Onintza Enbeita: “Mikrofono bat dugunok eraldaketarako erabili beharko genuke”

eraldaketarako erabili –

Ane Araluzeak eta Markel Fernandezek, DEIAn.


Beste modu batera pasatuko du aurten bertsolari muxikarrak Aste Nagusia; lasaiago, beharbada, baina kale egin gabe. Emakume moduan agertokia berea ere bazela aldarrikatu ostean, haurdun egonik, hurrengo pausoa zein den argi du: “Ama moduan arau sozialez ere ez dagokizun leku bat hartzeko prest gaudela esatea”.

eraldaketarako erabili
Onintza Enbeita

Aurtengo Aste Nagusian gozateko aukera izango duzu baina beste era batera.

Bai, alkoholik ezin dut edan, beste plan batzuk egin beharko ditut. Normalean gustatzen zait konpartsetan ibiltzea, gure habitat naturala da.

Orain arte zer izan da gehien disfrutatu duzuna?

Ez daukat kapritxo berezirik, kontzertu bereziren bat badago, joan, eta, bestela, eguerdirako joan, Alde Zaharretik ibili, zeozer bazkaldu edo pintxo batzuk jan eta gauerako konpartsetara hurbildu eta egitarauaz disfrutatu. Kalean ibili, batez ere.

Aste Nagusia kide eta lagun askorekin batzeko topagunea da.

Bai, azkenean hiriburuetako jaietara denok joaten gara, behintzat egun bat pasatzera eta jende asko ikusteko aukera sortzen da.

Lo egin gabeko bertso saiorik egin izana gogoratzen duzu?

Azken urteotan ondo zaindu dut hori. Lehen-lehen bai joaten ginen, lo gutxi eginda.

Bilbo bezalako plaza baten zein herri txiki baten aritzeak desberdintasunik al du?

Normalean herri txiki baten kantatzen duzunean herri horretako jendea egoten da eta herri horri kantatzen diozu. Bilbon eta Aste Nagusian Bizkaiari kantatzen diozu. Santiagoko Plazara badago jende bat egunero datorrena, berdin da zein bertsolari datorren. Hiriburuko plaza bat izateak berezi egiten du.

Santiagoko Plazan arituko zareten bertsolarien artean emakumeak zarete nagusi. Ez da kasualitatea.

Gaur egun plazan gehien gabiltzan bertsolarien artean, esango nuke asko garela emakumeak. Aste osoan egunero bertso saio bat dagoen lekuan errealitatea islatu behar da. Horrek ez du esan nahi egoera ideal baten gaudenik. Kontuan izan behar da saio bat dagoela emakumeak bakarrik daudena, saio hori ez balego, beharbada, proportzio hori aldatu egingo litzateke. Ahalegin bat egin behar izaten da parekidetasuna lortzeko.

Emakume bertsolariek hainbat garaipen lortu dituzue azken urteotan. Atzetik datozenak erreferente inportanteak dituzte.

Nora begiratu izatea garrantzitsua da. Kontua da txapelketetan sistema osoa ageri dela: gai-jartzaileak, epaileak, publikoa… elementu asko nahasten dira. Orain arte esaten ziguten, protestan egon beharrean, feminismoari buruz hitz egiten, txapelketa batera joateko. Azken urteotan bi gauza erakutsi ditugu. Alde batetik, punta-puntan gaudela. Eta, bestetik, argi ikusten dela emakumeek plazari eusten badiote euren buruarekiko autoexijentzia handiz eusten diotela.

Orokorrean, nola ikusten duzu bertsolaritzaren harrobia?

Ondo. Esango nuke bere boom-a izan zuela duela urte batzuk. Gero apur bat normaldu egin zen dena. Orain bertso eskolak daude, hezkuntza arautuko proiektu oso inportantea da Bertso Elkartearen barruan. Nahiz eta bertsotan ez duten egingo, Euskal Herriko ume askok dute bertsolaritzaren berri eta afizioa dutenak bertso-eskoletara doaz. Esango nuke bertsolaritza osasuntsu dagoela eta aldaketa berriari eusteko prest.

Jaiak aldarrikapenerako testuinguru izan behar direla uste duzu?

Bizitzan dena da eta izan behar da aldarrikapenerako testuinguru. Beti eman dit barregura jendeak esaten duenean politikan ez dela sartzen edo jaietan jai egin behar dela. Gaur egun egunero jaten duzuna, supermerkatu handi baten erosi edo Gernikako Plazan erosi, erabaki politikoa da. Jaietan aldarrikatu egin behar da, klaro. Horrek ez du esan nahi jai guztiak, ozpinduta, pankarta baten atzean eman behar direnik. Mikrofono bat dugunok mikrofono hori eraldaketarako erabili beharko genuke.

Bertso bazkarian arituko zara gaur. Bertso saio arrunt batek baino esfortzu handiagoa eskatzen du?

Jendeak uste duenaren kontra, bertso bazkari baten eta librean, lan asko egin behar da. Eguerdian gai-jartzaile bat daukazu eta hark esaten dizu nondik kantatu. Bertso bazkarian zuk egin behar duzu ariketa osoa: testuingurua jarri, erabaki zer den kantagarria eta zure kidea hartu eta bide bat eraiki. Ondo irteten denean, eder-ederra da libreko saioa, baina horretako ondo irten behar da eta izerdirik gabe ez dago modurik.

Oholtza gainean emakumeon gorputzak beti hartzen garrantzia berezia. Haurdun zaudenetik ezberdintasunik nabari duzu?

Oraindik ez larregi, ez zaidalako nabaritzen eta jende askok ez dakielako haurdun nagoenik. Bertsotan hasi ginenean gorputz diferenteak zeuden, eta, tartean, badira ama izan direnak: Alaia Martin, Uxue Alberdi edo Oihana Iguaran. Bere horretan bada aldarrikapen bat. Munduan ustez amek egon beharko ez luketen toki baten kokatzen duzu zure burua zure tripa handiarekin. Inork ez du inoiz zalantzan jarri aita batek bertsotan edo futbolean jarraitu behar duenik, baina emakume batek ama izan eta gero bere bizitzarekin jarraitu behar duen ala ez beti epaituko da.

Hori da emakumeoi falta zaigun aldarrikapenetako bat?

Emakume moduan aldarrikatu dugu agertokia gure lekua dela, eta oso garesti irten zaigu gurea den leku hori hartzea. Beste pauso bat, emakume moduan bakarrik ez, ama moduan arau sozialez ere ez dagokizun leku bat hartzeko prest gaudela esatea da.

eraldaketarako erabili  eraldaketarako erabili  eraldaketarako erabili