Onintza Enbeita:"Pandemia garai honetan euskaraz egiteko espazioak galdu ditugu"
Onintza Enbeita –
Aintzina Monasterio Maguregik Busturaldeko Hitzan.
Euskaraldian murgilduta gaude, eta Euskara Eguna laster dato. Horietaz eta euskaraz eta bertsolaritzaren arteko harremanaz berba egin dugu Xabat Galletebeitia Abaroa eta Onintza Enbeita Maguregi bertsolariekin.
Bertsolaritzak ze ekarpen egiten dio euskarari?
Bertsolaritzak hizkuntza bizirik mantentzen du. Bertsolaritzarekin hizkuntza ahoz aho dabil, eta bertsolaritzak jolastu egin behar du hizkuntzagaz. Bertsolariok hitz jokoak eta esaera zaharrak behar ditugu, eta erreferentzi berriak sortu.
Euskarak eta bertsolaritzak plaza gehiagoren beharra daukate?
Duda barik. Euskaraz egiteko espazioak galdu ditugu. Francoren sasoian euskara eremu intimora mugatu zuten. Hori da historikoki hizkuntza hegemonikoek erabili duten estrategia: euskara intimitatera mugatu eta kalea beste hizkuntzentzat hartu. Pandemia garaian, euskara intimitatera mugatu da. Plaza, harreman sozialak eta bide batez, kultur adierazpenak galdu ditugu, plaza publikoan, behintzat. Euskara eta bertsolaritza plaza barik geratu dira, ahorik ahora askoz ere gutxiago dabiltza, jende berri gutxirengana iritsi daitezke eta gainera, digitalean kontsumitzen dugun ia gehiena beste hizkuntzetan da. Kultura da lehenengo kentzen dutena, eta beti erraz jarri dute euskara bigarren mailan, gure arazoak bigarren mailakoak izan dira. Pandemiaren aitzakiagaz, inoiz baino errazago kendu gaituzte paretik.
Pandemiak euskara umezurtz utzi duela salatu dute hainbat eragilek. Zer behar da horri buelta emateko?
Martxoan etxeratu gintuzten, eta shock egoera gainditzeko unea da. Behin gaindituta, arazoa hor dagoela jakinda ere, erreakzionatu egin behar du gizarteak. Pentsatu behar dugu non geunden martxoaren 14an. Hau amaitzean ezin gara orduan baino atzerago egon; gutxienez hor egon behar du euskararen egoerak. Formula magikorik ez dago, baina euskarak behar duena euskaldunak dira, euskara erabiliko dutenak. Erraztasunak eman behar dira jendeak euskara ikas dezan, eta etxean zein kalean euskaraz egin ahal izateko medioak eta espazioak behar dira. Horretan erakundeek badaukate zeregina. Doakotu egin behar da euskararen irakaskuntza, horretarako behar diren baliabideak jarrita, eta kalitatezko komunikabideak sortu euskaraz, jendeak kontsumitu ditzan. Euskara naturalizatu behar da, erreferente euskaldunak sortu gazteentzat. Eta munduari erakutsi Euskal Herri euskalduna aldarrikatzen dugula egungo sistema globalizatuari alternatiba emateko bide egokia delako, eta guk eraiki dezakegulako daukaguna baino mundu hobea. Horretarako tresna bat izan behar du hizkuntzak.
Ahobizi zara. Euskaraldiak zertarako balio duela uste duzu?
Mea culpa-k kentzeko. Edozein lekutara joaten garela ere, txapa daukan pertsonari euskaraz egiten diogu. Berak ez du bere burua justifikatu behar etengabe ez badigu ondo ulertzen. Txapak ezkutatzen ditugunean ere, mea culpa horiek kendu egin behar ditu. Kalera atera eta euskaraz egin behar dugu, eta ulertzen ez duenak esango digu, edo astiro egin behar diogunari egingo diogu. Konplexuak galtzeko balio behar du Euskaraldiak.
Eta Euskararen Egunak zer aldarrikatzeko balio du?
Tristea dela hizkuntza batek bere eguna izan behar izatea. Gure hizkuntza hegemonikoa izango balitz, ingelesaren, frantsesaren, alemanieraren moduan, seguruenik ez luke egun bat izango.
Irakurleei eta euskarari bota iezaiezu azken agurra.
Txapak jantzita dabil
horrenbeste lagun,
aldaketa bat behar
dugula ezagun.
Euskarak behar ditu
urte, aste, egun.
Erdararen aldia
amaitu dezagun.