Oier Etxeberria: "Bigarren edo bosgarren egin berdin zait, garrantzitsuena hor egotea da"
Oier Etxeberria –
Uztarria hedabidean Oier Etxeberriari egindako elkarrizketa.
Oier Etxeberria (Azkoitia, 1997) bertsolariak une gozoa bizi du bertsolaritzari dagokionez; izan ere, orain bi aste Plazatik Gaztetxera txapelketaren finalerako txartela eskuratu zuen. Hori gutxi ez, eta Osinalde Sariketan ere ariko da kantuan, Osinberde kanporaketan bigarren egin baitzuen. Bi finalak hilaren 27an, larunbatez, izango dira, eta horien eta Gipuzkoako Txapelketako sailkapen fasearen atarian, Uztarria.eus-ekin hitz egin du Etxeberriak.
Bi sariketatako finaletarako txartelak eskuratu zenituen duela bi aste. Gustura al zaude?
Bai, oso gustura nago. Iazko moduan, bi txapelketetan kantatzeko aukera izan dudalako nago gustura, batez ere. Eta bietan finalera sailkatzea borobila izan da. Plazatik Gaztetxerako finalaurrekoan –Elgoibarren izan zen– egindako lanarekin Osinberdeko saiokoarekin baino gusturago gelditu nintzen kantatu nuenarekin. Zapatuan ez nintzen hain asebeteta sentitu, baina Osinaldera sailkatuta, gustura nago.
Zertan asmatu zenuen Plazatik Gaztetxerako finalaurrekoan hala sentitzeko?
Bertsotan erraz egin nuen, nahiz eta ezer disdiratsurik ez egin. Ideia oso originalik ez nuen izan, baina erraztasunez aritu nintzen sentipena daukat.
Bertsotarako zer mailarekin egin duzu topo bi sariketetan?
Plazatik Gaztetxera txapelketako lehen kanporaketa, Ondarroakoa, adibidez, ona iruditu zitzaidan, eta irudipena daukat Elgoibarrekoa baino hobea izan zela. Osinberden, berriz, oro har, irristada batzuk izan ziren, baina baleko saioa izan zen. Dena den, neu kantuan ari naizenean oso-oso txarra naiz besteen bertsoak entzuten; besteek kantatzen dutenaren laurdenarekin ere ez naiz gelditzen. Beraz, ikuspuntu objektiborik ez daukat neuk abesten dudan saioei buruz. Hala eta guztiz, bi txapelketetako saioak politak izan direla uste dut.
Iaz bi txapelketetako finalean izan zinen, eta bietan bigarren sailkatu zinen. Aurten arantza kentzeko asmoa al duzu?
Ez asmorik eta ez arantzarik, ez daukat ez bata, ez bestea. Bigarren edo bosgarren egin berdin zait, garrantzitsua hor egotea da; hau da, batean edo bestean kantatzeko aukera izatea eta esperientzia hartzea.
Egotearen garrantzia aipatu duzu. Bertsolari gazteok ez al duzue kanturako aukera handirik?
Halako saioetan abestu behar dugun bertsolarion artean ohiko aipamena izaten da beti negarrez ari garela plazarik ez dugulako. Eta egia da, errealitatea da hori, baina egia da beti horregatik kexatzen ari garela ere. Nik uste dut bertsotan ondo egiten duen jende asko dagoela dagoen saio kopururako. Dena den, pribilegio bat da halako saioetan kantatzeko deitzea.
Osinalde sariketa afal osteko saioa izaten da, mikrofonorik gabe eta mahaiaren bueltan. Plazatik Gaztetxerako saioak, berriz, agertokian egiten dira, mikrofonoarekin. Zer formatu duzu nahiago?
Oso desberdinak dira. Osinalde afalostean egiten da, mikrofonorik gabe aritzen gara kantuan eta egin beharreko lanen hurrenkera ere berezi xamarra da. Plazatik Gaztetxerako saioak, aldiz, afal ondoren egiten dira, baina gaztetxeetan izaten dira saioak eta agertokian abesten dugu. Aurten, txapelketa horretako finalari formatua aldatu diote, eta goizez nahiz arratsaldez abestuko dugu, BECeko finalean bezala [barrez]. Esperimentu moduan antolatu dute, eta berezia izango da.
Bi finalak pasatuta, Gipuzkoako Txapelketako aurreneko fasea hasiko da, eta han ere abestuko duzu. Nola zaude txapelketaren atarian?
Lasai, bertsotan jardun dugu-eta behintzat. Plazatik Gaztetxeran nahiz Osinalden edo bertso eskolan besterik gabe jarduteak ematen du lasaitasun pixka bat. Ari naizen sentipenarekin iritsiko naiz txapelketara. Gainera, eskualdeko bertsolari ugarik parte hartuko dugu lehen fasean, eta geure artean gehiago elkartzeko eta prestatzeko ere balio dute txapelketek.
Bost azpeitiar ariko zarete Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean. Elkartzen al zarete prestatzeko?
Harremana badugu, eta elkartzen gara, baina herrikoak ez diren bertsolariekin ere aritzen gara kantuan. Ez da mundu handia bertsoarena, eta hangoak eta hemengoak elkartzen gara. Dena den, txapelketak azpeitiarrok elkartzeko aitzakia hori eman digu, eta talde polita ari gara osatzen, nahiz eta astero-astero ez garen elkartzen.
