Odei Barroso: ""Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak"
Odei Barroso –
Miren Artetxek ARGIAn.
ODEI BARROSO. ZALANTZAN ZIUR
Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.
2zio taldearekin hiru disko argitaratuak ditu: Pausuz Pausu (2013), Bideak (2015) eta Orain eta hemen (2018). Pausuz pausu, bakarkako bideari ekin dio orain eta hemen. Udaberrirako diskoa kalean izatea da asmoa.
Barakaldon sortua eta urruñarra. Azalpenik merezi du?
Ni Barakaldon sortu nintzen, baina 2 urterekin gurasoak Urruñara joan ziren bizitzera eta urruñarra naiz. Hala sentitu izan naiz beti. Nire aita ez da euskalduna, Extremaduratik dator eta ama euskaldun berria zen. Ni, aldiz, ikastolara eraman ninduten txikitatik. Grazia egiten dit, inork esan izan didalako niretzat rapa euskaraz egitea erraza dela, nire ama hizkuntza delako, eta bai, ama hizkuntza dut, baina ama hizkuntza hautatu bat, erranen nuke. Zeren etxean ez ginen euskaraz ari, oro har. Gehienetan gaztelaniaz ari ginen eta nik euskara ikastolan ikasi dut.
Pentsa, nire lehen rap testua, gaztelaniaz idatzi nuen! Garai batean musika kaseteetan entzuten genuen, eta nik banituen bizpahiru rap kasete. Eta rap kaseteetan, bigarren aldean bukaera aldera, batzuetan base batzuk egoten ziren, entzuleak berak base horren gainean rapea zezan. Nik kasete horietako baten basearen gainean idatzi nuen nire lehen letra. Gaur egun ez nukeen erdaraz egingo, inondik inora, ez dut uste gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz bezain ongi idatz dezakedanik, baina halaxe izan zen, nire lehen testua gaztelania txar batean idatzi nuen.
Nolatan rapa?
Oso goiz heldu zitzaidan, baina ez dakit nola. Jendeak uste du lehendabizi bertsotan hasi nintzela eta gero rapean, baina alderantziz da. Bertsotan 12 bat urterekin hasi nintzen, eta rapa hori baino lehenago deskubritu nuen. Ez dut oroitzen nondik nora heldu zitzaizkidan bizpahiru kasete horiek. Violadores del verso, I am, Lunatic, Mafia K’1 Fry… Halako taldeen lanak iritsi zitzaizkidan eta haiei buelta eta buelta ibili nintzen luzaz. Gerora ezagutu nuen euskarazko rapa, Selektah Kolektiboa taldeari esker, eta hori eztanda bat izan zen. Lehen eta bigarren diskoak irentsi egin nituen. Rap hura hurbilagokoa egin zitzaidan, oso identifikatua sentitu nintzen. Zerbait mugitu zen nire barruan.
Garai hartan Gorka Rodriguez, gure lehengusua, gure etxean bizi izan zen bi urtez, eta hori izan zen bigarren klika. Etxean base bat jarri eta rapeatu egiten genuen, txakur janariaren latekin erritmoak egiten aritzen ginen… Jolasa zen. Eta jolasetik sortu zen 2zio.
Eta rap talde bat sortu zenuten rockaren eta metalaren garaian…
Bai, bai. Basamortua zen. Frantzian lehertzen ari zen rapa, baina nire ingurua ez zen batere rapzalea. Orain gazte horiek inbidia ematen didate, baina aldi berean satelite izate hori ez nuen gaizki bizi. Nire espazio propio bat edukitzea bezala zen: “Hau da nire gauza”.
Gure garaia rock eta metal garaia zen. System of a Down, Rage Against the Machine, Korn, Slipknot… Eta 14 urterekin ukan nuen lehen musika taldea metal talde bat izan zen [irriz]. Nik letrak egin eta kantatu egiten nuen. Baina ez zen kantu-kantua. Oihukatu, errezitatu eta erdi-rapeatu egiten nuen. Ez dut inoiz ahots polita dudanik pentsatu eta ez naiz inoiz erabat ausartu kantatzera. Gero bertsoak derrigortu nau horretara, baina gaur egun ere ez dut nire ahotsa maite. Ohitu naiz, hori bai. Horregatik da rapa niretzat formula bikaina. Zeren eta hitzak molda ditzaket, errimatu ditzaket, eta ez dut bortxaz doinu batekin kantatu behar.
