitzegiten zela diosku Leizarragak, Testamentu Berria (1571) euskaratzen hasi zenean. Gaur egun arte iraun du herri batetik bestera hitz egiteko moduak duen diferentzia horrek, eta ez euskaran bakarrik. Gaurko mundua, ostera, mugarik gabeko itsaso bihurtu da eta ia pertsona bakoitzaren hautua da muga bakarra.
Badugu, zorionez, euskara baturako estandar bat, Karrantzatik Maulera eta Baionatik Tuterara eskolatu eta euskaraz ibiltzeko balio diguna. Indarrak metatuz geure burua babesteko ezinbesteko tresna. Historian inoiz baino alfabetatuago dago gaur euskalduna bere hizkuntzan.
Bernat Detxeparek “Linguae Vasconum Primitiae” (1545) argitaratu zuenean urrats handia eman zuen euskaldunon autoestimurako. “Beste herriek uste zuten euskaraz ezin genuela idatzi eta inprimatu, baina orain frogatu edo ikusi dute engainatuta bizi zirela”. Horixe da Etxeparek mundu osoari igorri nahi zion mezua. Harrezkero, asko eta asko idatzi da euskaraz; lehenik horretarako aukera zuen elizaren dotrina eta irakaspenak zabaltzeko eta gero baita beste alor askotarako ere. Lizardik Biotz-begietan (1932) olerki bilduman idatzita utzi zuenez:
Baina nik, hizkuntza larrekoa,
nahi haunat ere noranahikoa
jakite-hegoek igoa
soina zahar, berri gogoa
azal horizta, muin betirakoa
Euskara idatzian aurrerapen handiak egin ditugu eta gaur egun historian inoiz baino gehiago idazten eta inprimatzen da gure hizkuntzan; zientzia, teknologia eta literaturaren arlo guztietan idatzi eta irakurri ere. Baina oro ez da urre. Erabiltzen ez den tresna uhartu egiten da. Idatzia zurrun eta jariorik gabe gera liteke ahozko jardun biziak edaten ematen ez badio. Biziraupen kontua da oraindik ere gurea.