Oier Iurramendi: «Plazako jardun kontsentsuatua da kultur adierazpide txikien indarra»
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urteko batzarra egin eta pare bat astera bildu gara Oier Iurramendi Etxeberria (Hernani, 1990) koordinatzailearekin. Elkarteak Villabonan duen egoitzan hartu gaitu bazkalorduari minutuak lapurtuta; egindako ibilbideaz, esku artean dutenaz eta aurrera begirakoez mintzatu gara.
Oier Iurramendi –
Eli Pagola, GARAn.
Martxoaren 16an izan zen Bertsozale Elkartearen urteko batzarra. Egin beharreko ekitaldi garrantzitsutzat du Iurramendik, informatzeko zein elkartea bera antolatzeko baliagarria delako. Moldagarritasuna eta mugimendua dira elkarrizketan zehar han eta hemen atera diren kontzeptuak, eta ez da gutxiagorako, Elkartea «indar-berrituta» baitago: lehendakaritza-talde berria jardunean da, koordinazio guneak aldatu dira, inkorporazio berriak… mahai gainean daudenei, espero direnei eta espero gabe etorriko direnei erantzuteko prest dago, beraz.

Borondatezko partaideen parte hartzea ez dago erraza. Zer moduz ikusten duzu boluntarioen inplikazioa Elkartean?
Elkartearen aberastasun nabarmenetako eta konplexuenetako bat da. Elkartea bertso komunitatean oinarritzen da, komunitate horren errepresentazio ente bat da, eta bertso-munduaren pentsamendutik eta ekimenetik elikatzen da. Oinarrizkoa du borondatezkoen lana, militantzia eta ekarpena. Egia da, gizartea aldatzen doan heinean, elkarteak ere egokitu beharra duela eta gero eta zailagoa izaten dela halako proiektuetan parte hartzea. Zorionez, elkartean oraindik badugu borondatezko ekarpen handi bat.
Erritmoak nahastuko dira.
Jakina. Langileok lanaldi osoa egoten gara elkarteko lanetara eta hori orekatu egin behar da borondatezkoak egoten diren guneetako informazioarekin. Gainontzean ekarpena zailtzen da.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 2018ko gogoeta estrategikoan, bertsolaritza euskalgintzan bainoago kulturgintzan kokatu nahi zela erabaki zen. Zer esan nahi du horrek?
Gogoeta estrategikoak bi funtzio orokor izaten ditu: batetik, aurreko urteetan mugitzen egon diren gaien egikaritze bat, alegia, gogoetan ez da egiten tabula rasa bat, baizik eta badatozen inertzien egikaritze bat egiten da eta horrek lotura du gizarte mailan aurkitzen garen garaiarekin eta ditugun eztabaidekin. Eta, bestetik, oinarri bat ematen da aurrera begira. Horietako bat izan zen euskalgintzan bai baina batez ere kulturgintzan kokatzen garen titularra, bertsogintza zerbait baldin bada, kulturgintzan delako. Euskara hutsean egiten da eta euskalgintzan ekarpen handia egiten du, baina kultur adierazpide bat da. Horrek bisio aldetik badakar aldaketa bat espektroa zabaltzen duelako. Instituzioek, harreman historikoagatik, euskalgintzan kokatu izan gaituzte eta aldaketak eskatzeko, lehenik, geure egin behar ditugu diskurtso hauek.
Kultura arloko dirulaguntzetan ez du toki handirik.
Bada azken urteetan egin den borroka eta, batzuetan, hasi da bertsolaritza esplizitatzen, eta aipatutako mugimendu hauetan du oinarria. Izandako mugimenduarekin administrazioan ere ari dira aldaketak gertatzen, eta horietako bat da Jaurlaritzarekin izan dugun hitzarmena euskara sailean, aurten jada kulturara pasa dela.
Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu dute. Zer dakar izendapenak?
Izendapena instituzio publikoek bertsolaritzari ematen dioten estatusa da. Materialki ez du ezer ekarri; hortik haratago doa. Bertsozale Elkarteak lan asko egin du bertsolaritza osasuntsu mantentzeko eta dagoen lekura iristeko, eta bada horren errekonozimendu publiko bat, onartzea herri honen ondare biziaren parte dela eta konpromiso bat hartzen dutela etorkizunean ere babesteko. Ondare terminoak askotan zaharkitu kutsu bat hartzen du, eta hor askotan nahastu egiten gara, zeren bertsolaritza inoiz baino biziago dago.