Nire inguruan rapa ni bezala bizi zuen bakarra Jo Olaskoaga zen, MAKeko kidea, 2zioko beatmakerra bilakatu zena eta orain nire bakarkako proiektuan laguntzen nauena. Bera izan zen ni rapean hasteko errudun nagusia. Bera etorri zitzaidan MAKekin egin nuen kolaborazio hura entzun eta gero, erranez baseak egiten zituela, eta zerbait egin behar genuela. Berak eman zizkidan hegalak. Asko zor diot. Segurtamen handia eman dit beti, nire buruan sinetsarazi dit. Horixe zen falta nuen elementua rapean hasteko.
“Iruditzen zait oro har ez dela aski apusturik egiten Hegoaldean Iparraldeko musika ezagutzeko eta hauspotzeko”
Ba al dago Euskal Herrian rap eszenarik?
Ez, ez dago. Guk askotan jo dugu 4-5 rock edo punk talderen artean. Eta ez da gure lekua. Plazak hustu ere egin izan zaizkigu. Igo, jo, jaitsi, eta jendea itzuli. Uste dut rapari eta elektronikari, oro har, ez zaiola lekurik egin Euskal Herrian. Euskal Rock Erradikala-k, mesede egin dion bezala gure herriari, musika aldetik kalte egitera ere iritsi dela uste dut. Euskal musika musika mota horrekin lotu dugula ezinbestean, eta hortik ateratzen zena ez zen euskal musika. Paradoxa galanta da, zeren eta Rock Radical Vasco mugimenduko musika ia guztia gaztelaniaz egiten zen…
Raparen booma Frantzian 90eko hamarkadan gertatu zen, 2010. urterako trap pilo bat egiten zen, eta Euskal Herrira orain ari da iristen. Baina trapak berak 20 urte baino gehiago ditu!
Hasieran frustrazioz bizi nuen hau guztia: “Hain gaizki ari gara?”. Gure musika ez da inoiz izan publiko handi batek kontsumitu duena. Ez du inoiz hartu. Orain erabat onartua dut gurea ez dela arrakasta istorio bat izango. Baina jarraituko dut berdin-berdin. Noski, pozten naiz abesti edo bideo-klip batek arrakasta duenean, baina ez dut nire lana Youtubeko bisiten arabera moldatuko. Nire bakarkako proiektua horixe da. Nire desioen arabera, erabaki guztiak nik hartuz sortu dudan proiektua da ODEI.
Zein da bakarkako proiektu honen zioa?
Ezagutzen ez nauenak pentsa dezake ausarta naizela, jendaurreak ez didala beldurrik ematen, ez daukadala lotsarik… eta aurkakoa da. Sekulako lotsak gainditu behar izan ditut, eta asko ditut oraindik. Nire testuetan ageri da. Baina jendaurrekotasunari aurre egin behar izan diot, 2zion kantatzeko eta bertsotan aritzeko. Gaur arte ez bada ODEI proiektua sortu, beldur horiengatik ere bazen.
Urte asko pasa ditut zuzena izan nahian denekin, politikoki zuzena izaten… Eta bi gauzez ohartu naiz: lehenik, ezinezkoa dela, eta bigarrenik, ez dudala nahi. Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak. Eta gaur da eguna non ODEI egin dezakedan aldarrikatuz ez dudala inoren onarpenik espero. Egiazki inporta dutenak nire bizian hor daude eta hor egon dira beti. Denborak aitzina egin ahala joaten zaizu inporta zaizun jendea, galtzen dituzu maite dituzun pertsonak, eta ohartzen zara zenbat aldiz ibili zaren ezagutzen ez duzun jendearen arabera, zaintzen zaituena zaindu gabe. Beraz, ez zaizu nire musika gustatzen? Arazorik ez, entzun beste zerbait!
Nola uztartzen dituzu rapa eta bertsoa?
Bertsolaria bezain raperoa naiz, baina ez dakit erabat uztartzen ditudan… Rap munduan bertsolari gisa etiketatua izan naiz maiz. “Raperoak dira hau eta hau eta hau, eta Odei bertsolaria da, baina rapa ere egiten du.” Eta dozena bat urte daramatzat rapean!
Bertso munduan, berriz, rapean aritzea bitxikeria gisa ikusten da, onenera. Ni joan izan naiz saio batera eta 60 bat urteko gizon batek esan saioaren ondoren: “Oso saio ederra, baina rapa ta gauza horiek utz itzak, motel”. Batzuentzat badirudi bertsolari ona izan behar baduzu bertsolari soilik izan behar duzula. Baina ni ez naiz inoiz bertsolari puru eta kanoniko horrekiko identifikatu.
