Oihana eta Beñat Iguaran: «Oso oroitzapen txarra dugu oholtzara lehenbizikoz igotako egun hartaz»

Oihana eta Beñat Iguaran –

Unai Ugartemendia, Tolosaldeko Atarian.


Maiz nahastu izan dituzten arren, lehengusuak dira Beñat eta Oihana Iguaran; txikitatik hasi ziren bertso eskolan, eta hainbat txapelketatan aritu izan dira; Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako izena eman dute.

 

Oihana eta Beñat Iguaran

 

Bertsoaren baitan bizi dira Beñat Iguaran (Amasa-Villabona, 1988) eta Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) lehengusuak. Oso umetan kateatu ziren bertsolaritzara, eta hainbat txapelketatan ere parte hartu izan dute. Bertsolaritzan izandako hastapenaz eta gaur egungo egoeraz hitz egiteko aukera izan dugu lehengusuekin. 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara ere zeharka begira jarrita daude dagoeneko.

Gogoan al duzue lehenbizikoz ‘bertsoa’ hitza entzun zenuteneko garaia?

Beñat Iguaran: Nik ez dut oroitzen! Ziurrenik, etxean Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera programa ikusten entzungo nuen lehenbizikoz, edo gurasoekin joandako saioren batean. Askotan joaten ziren bertsotara gurasoak. Ez daukat bestelako oroitzapenik.

Oihana Iguaran: Nik ere Beñaten ibilerak gertutik jarraitu arren, nire lehen bizipenak ziurrenik eskolan izango nituen. Amaia Agirre irakasle zebilenean guregana etorritako egunen batean entzungo nuen ziurrenik lehenbizikoz. Osaba Inaxio ere aritzen zen bertsotan, baina amak behin esan zidan arte, ez nuen inoiz jakin. Pentsa…

Bertsotarako joera nondik etorri zitzaizuen?

Beñat: Eskolan izaten zen ipuin eta bertso lehiaketan irabazitako sariren baten arrastoan hasiko nintzen ziurrenik. Orduan, eskolan, bertso-trena ere izaten genuen jolas, eta ondoren hasi ginen Amaia Agirreren gidaritzapean bertsotan.

Oihana: Niretzat oso zuzen lotuta daude bertsoa eta Amaia Agirre. Eskolara etorri zen bertsolaritzako klaseak ematera, eta guretzat neurrira pentsatuta zegoen jolasa ekarri zigun. Berak gonbidatu ninduen zuzenean bertso eskolan hastera ere. Eta orain gogoratzen dudala, hantxe topatu nuen Beñat! [barrezka] Adinarengatik eta gaitasunarengatik, bi talde ezberdinetan aritzen ginen.

Beñat, zu ere bertso eskolan hasi zinen.

Beñat : Bai. Aritz Garin ere bertan ibiltzen zela oroitzen dut. Atzetik Oihana eta beste batzuk ere hasi ziren Agirreren laguntzarekin. Urte batzuetara, jendea uzten joan zen heinean, batera ibili ginen Oihana eta biok.

Gizonezkoen eremua izan da beti bertsolaritza. Zuk Oihana, nola bizi izan zenuen hasiera?

Oihana: Gure bertso eskola hura, ez zen betiko bertsolaritza. Irakaslea bera ere emakumea zen, eta orduan, neska adina mutil izango ginen bertsotan aritzen ginenak. Orduan ez nuen horren kontzientziarik izan. Gerora, aldiz, bai. Zein desberdinak ginen, zein desberdina zen gure jarrera jendearen aurrean…

Lehenbizikoz oholtza batera igotako unea nola gogoratzen duzue?

Oihana: Jende aurrean kantatutako lehen bertsoa buruz ikasitakoa zen. Amesgaiztoko irudi bat da hura niretzat. Amasa-Villabonako kiroldegian izan zen. Egunkariaren itxierarengatik izan zen, eta gogoan daukat bertsoa ahaztu egin zitzaidala. A ze momentua hura! Mundutik desagertu nahi nuen!

Beñat: Nire lehen saioa ez zen izan, baina, nik okerragoa egin nuen egun berean! Doinua ere ez zitzaidan etortzen burura hasieran, ondoren, kantuan hasi, eta hirugarren puntua ezin ekarri ibili nintzen. Gelditzea erabaki nuen, eta Aritz Garinek bere bertsoa bota zezala erabaki zuten. Garinek amaitu zuenean, berriro ere hasi nintzen kantuan. Baina orduan ere, berdina gertatu zitzaidan. Azkenean oholtzatik jaistea erabaki nuen. Negarrez amaitu nuen! Hiru urtez plazara atera gabe egon nintzen.

Bertsoaren munduan zein izan ziren zuen erreferenteak gazte garaietan?

Beñat: Niri oso gustagarri egiten zitzaidan Jexux Mari Irazu entzutea, eta gaur egun ere horrela jarraitzen du izaten.

Oihana: Niretzat Amaia Agirre izan dela esango nuke. Gaztetan askotan aipatzen zizkigun saioetako gorabeherak, eta guretzat izugarria izaten zen kontakizun haiek entzutea. Bertsolari zaharragoek ere geure beldur antzekoak zituztela entzuteak ere asko harritzen ninduen. Ondoren, bertso eskolan genbiltzanean, gazteak jarraitzen genituen, esaterako, Amets Arzallus, Sustrai Colina edo Jokin Uranga. Uxue Alberdi edo Miren Amuriza azaldu zireneko garai hura ere ondo gogoratzen dut.

Txapelketa askotan ibili izan zarete biak ere. Gogoan dituzue jokatutako guztiak?