Makro-ekitaldien garaian, nola daude bertso-plazak?
Arrapaladan etorritako kultura kontsumitzeko modu berritu bat da, ez diona on handirik egiten, oro har, kulturari. Baten batek esan lezake elkarteak Txapelketarekin berdin egiten duela baina, nik uste, ez duela zerikusirik orain bizitzen ari garen makrokontzertuen kontuarekin. Hain justu, Txapelketak antolatzen badira eta final handiak egiten badira, lehen helburua da urtean zehar egiten diren 1.200 ekitaldiak sustatzea, eta ez dut uste kontzertu erraldoiena hori denik. Oro har, larritasun puntu bat sortzen dit talde handien kontzertu handiak promozionatzean non geratzen diren bestelako talde txiki, zirkuitu alternatibo edo herri mailako kultur mugimendu horiek. Uste dut bertsolaritzak hori zaintzeko egiten duela egiten duena eta herriz herriko bertso ekitaldirik egongo ez balitz, txapelketak ez lukeela zentzurik izango eta ez litzatekeela antolatuko.
Lanartea elkarteak eginiko Euskal Artisten Lan eta Baldintzen I. Inkesta kuantitatiboaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte eta ez dira oso baikorrak. Bat dator bertsolarien egoerarekin?
Beste kultur diziplinen moduan, bertsolaritzan ere denetik egongo da. Bertsolaritzan badago konponente bat, Elkartearen egiturarena: nahiko modu bateratuan antolatzen da bertsolaritzaren maila profesionala eta, bestetik, dauden beharrei elkartetik erantzuten zaie ordezkari paper bat jokatzen duelako.
Bertsolarien plazako jarduna kontsentsuatua da. Horrela, indargune handiagoa dute kultur adierazpide txikiak direnek. Alde horretatik, bertsolaritzak baditu beste diziplinetan baino baldintza hobeak, baina bertsolari batek inoiz ezingo du aberastu eta, gainera, bertsolaritzatik bizitzeko kupoa oso txikia da. Adibidez, alderatzen badugu 90eko hamarkadan plazan zebilen bertsolari kopurua, bertsolaritzatik bizi zen jende kopurua eta gaur egungoa, datuek esaten dute kopuru berdina dela, alegia, bertsolaritzatik bizi ahal ziren bertsolariak lauzpabost zirela 90eko hamarkadan eta gaur egun. Aldatu dena da urtean 5-10 saio egiten dituztenen kopurua hirukoiztu egin dela. Alegia, kobratzen duzunarekin eta egin ditzakezun saio kopuruarekin zure sabaia bat da eta hortik gora ezingo zara joan.
Beste arlo batzuetan (egile eskubideak, fiskalitatea…), konpartitzen dugu Lanarteak egin duen azterketan azaleratu den artista profesionalaren egoera; arazo berdinak ditugu.
Elkarteak baditu sortzaileen baldintzak hobetzeko zenbait programa, esaterako, Babes Kutxa.
Kultur sortzaile batek gizarte osoarentzat egiten du lan, denoi egiten digu on eta, aldi berean, egoera prekarioena dute. Beste sektore batzuetan lanean gabiltzanon baldintzak ez dira hainbeste aldatzen egoera puntualen arabera eta, aldiz, sortzaileek gorabehera handiak izaten dituzte: zure sorkuntza lanak eskatzen dituen prestakuntza ordu guztiak ez dira ordainduak eta ez dute babesik. Guk orain martxan jarri dugunak ez du arazoa konponduko, baina ekarpen txiki bat egin dezake. Babes Kutxak ahalbidetuko dio bertsolari bati azken orduko ezintasun batengatik -gaixoaldi batengatik, saioa bertan behera geratu delako…- saio horrengatik kobratuko zukeen parte bat berreskuratzea. Nolabait alderatzeko, nominadunon kasuan gizarte segurantzak betetzen duen funtzioarekin parekatu nahi izan dugu bertsolarien kasuan.
Aurrera begira zeri heldu nahi diozue?
Bertso komunitatean egiteko modu desberdinak daude eta, talde afinak dauden arren, denok konpartitzen dugun Elkarte bera. Nola erantzun egitura bakarretik komunitate osoan konpartitzen diren ideia, lehentasun eta iritzi desberdinei? Horixe erronka.