Onintza Enbeita txapeldun
Onintza Enbeita txapeldun –
Dabi Piedrak Argia aldizkarian.
Enbeitatarren sokak ez du etenik Bizkaiko Txapelketan. 1958 eta 1959an Balendin Enbeitak, Urretxindorra handiaren semeak irabazi zituen lehenengo bi edizioak. 1990 eta 1992an, Jon Enbeitarentzat izan zen txapela. Eta 2018an, hurrengo belaunaldiak hartu du lekukoa, Onintza Enbeitaren lan bikainari esker. Familiakoak gogoan hartu zituen azken agurrean, “Zuen altzoan egin naz, ni neska bat ahalduna”.
Bertsolaritza etxetik dakar Onintza Enbeitak, belaunaldiz belaunaldi ondutako formulan diluituta. Oholtza gainean, alabaina, norbanakoak eman behar dio hauspoa transmisioaren suari. Miribillako finalean, abizenaren pisurik gabeko Onintza entzun genuen, bere-berea duen estiloa gorenera eramanaz. Txapeldunak saioaren ondoren onartu zuenez, gaiak neurri-neurrikoak etorri zitzaizkion, “kosmosa” bere alde jarri izan balitz bezala.
“Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu” zen bakarkako gaia buruz burukoan. Benetako Onintza ere halakoxea da ia-ia, berak onartu zuenez. Natural kantatu zuen, puntuak pilatu eta publikoa berotzeko: “Baina nik nori eskatu behar, deutsat ba orain baimena/ Neure barrutik atera nahi dot, behinola izan nintzena”. Seiko motzean ere ederto aritu zen muxikarra, gaiari zukua ateratzen, kideari erantzuten eta ideia zorrotzak plazaratzen. Etxahun Lekue bigarrena, aldiz, beste batzuetan baino irregularrago aritu zen, ezin distira eginda.
Final parekatua izan zen, pronostikoek ere hala iragarria zuten. Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue heldu ziren buruz burukora, baina besteak ez ziren urrun geratu. Izenak baino, zortzikotea nabarmentzea litzateke bidezkoena. Hirugarren Xabat Galletebeitia izan zen, beti bezala dotore eta original. Laugarren eta bosgarren lekuan berdinduta amaitu zuten Jone Uriak eta Nerea Ibarzabalek. Goiko postuetan ibiltzea zuten helburu, baina koska bat falta izan zitzaien. Miren Amuriza ere gehiagorako gai da, baina ariketa batzuetan onenen pare jardun zuen, adibidez hamarreko txikian.
Aparteko aipamena merezi dute Eneko Abasolo Abarkasek eta Aitor Bizkarrak. Azken unean sartu ziren finalean, iurretarra 2010etik zegoen finalaurreetatik pasa ezinda, eta Bizkarrak lehenengo finala zuen. Zazpigarren eta zortzigarren izan ziren, baina, hala ere, publikoak haien bertsoetako batzuk txalotu zituen gehien. Finalen kalitatea ez dute irabazleek soilik ezartzen. Lehena bezala zortzigarrena ere nabarmenduz gero, orduan gozatzen du zaleak.
Final parekatua ez ezik, final parekidea ere izan zen Bilbokoa, laugarren aldiz jarraian. Oraingoan bai, emakume batek jantzi zuen Bizkaiko txapela. Jon Enbeita osabak jantzi zion, gainera. Gutxienez bi urtez izango da Onintza txapeldun, eta jasotako maitasun guztia plazaz plaza bueltatzen ahaleginduko dela agindu zuen.
Onintza Enbeita txapeldun