Beñat: Nik, Euskal Herriko bi jokatu ditut, eta Gipuzkoakoak aldiz, lau.

Oihana: Nik aldiz, Gipuzkoako hiru jokatu ditut, eta, Euskal Herrikoak, berriz, bi.

Zer eman dizuete txapelketek?

Beñat: Lehendabizi, bertso eskolara joateko aitzakia! Orain, aita ere banaiz, eta ziur hurrengo txapelketetara begira gauzak aldatu egingo direla. Txapelketen aurretik igarotako uneez oso oroitzapen onak dauzkat. Afari batzuk eta parranda batzuk ere egin genituen txapelketen aitzakian.

Oihana: Beñatek aipatu bezala, hori dena eman didate niri ere txapelketek, baina, 2015eko txapelketak plazan kantatzeko ateak ireki dizkit geroztik. Hori ezin dut ukatu. Lehen, hemen inguruan aritzen nintzen gehienbat kantuan. Orain asko zabaldu zait sarea. 2015eko txapelketa prestatzeko elkartzen ginen denok txapelketa bikaina egin genuen. Giro aparta izan genuen! Hurrengo txapelketan ere antzeko zerbait bizi nahiko nuke.

Bertsolarien artean bi korronte bereiztu izan dira beti, txapelketa zaleak eta aurkakoak. Zuek zaleak zarete?

Beñat: Baietz esango nuke! Euskalduna beti izan da apustu zalea, eta beti izaten da saltsa txapelketetan. Gaur egun, Bizkaiko edo Nafarroako txapelketei ere begiratzen diet zeharka baldin bada ere. Besteak nola dabiltzan ikustea ere gustuko dut.

Oihana: Ni ere zalea naiz, bai entzule bezala eta baita bertsozale bezala ere. Txapelketak ere badira plaza mota bat, normalean grisagoak direnak edukien aldetik, baina aukera ematen du askotan entzuten ez diren bertsolariak entzuteko, bakoitzaren apustu eta ahaleginak nondik doazen ikusteko… Aurten esaterako asko gozatu dut Nafarroako eta Bizkaiko txapelketekin.

Non sufritzen duzue gehiago, oholtzan zaudetenean edo bestea entzuten zaudetenean?

Oihana: Nik entzule gisara sufritzen dut gehiago. Besteen azalean jartzen gara askotan, esaterako, zeri helduko dion, zein bide hartuko duen… Keinuak aztertzen ere pasatzen dut denbora. Asko ezagutzen dugu elkar, eta keinuek asko adierazten dute.

Beñat: Ezberdina izaten da. Nik ez dut txapelketaren batean izugarri sufritu izanaren sentsaziorik izan. Ahal dena egiten da. Nik behintzat, entzule gisara sufritzen dudala gehiago esango nuke. Besteek kantatzen dutena ez dago baten esku!

Zu, Oihana, esaterako, azken Euskal Herriko txapelketa nagusian finalaren atarian gelditu zinen. Zer sentitzen da horrelakoetan?

Oihana: Unean bertan ez nuen sentitu atarian gelditu nintzenik. Saio txarra egin nuela konturatu nintzen. Ez nuen nirea eman, eta horrek inpotentzia sortzen du. Finalera ez sartzearen amorrua beranduago izan nuen, puntuazio guztiak amaitu zirenean.

Amesgaiztorik sortu izan dizue bertsolaritzak?

Oihana: Amesgaiztorik unibertsalena benetan inporta zaigun jendeari huts egitea da. Bertso mundura ekarrita, batzuk oholtzan dira, baina, nire amesgaiztorik handiena zera izaten da, alegia, bertso saio baterako hitza eman, eta saiora joatea ahaztuko zaidanaren beldurra. Inoiz ez zait horrelakorik gertatu, baina horren beldur naiz. Eskapadatxoren bat egin izan ohi dut agendarekin, baina beti izan dut hura konpontzeko aukera edo zerbait pentsatzeko aukera.

Beñat: Nik ez dut horrelakoen beldurrik. Horretan nabari da Oihanaren eta nire arteko maila [barrezka]. Eta oholtzan ere ez daukat oroitzapen txarrik.

Aisialdian bertsoak entzutera joan zaleak zarete?

Oihana: Nahiz eta askotan ez naizen joaten, gustuko dut noizean behin joatea. Oro har kultura kontsumitzea gustatzen zait. Plazan gabiltzanontzako ez da erraza bestalde, gehienetan guk kantatzen dugun ordu bertsuetan izaten baitira bai antzerkiak, edo kontzertuak.

Beñat: Ni lehen gehiago joaten nintzen. Denbora ere gehiago izaten nuen.

2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izango zarete?

Beñat: Bai, nik behintzat izena eman dut. Parte hartuko nuela argi neukan. Halere, txapelketa prestatzeak denbora eskatzen du, baina, gauza asko ditugu gogoko eta denetarako denbora ateratzea geroz eta zailagoa da. Egoera ezberdin batean nago, eta badakit gauzak aldatuko direla. Bikotekideak ere asko animatu nau izena ematera. Nire azken txapelketa izateko aukera asko daude.

Oihana: Ni ere hantxe izango naiz. Gauza asko antolatu beharko ditut txapelketa ondo prestatzeko, baina gogotsu nago txapelketaz gozatzeko. Txapelketaren egituraren arabera, urrian hasiko naiz kantuan ziurrenik. Ordura arte lan handia daukat aurretik.

 

 

Oihana eta Beñat Iguaran  
Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran Oihana eta Beñat Iguaran