Hasieran frustrazioz bizi nuen hori. Rapean bezala, besteen onarpena behar nuen. Osinalde sarian, esaterako, ni ez nintzen publikoak eskatzen zuen hori, baina nik zortziko txikian jendeak barre egin zezan nahi nuen, eta zeharo trakets aritzen nintzen… Hura ez zen nire umorea! Eta, noski, beti ikusi izan naute bertsolari serio eta sakon baten gisan. Umorea ere badut, baina ez daukat bertsolari umoretsuaren etiketa. Eta horrek asko baldintzatzen zaitu, oso gaztetatik. Bertsoa bertsolariaren arabera entzuten da. Ezer esan gabe asko esan dugu mikro aitzinean jartzen garenerako. Bertso bera ez da berdina denen ahotan. Eta batzuetan jendeak nitaz zuen irudia eta nik nire buruaz nuena ez zetozen bat. Denei pasako zaigu hori, eta emakume bertsolarien kasuan zer esanik ez.
“Orain erabat onartua dut gurea ez dela arrakasta istorio bat izango. Baina jarraituko dut berdin-berdin”
Emakume bertsolariak aipatu dituzunez, esan behar dut zu izan zarela bertsolari gizonezko gutxietako bat Kontrako Eztarritik liburuagatik goresmenak ematen entzun dudana…
Ez dakit pozten naizen… Feminismoa hurbileko sentitzen dut. Eta nire gizonezko pribilegiotik, eta beste posizio batetik, argiki, aipatzen diren azpiratze mekanismo asko identifikatu ditut nire bizipenetan ere. Eta emakumezko bertsolari askori irakurritako kezkekin identifikatua sentitu naiz maiz. Zer pentsatu handia eman dit haiek entzuteak.
Eta Kontrako Eztarritik liburuaz, zer esan… Hor pertsona batzuk daude haien bizipenak kontatzen. Eta pertsona horiek horrela bizi izan dute bizi izan dutena. Ulertu horrela bizi izan dutela eta kito. Gainera ez dira bertsolari bat edo bi. Piloa dira. Eta horren aurrean gizonezkook isildu eta entzun besterik ezin dugu egin. Kezkatzen nau horren inguruan egiten den kritika oso interes pertsonaletatik izateak. Askok plazak galtzeko edo egoera aldatzeko beldurretik hitz egiten dutela pentsatzera iritsi naiz, eta beldurretik ez dira irakurketa objektiboak eta kritika eraikitzaileak ateratzen.
Niri amorrua ematen didana da, hain zuzen, ez direla haiek plazak galduko dituztenak. Izatekotan, ziur aski, beste gizon batzuk izango direla emakumeengatik “ordezkagarriak”. Tartean zu, beharbada…
Ulertzen dut zer esan nahi duzun, eta erranen nuke neurri batean egia dela. Baina komeni da zooma atzera egitea. Bertsolaritza aldaketa fase batean dago, bereziki emakumeek egin duten lanagatik. Lana ez du elkarteak, edo kanpoko eragileren batek egin. Beraiek egin dute. Makina aldarazten ari dira haien izerdiz. Eta hau are gehiago baloratuko dugula uste dut hemendik urte batzuetara. Lan izugarria dago egiteko oraindik, eta hamaika komentario eta ekintza lekuz-kanpoko ikus eta entzun daitezke. Baina inplikatutako emakumeen etengabeko borrokari esker ari dira gauzak aldatzen. “Hau gurea da”, esan dute, eta hartu dute. Eta orain bertso-eremuari dagokio leku hori bermatzea, dagokien lekua defendatzen energiarik xahutu ez dezaten.
Nik ez dakit neurtzen horrek niri zenbat eragin didan. Lehen 70 plaza nituen eta orain hamar dauzkat, bai, baina faktore asko daude hor. Esan nezake zuk plazak kendu dizkidazula, esaterako. Eta pentsa dezaket ez dela bidezkoa, leku hori nirea zelako. Baina bi urrats atzera eman eta plazako argazkia ikusten badut, uler dezaket fenomeno asko daudela elkarrekintzan hori horrela izan dadin.
Egia da batzuetan zaila dela plazen gorabeherak asumitzea. Nik gaur egun oso oso plaza gutxi ditut. Baina ez dut gaizki bizi. Egia da batzuetan horrek pentsarazi didala beharbada ez dudala gauza handirik eskaintzeko. Aitortzen dut horrek ziurgabetasun handia sentiarazi didala. Badakit ez dela erabat horrela, baina oso zaila zait sentipen horri aurre egitea batzuetan. Nire ikuspuntuaren balioan sinestea.
Baina gauzak zer diren, okerrago bizi izan nuen bat-batean ia plazarik ez izatetik plaza pila bat ukatera pasatzea. 2010eko eta 2012ko Xilabako buruz burukoak aitzin hamar plaza egiten nituen. Eta hori eta gero 70 nituen. Eta bertsolari bera nintzen. Inpostore sindrome ikaragarria nuen. Plazen erditatik negarrez itzultzen nintzen pentsatuz ze txarra nintzen, ez nuela merezi… Itzala erosoagoa da argia baino, askotan.
Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketan aritu zara aurten ere, eta esan dezagun: gutxigatik gelditu zinen buruz burukotik kanpo.
Xilaba honetara aurkeztu naiz izena emana nuelako. Ia-ia publikoan esan ere egin dut, nire azken txapelketa zela. Baina atzera egin dut, behin txapelketa hasita pentsatu dudalako: “Niri hau gustatzen zait”. Hau ere bai. Eta zergatik utziko dut hainbeste gustatzen bazait? Ez zen larria izango niretzat aurten finalera ez sartzea, edo ez Euskal Herrikora sartzea. Uste dut ez dagoela urrun nire azken txapelketa, baina maite dut plaza, eta kantuan segitu nahi dut.
Hemen hangoa eta han hemengoa
Haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan, nire lekuaren bila ibili nintzen. Frantsesentzat espainola izanen naiz beti, eta espainolentzat frantsesa. Eta lehen Hegoaldekoentzat Iparraldekoa nintzen eta Iparraldekoentzat Hegoaldekoa. Baina hori aldatu egin da. Hemengoentzat hemengoa naiz orain. Baina txikitan konplexu handia nuen. Aitak euskaraz ez jakiteak lotsa ematen zidan, bertso munduan, adibidez. Pilotan eta futbolean ere, gurasoek frantsesez ez jakiteak lotsatzen ninduen. Denborarekin joan zait, baina urte asko pasa ditut euskalduna eta hemengoa naizela frogatu nahian. Kosta zait nire lekua atzematea eta kanpo-onarpen horren beharrik ez izatea”.
Rapa euskaraz
“Rapa euskaraz egiten duzue? Zergatik?” Askotan haserretu izan nau galdera horrek. Rapa euskaraz egitea ez da meritu bat. Rapa euskaraz da rapa euskaraz. Rock talde bati ez diogu dagoeneko horrelakorik galdetzen. Zergatik euskaraz? Ba munduko gauzarik logikoena delako nik rapa euskaraz egitea. Iritsi nintzen galdetzera kazetariei ea zergatik egiten ote zidaten galdera. Ea pentsatzen ote zuten euskara ez zela aski raperako, edo ba ote zuen euskarak nik ezagutzen ez nuen ezaugarriren bat rapa euskaraz egitea harrigarri egiten zuena”.
Ipar Euskal Herriko musika sorkuntza
“Iruditzen zait oro har ez dela aski apusturik egiten Hegoaldean Iparraldeko musika ezagutzeko eta hauspotzeko. Azken hamabost urteetan foko gutxi jarri da hemen, ikusirik zeinen eskaintza originala eta aberats dugun. Orbel, Habia, Lumi, Paxkal Irigoyen, Ztah, Diabolo Kiwi, Kuartz, Torheit… Horrelako taldeak beste nonbait atzematea zaila da. Eta jakinik 70.000 euskal hiztun dauden eremu batean halako proposamenak egiten direla, arreta hain gutxi jartzea kezkagarria zait. Orain Iruñerrian dugu begirada, Ibil Bedi, Chill Mafia, Tatxers… Eta uste dut beharrezkoa dela eta ongi iruditzen zait, baina ez dut ulertzen nola hemengoarekin ere ez den egin. Ez dut ulertzen nola ez diren ausartagoak Euskal Herriko musika produktore, ekoizle eta managementetxeak. Nola proposamen oso antzekoak programatzen diren urtez urte… Uste dut programatzaileek ardura bat dutela, publikoa heztekoa, entzuleari aukera ematekoa gustu estetiko berriak garatzeko. Alta, txosnetan musika berdina entzun dugu urtez urte, festibal handietan beti antzeko izenak ageri dira afitxan… Iraultza nahi duen herri batentzako kontraesankorra iruditzen zait”.
ODEI proiektuan lanean
“Bereziki soinuan egiten ari gara lan handia. Sorkuntza eginda dago orain dela hilabete batzuetatik. Baina soinuan ari gara lanean orain, mimo handiz. Lan handia eta luzea da, baina ez dut ezer besteren esku utzi nahi. Eta asko ikasten ari naiz bidean. Hemengo soinuan dabiltzan batzuk, Artehola-koek, elkarte bat sortu dute haien Parisko lagun handi batekin. NTM, Kanye West eta halakoekin lan egin izan duen pertsona bat da. Beste unibertso batekoa da, eta nire proiektua gustatu zaio. Poza ematen dit euskaraz ez dakien norbaitek halako apustua egin nahi izateak. Hizkuntza ez dakienak belarria beste nonbait jartzen du, eta maite badu hitzez gaindi ere zerbait dagoen seinale da”.