Omentzetik, herrian eragitera
Omentzetik, herrian eragitera –
Miren Garatek Berria egunkarian.
Bertsolari Eguna zenak Bertso Eguna izena du jada; pertsona bat omendu ordez, gai bat lantzen da orain; igandetik larunbatera pasatu dute; eta Donostian egin beharrean, urtero aldatzen du geltokia. Aldaketa horiek gorabehera, edo aldaketa horiei esker, mende erdira iritsi da.
San Sebastian jaiaren barruan, bertsolaritzari lotutako ekitaldi bat nahi zuen Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak. 1968. urtea zen. Eta orduko txapelduna, Manuel Olaizola Uztapide. Hala, hari egindako omenaldi moduan planteatu zuten lehen ekitaldi hura. Astoria antzokian izan zen, eta garaiko bertsolaririk onenetakoak aritu ziren kantuan: Joxe Agirre, Fernando Aire Xalbador, Migel Arozamena, Jon Azpillaga, Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki, Joxe Lizaso, Jon Lopategi, Manuel Matxain, Jose Joakin Mitxelena eta Uztapide bera. Arrakasta izan zuen saioak, eta hurrengo urtean ere antolatzea erabaki zuten. Eta hurrengoan, eta hurrengoan. 50. aldia izango du larunbatean, Barañainen (Nafarroa), nahiz eta hasierako formatuarekin zerikusi txikia duen gaur egungoak.
Bertsolariren bat omentzeko ohiturari eutsi zitzaion lehen urteetan. Bozketa bidez erabakitzen zen hurrengo omendua nor izango zen: omenaldira joandako entzuleek sarrerako txarteletan jartzen zuten nahi zutenaren izena, eta bazkalondoan jakinarazten zuten nork jaso zituen boto gehien. Sistema horren bidez, bertsolari oso gazteak aukeratzen ziren batzuetan, eta hori ez zuten oso gustuko bertsolariek beraiek. Esate baterako, 1979an, Imanol Lazkano aukeratu zuten entzuleek, eta hark uko egin zion 43 urterekin omenaldi bat jasotzeari. Gerora erabaki zuten bertsolarien artean egitea aukeraketa.
1987an Bertsolari Elkartea sortu zen, eta hasieratik hartu zuen bere gain egun horren antolaketa. Omenaldiekin jarraitu zuen hark ere hasierako urteetan, eta, batzuetan, banaka eta besteetan binaka omentzen zituen bertsolariak. Guztira, 27 bertsolariri egin zitzaien omenaldia fase horretan. Badira zenbait bitxikeria egun horri lotuta; esate baterako, omenduari egindako oparia saioan kantatzen zuten gainerako bertsolarien artean ordaintzen zutela. 1991tik aurrera, bertsolariak ez, baizik eta bertsolaritzaren alde lan egiten zuten gai jartzaile, antolatzaile, ikerlari eta eragileak eskertzea erabaki zuen elkarteak. Omenaldiarekin batera, bazkari bat ere izaten zen, baina nahiko pribatua, ez herritar guztiei irekia.
1995a, mugarri
1995ean itxi zuten omenaldien zikloa, gizartearen ohitura eta bizimolde aldaketek, hala nola bertsolaritzarenak berarenak, eguneratze bat eskatzen zutela iritzita. Bertsolari Elkarteak Bertsozale Elkartea izena hartu zuen, eta ordura arte Bertsolari Eguna zena Bertso Eguna bihurtu zen. Era berean, igande goizetik larunbat arratsaldera aldatu zuten jaia.
Udarregiren mendeurrena izena jarri zioten formatu berriko lehen saioari, eta, besteak beste, Andoni Egañaren eta Zazpi Eskaleren disko aurkeztu berriek eta bat-bateko saioak izan zuten protagonismoa. Erabat ezohikoa izan zen hurrengo urtekoa ere, 1996koa. Izan ere, lehen aldiz, atzerriko inprobisatzaileak gonbidatu zituzten. Alpujarretako Troberoak, Balear Uharteetako glosadoreak eta Kubako dezimistak izan ziren Donostian. Hurrengo urtean, berriz, Katea ez da etenlemapean hiru belaunalditako bertsolariek osatutako taldeak aritu ziren bat-batean. Hain zuzen, 1995etik gai baten bueltan ardaztu izan da Bertso Eguna beti, eta nahiko esperimentala izan da.
2001ekoa izan zen beste mugarrietako bat. Astorian, Karmelo Balda pilotalekuan, Anoeta pilotalekuan eta Viktoria Eugenian izan ziren ordura arteko bertsolari eta bertso egunak, eta, urte horretan, Kursaalera eraman zuten. Bertso trama bat izan zen han egindako lehen saioa. Azken urteotan, urtez urte aldatzen den batzorde bat arduratu izan da Bertso Eguna antolatzeaz —baita gaur egun ere—, eta proposamen oso ezberdinak atera izan dira. Bertsozaleen memorietan fresko egongo dira oraindik haietako batzuk: esate baterako, 2014koan, bertsolaritzaren historiako zein gaurko emakumeak oholtzaren erdian jartzea eta generoa gai nagusi bihurtzea izan zen asmoa; jolaserako proposamena ekarri zuen 2015ekoak; eta 2016koan hamar bertsolari aritu ziren, baina bi taldetan banatuta.
2017an ez zen Bertso Egunik egin. Bertsozale Elkarteak erabaki zuen Euskal Herri osoan eragin nahi zuela aurrerantzean. Formatu berriaren nondik norakoak zehaztu ahal izateko urtebete hartu ostean, iaz egin zen berriro, Mungian (Bizkaia).