On Ángel!

On Ángel! –

Iñaki Murua, ARGIAn.


Goiburu hori soilik irakurri eta ezinezkoa nor den edo nor zen asmatzea, baina bazen nor!

On Ángel!

Ángel González Olvera, Mexikon ezagutu genuen duela 11 urte bertsolariok hango inprobisatzaileekin jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuztenean. Mendi gain batean bizi zen, hango txori, uso, usapal, triku, azeri, basurde… elikatuz. Trobadore fina, apala eta langilea, kantatzen zekiena nekazariei eta artzainei sentimenduz eta bizipen propiotik inork ez bezala bertsotan, bizitza bere eguzki eta ekaitz, ote eta goroldio. Auskalo zenbat topada egin zituen (bi laukote nor baino nor, bi biolin eta bi gitarra normalean, zaletuak musikaren erritmora dantzan zirela) egunsentira arte, garaiko trobadorerik entzutetsuenekin. Palomas (Xichú eskualdea) izeneko komunitatean bizi zen Leonila Oviedo bikotekide eta seme-alabekin. “El Huapango Arribeño” deritzona da, Xichú mendizerran, Queretaron eta Potosi erdigunean gehienbat, gauzatzen dutena troberoek, eta berak, natural lotzen zuen menditar nekazari izatea eta huapangoa. Aitak abereak larratzeko agindu eta, egun batez, aginduei ez entzuna eginda, eskolara joan omen zen hiru orduz eta bokalak ikasi omen zituen. Gainerakoa, eta ez gutxi, bizitzaren unibertsitatean.

Bera zen bezalakoxea, umila, benetakoa eta bertakoa. AEBetara zihoazen mexikarrei honela kantatzen zien: bai, bazoazte handitasunaren bila, urrea irabaztera, auskalo itzuliko zareten. Han esku zabalik hartuko zaituztete, nork landuko du bada lurra? Nork ereingo frijoleak, artoa…? Lurrak emandakoa jatekotan, mexikarren beharra dute!

Hitzaldi batean bere ibilerak kontatu zizkigun, egunean laurogeitaka kilometro egin zituela askotan, 19 urte zituela aitak erositako gitarra harekin. Begiak lausotzen zitzaizkion garai eta egoera hura birgogoratzean. Hala kontatu zigun, topada batetik bueltan mendi-bideetan zetozela, gose eta egarri, borda batean ezer jatekorik edo ba ote zuen galdetu omen zioten etxekoandre bati, eta hala zeozer jan eta gero, eskertze aldera, kantatzen hasi omen ziren. Konturatzerako negarrez ari zen emakumezkoa, eta malko haien zergatia jakin nahirik, beregana hurbildu zenean hala erantzun omen zion: hemen ikusten duzu zertatik eta nola bizi garen eta astero feriara barazkiak hartuta joaten naiz haiekin diru pixka bat atera eta etxean behar dudana erosi ahal izateko. Astoarekin egin izan dut joan-etorria, baina joan zen hilean akabatu zen eta zu kantuan hasi zarenean, astoaren arrantza gogorarazi didazu! Barre egiten bazekien, baita bere buruari ere!

On Ángel!