Aurreko Gipuzkoako Txapelketan sailkapen fasea igarotzerik ez zenuen lortu. Aurtengoan zer helburu jarri diozu zure buruari?
Gipuzkoako Txapelketaren gauzarik positiboena da edonork har dezakeela parte, baina aldi berean, gauzarik txarrena ere hori da. Helburu gisa txapelketak eskatzen duen horretara iristeko gai izatea jarri dut. Ez dut txapelketako saiora arratsalde pasa joaterik nahi; izan ere, saioetara entzuleak joaten dira eta horiei errespetua zor zaie, baita Bertsozale Elkarteari ere. Beraz, kunplitu egin behar da, eta eskatzen duen maila horretan egotea nahi nuke. Txapelketak eskatzen du aurretik saiakera edo prestatze lan pixka bat egitea, eta izena eman dudanez, maila ematea da nire helburua, eta kasik helburu bakarra.
Txapelketak bertigoa sortzen al du?
Txapelketan edo bertso afarian egin behar duzun ariketa ia bera da, errimak pentsatu behar dituzu eta gaiak ere antzekoak dira. Txapelketak aurrez presio pixka bat sortzen duela, bai, baina ez da hainbesterainokoa.
Sailkapen faseko azken saioan abestuko duzu, eta ordurako jakingo duzu zenbat puntutan dagoen txapelketara sailkatzeko puntuen langa. Abantaila edo desabantaila da hori?
Horren txarrena da gainerako saioetara ere ezin dela lasai joan. Lehenen kantatzen baduzu, hurrengoetara lasai joaten zara; azkena egokitzen bazaizu, baina, saio guztiak ‘hurrena ni naiz’ pentsatzen pasatzen dituzu. Horixe da azkena kantatzeak duen gauzarik txarrena. Bestalde, bertsolari beteranoak eta onak tokatu zaizkit kanporaketan, eta… Egia esan, besteren batzuk tokatu izan balitzaizkit beste aitzakiaren bat topatuko nukeen [barrez].
Lehen fasean bost azpeitiar ariko zarete, eta bigarren fasean txapelketara batuko da Beñat Lizaso ondoren. Txapelketan sei bertsolari azpeitiar aritzeak Azpeitian bertsolaritza indartsu dagoela esan nahi al du?
Galdera potoloa da. Erakusle bat izan daiteke, baina Gipuzkoako Txapelketa lau urtez behin izaten da, eta bertan herriko bospasei bertsolarik parte hartzeak erakusten al du Azpeitia bertsozalea dela? Positiboa da dudarik gabe, gazteak badatozela esan nahi du, baina faktore esanguratsuagoak badaudela uste dut. Lau urtetik behingo gauza bat da, eta herri bat bertsozalea dela esateko urtean zeharreko jarduna eta bertso entzuleen interesa ere hartu behar dira kontuan.
Norekin ari zara txapelketarako prestatzen?
Tokatzen denarekin. Batzuetan, Jon Gurrutxagarekin, Julene Iturberekin, Unai Izagirrerekin… eta gure adin inguruko Erniarraitzeko kideekin. Dena den, ez dugu talde finkorik. Txapelketan parte hartuko ez duten beteranoekin ere noizean behin elkartzen gara, eta horiek laguntzen digute eta gomendioak ematen dizkigute.
Noiz hasi zinen bertsotan?
Etxean bazen zaletasuna edo hitz jokoekiko interesa. Telebistan ikusten genituen txapelketak, eta gero izena eman nuen bertso eskolan. Irakasle desberdinekin ibili ginen urtez urte. Talde handi xamarra hasi ginen, baina futbolean edo pelotan gertatzen den moduan, taldea txikitu egin zen urteak pasatu ahala. Gaur egun Eniarraitzen gaudenok gelditu ginen, gutxi gorabehera.
Zer eman dizu Erniarraitzek?
Gauza positibo asko, baina burukomin eta tripa jate batzuk ere bai. Bertsoa barrutik bizitzeko aukera eman dit. Zuk izan zaitezke bertsozalea, baina zuk bertsotan jardun baldin baduzu, bertsoa barrutik bizi duzu. Bertsoa barrutik bizi dezakezu bertso bat kantatuta, bukaera eta oinak pentsatuta, arrazoiketa eginez… Baina bertsoa barrutik bizitzeak berarekin dakarki saio baten antolakuntza barrutik ezagutzea, bertso saio baten aurretik zer pasatzen den edo rtsoaren atzean zer egosten den ikustea. Finean, bertsoa mundu txiki bat da, eta Erniarraitzek eman dit mundu hori ezagutzeko aukera. Eta horrek berarekin dakar ezagutzen duzun jendea, egiten dituzun bidaiak eta ezagutzen dituzun tokiak.
MOTZEAN
- Bertsolari bat? Aitor Mendiluze.
- Doinu bat? Aita izena.
- Neurri bat? Hamarreko txikia.
- Zeini kantatuko zenioke bertso bat? Edozein ezezaguni.
- Plaza bat? Gabiriko elkartea.
- Bertsotarako lagun bat? Bat aipatzen badut, bestea haserretuko da.